Saria jasotzean Agirre lehendakaria omendu du eurodiputatu ohiak
Batasunaren informazioa zabaltzen duten “Aquí Europa” eta “Canal Europa” hedabideek, gaur arratsaldean, Bruselan, Izaskun Bilbao Barandica saritu dute Europako Parlamentuko lanean eman dituen hamabost urteotan Europaren eraikuntzaren mesedetan egin duen ekarpena aldarrikatuz. Erregioen Komitean saria emateko egin den ekitaldian, politikari jeltzaleak Batasunak bere sorreratik dituen baloreak nabarmendu ditu, eta arazo konplexuak konpontzen laguntzen dutela esan du, hauen artean trantsizio hirukoitza eta klima aldaketa, eta esan du berarentzat ohorea izan dela Agirre lehendakariak eta bere Jaurlaritzak erbestetik Batasuna eta bere instituzioak gauzatzeko sortu zuten katearen katebegietako bat izatea.
Aquí Europa eta Canal Europa hedabideek eman ohi dituzten sarien zazpigarren edizio honetan saritu dira batasunaren proiektuaren mesedetan ekarpenik handiena egin duten pertsonak, erakundeak, ekimenak eta enpresak. Eurodiputatu jeltzalea izan da horietako bat, hain zuzen ere “Europaren eraikuntzaren mesedetan eginiko ibilbide pertsonala” izeneko kategorian. Saria eman diote Izaskun Bilbao Barandicari berari eta Eider Gardiazabal eta Pilar Ayusori.
Izaskun Bilbao Barandicak aitortza eta saria partekatu nahi izan ditu urte hauetan guztiotan Bruselan eta Estrasburgon ondoan izan duen lantaldearekin, eta nabarmendu nahi izan du ibilbide osoan bere jarduna izan dela “entzutea, partekatzea, enpatizatzea, iradokizun eta ideia eraldatzaileak jasotzea eta horiek hiritarren artean eta haiekin eta haien mesedetan lantzea. “Horietako asko Europako lege dira dagoeneko, bizimodua hobetzen digutenak”. Halaber harro agertu da “lehen Lehendakariaren burutzapean Batasunaren sorreran parte hartu zuen kate haren katebegietako bat izateagatik”, horrek ahalbidetu baitio “eragile humanista eta federalarekin jarraitzea, bake eta elkarbizitza baloreetan oinarrituta, Batasunaren dimentsio sozialean eta bere erakundeetan lan eginez”. Amaitzeko nabarmendu duenez “Batasunaren sorrerako balore horiek balioa dute oraindik eta demokrazia indartzen laguntzen dute duela ia laurogei urte bezala gerra eta ezkortasuna baztertzeko eta haien ordez itxaropenaren aldeko hautua egiteko: politika baliagarriak, pertsonak helburu dituzten akordioak, bakea eta oparotasuna ekarri dizkigutenak” .
Hautagaitzak ebaluatzeko epaimahaiko buru Daniel Calleja Europar Batasunaren zerbitzu juridikoaren zuzendari nagusia izan delarik, mahaikide izan ditu Rosa Estarás Europako Partido Popularreko eurodiputatua; Jesús González, Aquí Europako editorea; Rogelio Granguillhome Morfín, Belgicako Erresumarako, Luxenburgorako eta Europar Batasunerako Mexikoko enbaxadorea eta Javier López, S&D taldeko eurodiputatu eta Europako Parlamentuko presidenteordea.