Gasteizko alkategaiak “behin betiko eta epe luzerako” irtenbide bat proposatu du, hiriko puntu horretan trafikoaren arintasuna hobetzeko eta pertsonen segurtasuna indartzeko. “Talde honek mugikortasunaren behin betiko irtenbidearen sustatzaile izan nahi du Gasteizko puntu estrategiko honetan”, adierazi du
“Azterketa sakon baten, bilera askoren eta sektore guztiei entzun ondoren, bereziki auzo-elkarteei, Araba Buru Batzarreko presidenteak duela ia urtebete egin zuen proposamenarekiko nire konpromisoa adierazi nahi dut. Nirea egiten dut. Hiriaren ekialdea eta mendebaldea hegoaldetik lotuko dituen errepide berri bat eraikitzeko konpromisoa hartzen dut”.
Beatriz Artolazabal Eusko Alderdi Jeltzalearen Gasteizko alkategaiak bide berri bat eraikitzea proposatu du gaur goizean. Armentian dauden tunelak aprobetxatuz, hiria itxiko du, ekialdea eta Gasteizko mendebaldea lotuz. Hegoaldeko trafikoa arintzen eta pertsonen segurtasuna hobetzen lagunduko duen errepidea izango da.
“Egia da egungo Udal Gobernu taldeak hainbat neurri hartu dituela inguru horretako trafikoa arintzeko. Beharrezkoak ziren neurriak, eta positiboak izan dira. Funtzionatu dute. Baina Goikolarra auzoaz ari gara, datozen urteetan populazioa hazten jarraituko duen eremuaz. Pertsona horiek trafikoa eta segurtasuna arinduko dituen behin betiko konponbidea behar dute. Pertsonentzako segurtasuna bilatuz”.
Artolazabalek gogorarazi du toki horretatik egunean 16.000 ibilgailu igarotzen direla noranzko bakoitzetik, eta hortik trafiko hori ateratzeko beharra azpimarratu du. “Ausartak izan behar dugu, argi luzeak jarri eta behin betiko eta epe luzerako irtenbide bat aurkitu”.
Bide berriak, zehaztu duen bezala, Armentiako tunelen azpiegitura aprobetxatuko du, gainazalean aterako da Lasartetik eta A-2124 errepidearekin lotuko da Gardelegi herriko sarreraren parean. Bide horren noranzko bereko bi erreiak baliatuko dira Iturritxu kaleko bidegurutzeraino. Puntu horretan, hautagaiak tunel berri bat proposatu du, Izarbenta kalean amaituko dena, Esmaltaciones biribilgunea igarota.
Artolazabalen esanetan, proposamen horri esker 10.000 ibilgailu inguru aterako dira eremu horretatik, egunero hegoaldea ekialdetik mendebaldera zeharkatzen dutenak; ibilgailu horiek jatorria eta helmuga eremu horretatik kanpo dute eta bertatik igarotzen dira. “Ibilgailuak kentzea, kutsadura eta zarata murriztea da. Biztanleriaren osasuna hobetzea da. Gaur planteatzen dugun proposamenak abantaila handiak ditu zirkulaziorako. Baina, batez ere, hiriaren alde honetan bizi diren pertsonentzat: alternatiba osasuntsuagoak, garbiagoak eta berdeagoak emango dizkiegulako. Proiektu honek batez ere bizilagunei onurak ekartzea bilatzen du, haien ongizatea bilatzen du”, azpimarratu du.
Azpiegitura horri esker, orain arte ibilgailuek okupatutako espazio bat berreskuratu ahal izango da pertsonentzat. Orain errepide bat duten lekuan kale bat izan dezakete.“Konponbideak eskaintzen ditugu. Bizilagunei entzuten diegu, eta beste alderdi batzuk etengabeko kritikan geratzen dira. Kritikan bertan daude. Baina ez dute erantzunik ematen. Edozein proiekturi ezetz esatea besterik ez”, amaitu du.
Prentsa agerraldian Araba Buru Batzarreko presidenteak ere hartu du hitza. José Antonio Susok nabarmendu duenez, hautagai jeltzaleak egindako proposamena “Eusko Alderdi Jeltzalearen kudeaketa-eredua” nolakoa den oso ondo erakusten du, herritarren arazoak konpontzeko “eredu arduratsua eta irmoa”. Susok dei egin die gasteiztarrei datorren maiatzaren 28an hautestontzietara joateko eta boto-paper berdea uzteko, “aurrerapena edo iraultza” jokoan dugulako. “Hamabi egun barru beste hitzordu bat izango da hautestontziekin. Orduan, herritarrek konponbideen Alderdiaren edo pankartaren alderdiaren artean aukeratu beharko dute. Daukaguna defendatzen duen Alderdia edo dena hankaz gora jarri nahi duen alderdia. Datorren maiatzaren 28an, gure aurkaririk txarrena izango dugu aurrean, abstentzioa”, adierazi du.