Rementeria eta Boiseko alkatea bat datoz enpresa proiektu komunetan aurrera egiteko bideari ekiteko premiari dagokionez

Jaialdiaren markoan, David H. Bieter alkateak harrera egin dio ahaldun nagusiari; ingeniaritza teknologikoan lider den enpresa batean berrikuntza eredu arrakastatsuak ezagutzeko Micron Technology bisitatzen ari da ahalduna.

Unai Rementeria eta Dave Bieter alkatea 30Uztailak
2015
2015 UztailaK 30 |
Bizkaia

PARTEKATU

Boiseko alkatea, David H. Bieter demokrata, eta Unai Rementeria bat datoz enpresa proiektu komunetan aurrera egiteko bideari ekiteko premiari dagokionez, Idahoko hiriburuan ospatzen den Jaialdiaren markoan ahaldun nagusia eta Urkullu lehendakaria egiten ari diren bisitan. Bieter luze mintzatu da euskaraz bi buruzagi jeltzaleekin, euskal jatorria duela gogoratu du, aititek, artzaina zenak, eta amamak Euskaditik Idahora etorkizun hobearen bila egindako bide luzea gogoan hartuz; Boise Estatu Batuetako euskal hiriburua izanik, bertako alkate izatea berarentzat egunero ohore handia dela ere aipatu du, eta lehendakariari eta ahaldun nagusiari harrera egiteagatik are zoriontsuago sentitzen dela gaineratu du. Horrez gain, Boiseko euskal jaialdiak aukera bikaina eskaintzen duela nabarmendu du, kultura eta sentimenduei dagokienez balio handiko topaketa delako euskal diasporarentzat, eta bestelako gaietan sakontzeko abagunea ere ematen duelako, esaterako negozioetan. "Enpresak elkartu, hitz egin eta bideari ekiteko aukera bat da, enpresa proiektu komunak gauzatzea lortzeko" azaldu du alkateak; hurrengo Jaialdian, bost urte barru, egun hauetan bideari ekingo dioten proiektu finkoei buruz ohorez hitz egiteko desioa azaldu du. Lankidetzarako gonbidapen hori goraipatu du Rementeriak, eta aldundiaren helburua Bizkaia mundura zabaltzea dela gogorarazi du (Estatu Batuetara egindako bidaiaren lehenengo topaketan lanerako esparru bat ireki zuen Maryland estatuarekin), eta Lurralde Historikoa inbertsioak egiteko leku apropos gisa aurkeztu du. 

Bizkaiko Foru Aldundiaren web gunean adierazi dutenez, Bizkaiaren aukera mundua dela tinko defendatu du Rementeriak Bieterren aurrean. "It’s the time for Biscay. I’m sure" adierazi dio ingelesez Boiseko alkateari, "aukera handiko beste leku batzuekin batera lan egiten duen Bizkaiaren garaia da, Idaho edo Boise bezalako lekuekin batera. Helburuak, ezagutza, esfortzua eta erronka komunak partekatzen ditugu."  Ahaldun nagusiak ezagutzan, berrikuntzan eta talentuan oinarritzen den Bizkaiko ekonomia deskribatu du Bieterren aurrean, eta Bay of Biscay  Europara sartzeko ate paregabea dela aldarrikatu du. "Berrikuntza da gure apustua. Administrazio publikoaren eta ekimen pribatuaren arteko erabateko lankidetzarekin. Prestakuntzak talentua sorrarazten du. Talentuak, berriz, berrikuntza. Eta berrikuntzak balio erantsia ematen dizu, eta lehiakor bihurtzen zaitu. Enpresa mailan zein herri mailan.

12.000 ikertzaile inguru ditugu gure herrialdean, erdiak enpresa teknologikoetan ari dira lanean" azaldu du ahaldun nagusiak.

Azken 15-20 urteetan Bizkaiak izandako bilakaera egiaztatu ahal izan du Bieterrek, eta Washingtonen 2016ko ekaina amaieran ospatuko den Folkife Festival jaialdian gonbidatutako kultura euskal kultura izan dadin ahaldun nagusiak eta Smithsonian Fundazioak astelehenean lortutako akordioaren gaineko interesa ere agertu du.   "Zein ederra!" adierazi dio Boiseko alkateak Rementeriari; ahaldun nagusiak, berriz, lankidetzarako eskaera egin dio, proiektuan Idaho eta Boiseko euskal diaspora osoa inplika dadin. 

Bieterrekin elkartu ondoren, eta Idahoko gobernadore Buch Otter errepublikanoaren harrera jaso eta gero, Rementeriak enpresa hazkunde eta berrikuntzako eredu arrakastatsu baten berri jaso du Boisen, hain zuzen ere ingeniaritza teknologikoan lider den Micron Technology erdieroaleen ekoizlea bisitatu baitu.

 Euskal ordezkaritza baten multinazional estatubatuar horretara egindako lehenengo bisitan ahaldun nagusiak zuzen-zuzenean ezagutu du ingeniaritza teknologikoari aplikatuta eta merkatuan arrakasta handia izan duen berrikuntza eredua; horri esker, Micron Technology munduko erdieroaleen hogei saltzaile nagusien artean dago. Enpresak 30.000 langile ditu munduan (egoitzak ditu Alemanian, Txinan, Indian, Japonian, Korean, Malaysian, Singapurren, Taiwanen, Finlandian, Frantzian, Italian, Suitzan eta Britainia Handian) eta 17.000 milioi dolar estatubatuarreko balioa duela kalkulatu da. Gure lurraldean kokatutako garapen teknologikoko enpresetan ere aplika daiteke enpresa esperientzia hori, eta nazioartean hedatzeko eredu izan daiteke, Bizkaiko enpresa txiki eta handiak hazteko lagungarria izan daitekeelako. 

Micron Technology enpresaren egoitza bisitatu ondoren, Bizkaiaren etorkizunerako teknologiak eta horri lotutako gaiek duten garrantzia nabarmendu du Rementeriak, esaterako software libreak. Izan ere, GAIA Euskal Herriko Elektronika, Informatika eta Telekomunikazioen Klusterrak berriki aditzera eman duenez Euskadin sektore horren fakturazioa 2.786 milioi eurokoa izatera iritsi da 2014an; horrek esan nahi du % 2,4 hazi dela, eta hazkunde joera horri jarraiki aurtengo fakturazioa 2.938,30 milioi eurotan kokatuko dela. Horrez gain, GAIAk nabarmendu du 2014an TEICekin lotutako enpresek 10.564 pertsonari ematen ziela lana, eta aurten kopuru horrek gora egingo duela, 11.026 langilera arte.

Interesatu Zaitez