“Populismo merkeari aurre egitea, demokrazia indartzea, euskal nazioa erreibindikatzea, Herria euskaraz eraikitzea eta justizia soziala etengabe lantzea izango dira gure lanaren oinarriak” azaldu du Maria Eugenia Arrizabalagak GBBko presidente izendatua izan ondoren
Gipuzko Buru Batzarreko burukide izango diren gizon-emakumeak aukeratu ditu Gipuzkoako Herrialde Batzarrak. Lurralde Zuzendaritzako buru Maria Eugenia Arrizabalaga Olaizola zumaiarra izango da, Batzarrak aho batez babestuta. Presidenteaz gain, beste hamalau burukide aukeratu dituzte Uri Batzarretako ordezkariek.
Berritua hartu du GBBk, eskarmentua duten andre-gizonek osatzen dute, hamabost kidetik gehiengoa dira emakumeak, denak euskaldunak eta Gipuzkoako bailara guztietako ordezkariak daude. Gainera, eraberritze nabarmena egin da, izan ere hamabost burukidetik zortzi berri sartuko dira Gipuzkoako EAJ-PNVko Zuzendaritzan, alderdian ibilbidea eta eskarmentua dutenak.
Hauek dira Zuzendaritzako burukideak:
Presidentea: Maria Eugenia Arrizabalaga Olaizola.
Zumaia, 1967-01-15. Euzkadi Buru Batzarreko burukidea. 2015etik bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan
Burukideak:
Itxaso Agirre Loiarte
Jon Ander Azpiroz Otegi
Saioa Bandres Moneo
Juan Ramon Baztarrika Azkoitia
Ane Beitia Arriola
Edurne Egaña Manterola
Idoia Elorza Gurrutxaga
Mari Jose Etxegoien Arzuaga
Imanol Goenaga Egibar
Xabier Insausti Sarasola
Imanol Lasa Zeberio
Gorka Ocio Larrañaga
Jon Olano Arrese
Olatz Peon Ormazabal
Maria Eugenia Arribalagak, aukeratua izan ondoren, Batzarrari egindako hitzaldi laburrean, datozen lau urtetan Gipuzko Buru Batzarrak ez ezik Alderdiak berak ere izango dituen erronka nagusiak azaldu eta azpimarratu du “munduan bezala, gurean ere azken boladan zabaltzen ari den populismo merkeari aurre egitea, demokrazia indartzea, euskal nazioa erreibindikatzea, Herria euskaraz eraikitzea eta justizia soziala etengabe lantzea izango dira gure lanaren oinarriak “.
“Herri hau eraikitzen jarraitu beharra daukagu, etsi eta utzi gabe, gure ikuspegi abertzalea maila guztietan zabalduz, herria maitatuz, herritar guztiak errespetatuz, eta herrigintza eraginkorra eginez, bai epe motzeko arazoei erantzunez bai ikuspegi luzea edukiz, mutur bateko eta besteko sektarismoari langa jarriaz”, esan du. Eta euskarari eman dio lehentasuna GBBko buru izendatu berriak, “euskaraz egin behar dugu, euskara delako gure izaeraren zutabea, herritar berriek behar duten integraziorako helduleku zuzenena”, gaineratu du.
“Herritar guztiona izango den etorkizun are eta bidezkoagoa, euskaldunagoa eta askeagoa lortzeko asmo horretan jarriko ditugu gure ahalegin guztiak, helburu horietara bideratuz gure politika publikoak eta, baita, Euzko Alderdi Jeltzaleko barne erakunde guztietako lana. Gipuzkoa eta gipuzkoarren zerbitzuan Euskadi eraikitzen, gure Herria ahuldu nahi duten ‘probintzianismoaren’ ikuspegi zitaletan erori gabe”.
“Asmo eta jarrera horietan guztietan, bai gizarte desberdinkeria Europa osoko maila txikienetan mantentzeko zentzuzko politika ekonomikoak egiterakoan, bai herritarren beharrei erantzuten dieten politika publiko anbiziotsu eta jasangarriak eskaintzerakoan, bai gure euskal izaera eta nortasuna errespetuz garatzerakoan, EAJ-PNVren eredua da egokiena eta eraginkorrena. Hala izan da orain arte eta hala izango da aurrerantzean ere. Benetako abertzaleak garelako, istiluetatik eta dogmatismoen gehiegikerietatik urrun”, erantsi du Arrizabalagak.
Gaur Olarainen elkartu den Lurralde Batzarrak Gipuzkoako hogeita bost ordezkariak ere aukeratu ditu Aberri Batzarrerako, hala nola Gipuzkoako Herrialde Epaitegiko hiru kideak ere.
Honenbestez, burutu da Eusko Alderdi Jeltzalearen barne aukeraketa prozesua Gipuzkoan.