Euzkadi Buru Batzarraren buruak hitza hartu du gaur Sabino Arana “Maisuaren” heriotzaren 121. urteurrena gogoratzeko EAJ-PNVk Sukarrietan egin duen ekitaldian; jeltzaleen buruak ondoan izan ditu Pradales Lehendakaria, EBB osoa eta Herrialde Batzarren presidente aukeratu berriak
“Abisu bat guztientzat, inork pentsatzen badu EAJ, Madrilen eta Estatuan egonkortasunari eusteagatik, gauza guztietara makurtuko dela, jakin beza EAJ Euskadiren zerbitzura baino ez dagoela. Eta, Euskadiren interesak Espainiako jardunaren kontra badaude edo beste kideek eginiko proposamenen kontra daudela ikusten badu, EAJ horren arabera jardungo du eta bozkatuko du. Beldurrik edo konplexurik gabe. Gure ardura bakarra da euskal interesak defendatzea!”.
Horixe izan da Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak zabaldu duen mezu nagusia, Sabino Arana alderdi jeltzalearen fundatzailea 1903ko azaroaren 25ean hil zela gogoratzeko EAJ-PNVk azaroko azken igandean Sukarrietan egin ohi duen ekitaldian. Bertara hurbildu diren alderdikide ugariren aurrean, Ortuzarrek ospakizunari amaiera emateko egin den ekitaldi politikoan hartu du hitza. Ospakizuna 11:00etan hasi da meza batekin, eta jarraipena izan du ondorengo aurreskuarekin eta Maisuaren hilobiaren aurrean egin den lore eskaintzarekin. Ortuzarrekin batera, ekitaldian izan dira, besteak beste, Imanol Pradales Lehendakaria, Euzkadi Buru Batzarreko burukideak eta EAJ-PNVren Herrialde Buru Batzar eratu berrietako ordezkari ugari, presidente berriak barne: Iñigo Ansola (Bizkai Buru Batzarra), María Eugenia Arrizabalaga (Gipuzkoa Buru Batzarra), Jone Berriozabal (Araba Buru Batzarra) ,Pantxoa Bimboire Haritschelar (Ipar Buru Batzarra), eta Unai Hualde (Napar Buru Batzarra). Erakundeetako ordezkarien artean Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea ere izan da.
Ortuzarrek mezu hau zabaldu nahi izan du “azken aldian Madrilen gertatzen denari” “kezkatuta” begiratzen diola aitortu ondoren. “PP eta Vox-en aldetik egiten zen eraso sistematikoarekin nahikoa izango ez balitz, oraingo honetan Gobernuaren ustezko ‘kideak’ beren jarrera politikoak muturreko posizioetara eramaten ari dira, beren adierazpen eta exijentzien tonua altxatuz, eta horrek ez du ezer onik ekarriko. Asteon ikusi dugu, ia ia amildegiraino iritsi baitira. Hau ez da bakoitzaren asmo gorenetara iritsi nahian ibiltzeko momentua, baizik eta gutxieneko oinarri bat lortzekoa, legealdiak bere bidetik jarrai dezan eta benetan behar direnak atera daitezan. Hala ikusten du behintzat EAJk. Adierazpen oldarkor gutxiago eta akordioa eta adostasuna lortzeko lan gehiago”, adierazi du. Ortuzarrek, hori bai, Madrilgo Euskal Taldea zoriondu nahi izan du “horrenbesteko zarata egon arren, Ekonomia Itunaren etorkizunerako gauza hain ona lortzeagatik. Gobernu zentralak Euskal Autonomia Erkidegoarekin adostu beharko ditu Europako zerga berriak, eta gainera, zerga horiek arautzeko gaitasuna izango dugu hemen. Bidea ere ireki dugu, Nafarroak gauza bera lor dezan, Trafikoarekin egin genuen bezala. Horixe ere bada Autogobernua zabaltzea, euskal interesak Madrilen defendatzea. Horixe ere bada EAJ eredua!”, esan du. Zailtasun guztien gainetik, Estatuko egoera politikoak, Ortuzarren esanetan aukera bat ematen du “Autogobernu berrirako bidea egiteko. EAJk dena emango du, gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu prozesua ondo atera dadin. Lehenengo Euskadin eta gero Madrilen. Merezi egiten du aukera aprobetxatzeak, gu geu garelako Gasteizen eta Madrilen presentzia instituzional handiena dugunak. Tentu handiz eta irmotasunez lan egin beharko dugu leku bietan, gauzak ondo atera daitezen”, adierazi du.
Alderdi barrura begira, Ortuzarrek bere esker ona adierazi nahi izan die Herrialde Buru Batzar berriak aukeratu direnez geroztik kargua utzi duten burukide guztiei, eta aipamen berezia eginez, EBB osatu dutenak ekarri ditu gogora: José Antonio Suso, Itxaso Atutxa, Joseba Egibar eta Peio Etxeleku. “Momentu onak bizi izan ditugu elkarrekin; beste batzuetan, azken hamarkada hauetako momentu politiko eta sozialik konplikatuenak bizi izan ditugu. Taldekide izan zarete, zuen herrialdeetako lehen burukide izan zarete eta, aldi berean, Euskadi, Euskadi osoa eraman duzue buruan. Alderdi osoaren izenean, gure esker onik zintzoena eta gure aitortza osoa”, adierazi du.
“Eta orain, beste prozesu bati heldu beharko diogu Batzar Nagusia egiteko”, jarraitu du Ortuzarrek “batzuek eragin nahi izan duten nahasmenaren gainetik, Herrialde Buru Batzarren eta Aberri Batzarraren aukeraketa batetik eta Batzar Nagusirako prozesua, bestetik, bi gauza desberdin dira, bi prozesu independente”, argitu du. “Eta orain dagokigu Batzar Nagusirako prozesuari heltzea. Bere sasoian esan nuen bezala, lehenengo eta behin proiektua eta erakundea. Ondoren datoz pertsonak, aberri mailako erantzukizun gorenetik, EBBrako aukeratuko diren bederatzi aberri kargu horietatik, presidentea barne, proiektua eta erakundea martxan jarri beharko dituzte”, esan du jeltzaleen buruak. Ortuzarrek aditzera eman duenez, azaroaren 26an, asteartea, bilera bat egingo da, urritik aurrera ekintza politiko, ekonomiko, sozial, munduarekiko harreman eta antolakuntzako ildoak markatuko dituzten bost dokumentu nagusiak prestatzen aritu diren taldeekin. EBBk abenduaren 9an eztabaidatu eta bere egingo ditu agiri horiek, eta une horretan Uri Erakundeetara bidaliko ditu, alderdikideek agiriok aztertu eta zuzendu ditzaten, beharrezkotzat jotzen badute. Urtarrilaren 20an hasiko da EBBren presidentea eta zortzi aberri burukide proposatzeko lehen hautespen aldia. “Prozesuan parte hartzeko eskatzen dizuet, zuen iritzia emateko, daukazuen onena eman ezazue, eman dezagun, martxoaren 29 eta 30ean, Donostiatik, EAJren bertsiorik onena atera dadin. Alderdi indartua, batua eta ideia argiekin Euskadi aurrera eraman dezagun aberrigintzaren eta herrigintzaren bidean”, esan du Ortuzarrek. “Konbentzituta nago ondo egiten jakingo dugula, eta Donostian udaberri berria hasiko dela Alderdiarentzat eta Euskadirentzat”.