Ortuzar: “EAJ gizalegez borrokatuko da, argudio juridiko, historiko eta politikoak eskuan dituela, Euskadiren naziotasuna aitortua izan dadin”

Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak konfirmatu du dagoeneko Euskadiko alderdi politikoetako buruekin harremanetan jarri dela egungo egoera politikoak eskaintzen duen “aukera” baliatuz Euskadiren etorkizuneko Autogobernuari heltzeko erronda irekitzeko

Ortuzar: “EAJ gizalegez borrokatuko da, argudio juridiko, historiko eta politikoak eskuan dituela, Euskadiren naziotasuna aitortua izan dadin” 11Urriak
UrriaK 11 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Aukera zabalik dugu dagoeneko. Erabakia hartzea dagokigun euskal eragile politikoak, Gernikako Estatutua zabaltzeko zeregina dugunok, Madrilen Pedro Sánchezen Gobernua sostengatzen dugun berberak gara. Aukera hau aprobetxatu behar dugu, munduko leialtasun guztiarekin eta alderdi bakoitzak bere proiektua duela argi izanik. Kontua ez da inori nahi ez duena irenstera derrigortzea, ezta elkarrizketa eta proposamenei betoak jartzea ere. EAJrentzat, guztiz negoziaezina da Euskadi nazio dela aitortzea. Eta gure hurrengo Lege Nagusian Euskadiren naziotasunaren aitortza jasoko ez balitz, guztiz etsigarria litzateke. Guk gizalegez jardungo dugu, argudio juridikoak, historikoak eta demokratikoak eskuan ditugula, Estatutu Berrian, Estatus Berrian, Euskadiren naziotasuna aitortua izan dadin eta, gainera, aitortza horrek berarekin eskubide politikoak ekar ditzan”.

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak gaur konfirmatu du euskal alderdi politikoetako buruekin harremanetan jarri dela Euskal autogobernuaren gaia lantzeko harreman erronda irekitzeko. Radio Euskadiri eskaini zaion elkarrizketan, Ortuzarrek ziurtatu du bere asmoa dela albait arinen “alde biko errondak” hastea eta “diskrezio osoz” egitea. “EAJk ez dio gai honi inolako etekin mediatikorik atera nahi. Lehen fase honen xede nagusia da, batetik, alderdi politiko bakoitzaren jarrera neurtzea, metodologian eta egutegian ados jartzeko gaitasunik ote dugun ikusteko, oso garrantzitsua delako denbora egokian kokatzea. Aukera bat dugu, baina ez da mugagabea. Pedro Sánchezekin inbestidurarako izenpetu genuen akordioan Gernikako Autonomia Estatutua ixteko bi urteko epea ezarri genuen Espainiako legealdiaren hasieratik, eta urte bete eta erdiko epea ezarri zen euskal legealdiaren hasieratik etorkizuneko Autogobernurako. 2025eko Gabonetarako akordio hori jasotzeko gaitasuna izan beharko genuke, akordioa lortu eta Madrilera eraman, han ere onartua izan dadin”.

Ortuzarrek berretsi du EAJ-PNVren helburua dela “Euskadiren naziotasunaren aitortzaz, aldebikotasunaz, forutasunaz eta gaurkoaz besteko berme sistemaz hitz egitea, argi baino argiago dagoelako alde batetik zein bestetik Euskal autogobernuaren higadura eragin dela. Horiek denak onik ateratzen badira, uste dut autogobernuaren egoera berrira igaroko garela, dela ´Estatus´ dela beste edonork eman nahi dion izenarekin deituko dena. `Estatus Berriaz´ hitz egiten dugunean, guk esan nahi dugu erreforma hau ezin dela erreforma administratibo hutsa izan”. Jeltzaleen buruak, halaber, argi utzi nahi izan du berarentzat eta EAJ-PNVrentzat ezein transferentzia ezin dela Euskadirentzat “kaltegarri” izan. “Zaila da ulertzen autonomian sinesten duen euskal politikari batek esatea transferentzia batek kaltea ekarriko duela. Nik ez dut uste Euskadik ezer galduko duenik Bilboko Portua gure ardurapean egotera igarotzen bada. Orain arte behintzat, historiak erakutsi du guk gure gain hartu dugun guztiak hobera egin duela”, esan du.

Aste honetan bertan Madrilen zigorren metaketaren inguruan egin den lege erreformaren inguruan eragin den polemika lotsagarriaz galdetu diotenean, jeltzaleen buruak argi baino argiago hitz egin nahi izan du. “Denok genekien zer ari ginen bozkatzen. Egiten ari garena da Espainiako Estatuko Zuzenbidea Europako Zuzenbidearekin parekatzea. Europako herrialdeen %80 edo %90ek erregimen judizial hori badute, zeozergatik izango da, ezta? Denok genekien hori”, ziurtatu du Ortuzarrek. “Gai horrek jirabira asko eman ditu”, azpimarratu du. “2014an Rajoyk atera egin zuen eta salbuespenezko xedapen gehigarria erantsi behar izan zuen zera esateko “Europako dena kopiatzen dugu, hau izan ezik; honetan gure ordenamendu juridikoarekin jarraituko dugu´. Urte batzuk geroago, EAJk proposamen bat planteatu zuen gai hau araudiaren transposizioan jasotzeko, eta atzera bota ziguten proposamena ETAren gaia oso berria zela esanez eta kasuek alarma soziala eragingo zutela. Urteek aurrera egin dute eta hauxe zen egiteko momentua. Uste dut ondo egin dela. Eta Partido Popularrak hori jakin bazekien. Juristak gauza bat edo beste izango dira, baina ergelak ez dira. Gertatzen dena da orain PPk erruak banatu egin nahi dituela besteekin, edo errua besteei leporatu, baina nik argi daukat erabakia egoeraz jabetuta hartu dutela. Agian ez dute baloratu eskandalu politiko eta mediatikoak hartuko zuen tamaina eta orain eurak be ari dira egoera berotzen. Eta gizon horrenak, Telladorenak, izenik ere ez dauka”, amaitu du.

Interesatu Zaitez