Imanol Pradalesek azpimarratu du EIBrekin lankidetzan aritzeko aukera dagoela "etxebizitza-politika publikoa indartzeko eta sektore industrial, zientifiko eta teknologiko estrategikoetan enpresa bultzatzaileak errotzea, haztea eta dibertsifikatzea sustatuko duten finantza-mekanismo berriak diseinatzeko"
Imanol Pradales Lehendakaria Nadia Calviño Europako Inbertsio Bankuko presidentearekin bildu da astearte honetan, erakundeak Luxenburgon duen egoitzan.
Lehendakariak bilera honekin hasi du bidaia ofiziala Europar Batasuneko erakundeetara. Euskadik Europako politikak diseinatzen diren foroetan duen presentzia eta zeregina indartzea izan da bileraren helburua.
Bileraren ondoren, Imanol Pradalesek, trantsizio sozialaren esparruan, etxebizitza-politika publikoa indartzeko finantza-baliabide berriak ezartzearen garrantzia azpimarratu du. “Lankidetza publiko-pribatuko tresnak sortzeko aukera dago. Zeregin horretan EIBk funtsezko zeregina izan dezake etxebizitza-parke publikoa handitzeko eta gazteen premiei erantzungo dien eskaintza sustatzeko, bai eta Euskadin etxebizitza eskuratzeak dakartzan erronkei erantzuteko ere. Etxebizitza kohesio sozialaren zutabea da, eta, EIBrekin lankidetzan arituz, erantzun berritzaile eta eraginkorrak eman diezazkiokegu erronka horri", ziurtatu du.
Industriaren eta ekonomiaren arloan, Lehendakariak Finantzen Euskal Institutuarekiko lankidetzan jarri du arreta, "enpresa bultzatzaileak industria, zientzia eta teknologia sektore estrategikoetan errotzea, haztea eta dibertsifikatzea sustatuko duten finantza-mekanismo berriak diseinatzeko. Planteamendu hori bat dator Draghi eta Letta txostenen orientazioekin, berrikuntzan gehiago inbertitzearen alde egiten baitute, eraldaketarako eta garapen ekonomikorako motor gisa". Horrela, Lehendakariak Luxenburgon azpimarratu du beharrezkoa dela EAEko industria- eta zientzia-sarea Europako etorkizuneko dinamikekin bat egiten duten tresnekin indartzea, eta nabarmendu du "ezinbestekoa dela Euskadi lehiakortasunean eta jasangarritasunean erreferente izateko aukera emango duten proiektuak bultzatzea", amaitu du.
Nadia Calviñorekin izandako bileran, Lehendakariak EIBren proiektu berriekiko interesa adierazi du, besteak beste, honakoetan: inbertsio teknologiko estrategikoetan oinarrituta dagoen Lehiakortasunerako Europako Funtsa hazten ari diren "startup" delakoak Laguntzeko Funtsa, eta Erresilientzia Autonomikorako Funtsa (zeina etxebizitza sozialean, garraioan, trantsizio energetikoan eta industria-lehiakortasunean inbertsio jasangarriak egitera bideratuta baitago). Ildo horretan, Lehendakariak adierazi du Lehiakortasunerako Europako Funtsaren tresnek enpresa txiki eta ertainentzat ere irisgarriak izan behar dutela, haien eraginkortasuna eta kapilaritatea bermatuko duten formulak aintzat hartuta.
Luxenburgoko bileraren ondoren, Lehendakariaren agendak Euskadik Bruselan duen Ordezkaritzan jarraituko du astearte honetan. Bertan, Belgikako euskal komunitatearekin bilduko da, Euskadi kanpoan ordezkatzen dutenekiko harremanak indartzeko ekitaldi batean.
Lehendakariak Europar Batasuneko erakundeetara egiten duen lehenengo bidaia instituzionalaren helburua da Euskadi funtsezko eragile gisa kokatzea Europako industria-berpizkundean eta lurralde-kohesioan. Euskadik berrindartze industrialean duen papera defendatzeaz gain, Pradales lanean ari da Makroeskualde Atlantikoaren sorrera bultzatzeko eta Europar Batasunean euskararen onarpen ofizialean aurrera egiteko.
Iturria: Irekia