Eurodiputatu jeltzalea Apostolos Tzitzikostasekin batzartu gaur, asteazkenarekin, eta automobilaren sektorerako industria-plan bat eta Europako portuen lehiakortasuna bultzatzeko estrategia bat lehenbailehen aurkezteko eskatu dio
Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko eurodiputatua Apostolos Tzitzikostas Garraio eta Turismo Jasangarrirako Europako komisario izateko aurkezten den greziar hautagaiarekin batzartu da gaur, azteazkena, eta 2028an indarrean egon beharko den urte anitzeko finantza-esparru berriaren barruan behar besteko inbertsioak bermatzeko eskatu dio, Europa barruko garraio-sareko trenbide-proiektuak arrakastaz burutzeko. "Mediterraneoko proiektuak mugitzen eta aurrera egiten ikusten ditugu, baina ez da gauza bera gertatzen ardatz atlantikoari dagokionez. Europako Batzorde berriak eskatu behar du estatu kideek konpromisoa har dezatela guretzat estrategikoa den azpiegitura bat azkartzeko", adierazi dio euskal diputatuak 2030eko amaiera-data duen proiektu bati buruz. "Guretzat guztiz erabakigarria da", adierazi du.
Halaber, Agirregoitiak Tzitzikostasi adierazi dio Euskadirentzat oso garrantzitsua dela automobilaren sektorerako industria-plan bat garatzea, bai eta portuen lehiakortasuna bultzatzeko estrategia berri bat garatzea ere, azpiegitura horiek dituzten logistikan eta transformazioan dituzten erronkak konpontzen laguntzeko. "Portuak hub energetiko bihurtzeko aukera guneak dira", azaldu du diputatuak. Izendatutako komisarioak baieztatu dionez, bi lehentasun horiek agintaldiaren hasieratik jorratuko dira. Agintaldi honetarako beste lehentasun batzuk izango dira Arku Atlantikoko makroeskualdea bultzatzea eta mugako garraio-arazoei irtenbideak bilatzea.
Gainerako hautagaiekin batera konfirmatua bada, Tzitzikostasek gogor ekin beharko dio, Europako Batzordeko presidenteak agindu dion misio-gutunean jasota dagoena betez, Europa barruko garraio-korridorean egin gabe jarraitzen duten zatiak 2030. urtera bitartean eraikiko direla bermatzeko, Europa Konektatu mekanismoa ahalik eta ondoen erabiliz. Komisario berriak plan bat aurkeztu beharko du Europako hiriburuak abiadura handiaren bidez lotzeko, baita gaueko trenen bidez ere, eta salgaien trenbide-garraioa bizkortzeko.
Legegintzaldi honetarako zereginen zerrendan sartzen dira, gainera, garraio-zerbitzuen merkatu bakarra indartzea, deskarbonizazio-soluzioetan inbertsioak lehenetsiko dituen garraio jasangarriko inbertsio-plan bat ezartzea, errepideko garraioaren elektrifikazioa bizkortzea eta, horren barruan, karga-azpiegituraren metaketa gainbegiratzea, bai eta itsas estrategia industrial berri bat ere.
Legealdiaren hasierako lehentasunen artean egongo da, halaber, txartel digital bakarrak erreserbatzeari eta saltzeari buruzko erregelamendu-proposamen bat aurkeztea, herritarrei bermatuko diena plataforma bakar batean txartel bakarra erosi ahal izatea eta bidaiariek bidaia osoan dituzten eskubideak baliatzea.