Aburtok kalitatezko turismoa, inbertsioak eta nazioarteko ekitaldiak erakartzearen aldeko apustuari eutsi dio bilbon ekonomia berria eta enplegua sortzeko

Inbertsioa eta talentua erakartzea, kalitateko turismoa indartzea eta nazioarteko ekitaldi garrantzitsuak antolatzea dira, Juan Mari Aburtok gaur Bilbon ekonomia berria eta enplegua sortzeko iragarri dituen hiru ardatz nagusiak

Aburtok kalitatezko turismoa, inbertsioak eta nazioarteko ekitaldiak erakartzearen aldeko apustuari eutsi dio bilbon ekonomia berria eta enplegua sortzeko 22Maiatzak
2019
2019 MaiatzaK 22 |
Bilbo

PARTEKATU

Juan Mari Aburto EAJ-PNVren Bilboko Alkatetzarako berrautatzeko hautagaiak gaur iragarri duenez, agintaldi berrirako helburu nagusia enplegua sortzea da, kalitatekoa eta egonkorra, sektore estrategiko eta lehiakorretan jarduera ekonomiko berria sustatzeko oinarriak finkatuz eta bilbotarrei aukera horietaz baliatzeko modua erraztuz.

Horretarako, legealdi berrian sakondu beharreko hiru ardatz nagusi aurkeztu ditu: Bilbo inbertsioen eta talentuaren trakzio-gune bihurtzea, turismoa indartzea, “izan ere, sektore hau geure artean guztiz errotu da azken urteotan”, eta Bilbo nazioarteko ekintzen hiriburu bihurtzea, gero eta nazioarteko ekintza gehiago erakarriz eta gero eta inpaktu ekonomiko handiagoa sortuz.

Hiru ardatz horiei enplegu planak gehitu dizkie, gazteentzat eta enplegua lortzeko zailtasun gehien duten pertsonentzat. “Bilbo aktiboa nahi dugu –adierazi du–, kalitateko merkataritza eta enpresak dituen hiri modernoa, eta Bilbo honetan, pertsonak eta pertsonen ongizatea jarri nahi ditugu beti gure ekintzabideen erdigunean”.

Enplegua gehitzea

Aburtoren hitzetan, Bilbo egoera ekonomiko onean dago, hazkunde iraunkor eta orekatuko garaian, eta Industriarako Zerbitzu Aurreratuetan espezializatu da –gure ekonomiaren % 23 da jadanik–, kalitatezko helmuga turistiko bezala indartzeaz gain, sektore honek ekonomiaren % 6 suposatzen duelarik. “Horri esker, nabarmen hobetu dira enpleguari buruzko datuak, eta egun duela lau urte baino 9.181 langabe gutxiago dauzkagu, 17.300 pertsona afiliatu gehiago eta 3.730 jarduera ekonomiko gehiago; hala ere, gu ez gara konformatzen. Bide luzea dugu oraindik jorratzeko”.

Hiru ardatz

Maila altuko enplegua zein ikerketa eta teknika arloko talentua sor dezaketen inbertsio produktiboak erakartzeko, Aburtok aurreratu du lan proaktiboa egingo dela, bereziki Invest in Bilbao Bizkaia estrategiaren bitartez.

Turismoaren kasuan, Bilbo balio erantsi handiko nitxoetan (turismo kulturala, turismo gastronomikoa, konbentzioen turismoa,…) espezializatutako helmuga turistiko erakargarritzat eraikitzen eta sustatzen jarraitzearen aldeko apustuari eutsi dio, hiriarentzat ahalik eta iraunkortasun eta orekarik handiena bermatuz. Beste hainbat neurriren artean, Bilbao-Bizkaia marka eta aliantza indartzea proposatu du Bilboren nazioarteko sustapenerako; online tresnak eta teknologia berriak indartzea bisitatzen gaituztenen esperientzia hobetzeko; merkatu berrietara iristea eta Udalaren eginkizuna indartzea, Bilbora jarduera korporatibo berriak erakartzeko eta horiei buruzko aholkularitza eta laguntza emateko.

Nazioarteko ekitaldiak modu iraunkorrean erakartzea da hautagai jeltzaleak iragarritako hirugarren helburu nagusia, betiere kultura eta aisia arloko jarduera sortu, ezagutza erakarri eta hirian aberastasuna eta enplegua sortzeko helburuari jarraiki. “Bilbo nazioarteko ekitaldien hiriburu bihurtu nahi dugu”, esan du.

Horretarako, kultura, kirola, enpresa, ekonomia, gizarte-garapena eta teknologia ardatz dituzten nazioarteko ekitaldien estrategia diseinatuko da, “Bilbora erakarri nahi ditugun ekitaldien lehentasunezko tipologia zehazteko”.

Estrategia hau modu kolaboratiboan diseinatuko da, azken urteotako nazioarteko ekitaldiek ekonomiaren, gizartearen nahiz ingurumenaren ikuspegitik izan duten inpaktuari buruzko azterketa abiapuntutzat hartuta. Ildo horretan gogoratu du “2018an bakarrik, 100 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan genuen”. Horrekin batera, zientzia eta ikerketa esparruko ekitaldiak Bilbon antolatzea sustatuko da, inpaktu ekonomikoarekin batera Bilbo-Bizkaia-Euskadiri maila altuko ezagutza ekar diezaioten.

Interesatu Zaitez