EBBren Adierazpena A-25ean, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren kariaz

EBBren Adierazpena A-25ean, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren kariaz 25Azaroak
AzaroaK 25 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Gaur, azaroak 25, Nazio Batuen Batzar Nagusiak "Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna" izendatu zuen egunean, EAJ-PNVk lerro hauen bidez berretsi nahi du indarkeria matxisten aurkako borroka gizarte osoaren konpromisoa behar duen kausa kolektiboa dela. Emakumeen aurkako indarkeria, bere dimentsio eta adierazpen guztietan, ez da gertakari isolatua, ezta intimoa edo pribatua ere. Herri gisa heldu behar diogu gai honi, segurtasun publikoko arazo nagusia den aldetik. Arazoa guztioi dagokigu eta gutako bakoitzaren erantzukizuna da, guztiok garelako konponbidea emateko eragile.

Indarkeria matxistak desagerrarazteko, ezinbestekoak dira erantzun integralak, politika eraldatzaileak eta ausardia, batez ere gazteriari, hezkidetzari eta sare sozialen eraginari dagokienez. Borroka honek guztion ahalegina eskatzen du, emakumeena, eta oso bereziki gizonena. Denok izan gaitezke aldaketarako eragile, norbanako bakoitza, eta hala izan behar dugu, indarkeria matxistei aurre eginez horiek betikotzeko arriskua eman daitekeen espazio guztietan, fisikoetan zein birtualetan.

Euskadin, azken hamarkadetan, urrats erabakigarri eta argiak eman ditugu gizartearen egituretan oraindik sustraiak dituen emakumeen kontrako indarkeria gaitzesteko. Aldaketa kolektibo eta sozial honek, oraindik nahikoa ez bada ere, gugandik eskatzen du ematen diren indarkeria matxistak identifikatzea eta biktimak auzitan ez jartzea. Zentzu horretan, EAJ-PNVk aitortzen du mugimendu feministaren borroka nekaezinik gabe, indarkeria matxistatik bizirik atera diren emakumeen kemen eta adorerik gabe edo gizarte-, komunitate-, lan-, kultura- eta kirol-eremuko ahalegin kolektiborik gabe, aurrerabide hori ezin izango zela sekula eman. Erakundeen lana ere erabakigarria izan da, agenda politikoan gaitz hori desagerrarazteko lana lehenetsiz. Horren adibide da "Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako 1/2023 Legea" onartu izana, bai eta berdintasuna adin txikietatik sustatzeko bideratzen diren hezkidetza-politikak ere.

Hala ere, jakin dakigu ez dela nahikoa gizartearen gaitzespenarekin edo erakundeen irmotasunarekin. Indarkeria matxistei aurre egitea iraupen-lasterketa bat da. Jarrera eta jokaera matxista normalizatuek bere horretan jarraitzen dute, hala nola mespretxuak eta emakumea barregarri utzi edo kontrolatu eta menderatu nahi izatea. Era berean, biktimen eta erasotzaileen inguruko estereotipoek indarrean jarraitzen dute, erasoen egiazkotasuna zalantzan jartzen da, erasotzaileekiko konplizitate-jarrerak ematen dira. Gainera, kezkagarria ere bada Europan eta mundu osoan indarra hartzen ari den ultraeskuinak zabaltzen duen mezu ukatzaileak hartu duen indarra. Mezu horiek sare sozialetan eta gazteen artean ikus daitezke bereziki, alerta guztiak pizten dizkigute eta erne egotera behartzen gaituzte.

Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVk ondorengo konpromisoak hartu ditu:

- Indarkeria matxistak iraunarazten dituzten egiturazko desberdintasunetan arreta jartzea, horiek ezabatzeko lan eginez, benetako berdintasuna bermatzeko.

- Isiluneak haustea eta indarkeria horiei aurrea hartzeko eta antzemateko parte hartze aktiboa izatea. Guztiok gara gure inguruan eman ohi diren indarkerien behatzaile, batez ere sare sozialetan, eta erantzuna eman behar dugu.

- Onargarri denari eta ez denari buruzko estandar argiak ezartzea, iruzkin edo jokabide onartezinak identifikatzeko eta baztertzeko, diskurtso ukatzaileak barne.

- Gizonak, batez ere gazteak, indarkeria matxisten aurkako borrokan inplikatzea. Funtsezko aliatuak dira gizarte berdinzaleago bat eraikiko badugu.

- Hezkidetza eta berdintasun-politikak indartzea, gazteak elkartzen diren guneetan lan eginez (Gaztetxoak, EGIn eta Uri Batzarrak), indarkeria prebenitzeko, jokabide oldarkorrak salatzeko eta desparekotasun egoerak ezabatzeko.

- Gure batzokietan espazio seguruak sortzea, puntu morea ikusgarri eta, SATEVIren laguntza-telefonoa (900 840 111) eta biktima diren emakumeentzako eta haien ingurukoentzako baliabide espezializatuen gidak instalatuta.

- Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeekin — Eusko Jaurlaritza, lurralde-administrazioak eta toki- eta udal-erakundeak — eta mugimendu feministekin batera eta haien eskutik lan egitea, emakume guztiei indarkeria matxistarik gabe bizitzeko eskubidea bermatzeko.

Azkenik, herritar guztiak deitzen ditugu gaur, azaroak 25, "Emakumeenganako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna" izenekoaren kariaz deituko diren ekitaldietan aktiboki parte hartzera.

Interesatu Zaitez