EAJ-PNVk aldarrikatzen du hazkunde ekonomiko jasangarriaren aldeko apustua Euskadin

Alaitz Zabalak, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeko bozeramaile jeltzaleak, hazkunde ekonomikoa eta nazioarteko erakundeetan Euskadik ordezkaritza bermatzea izendatu ditu agintaldiko erronka nagusien artean

EAJ-PNVk aldarrikatzen du hazkunde ekonomiko jasangarriaren aldeko apustua Euskadin 17Irailak
IrailaK 17 |
Eusko Legebiltzarra

PARTEKATU

Autogobernua, hazkunde ekonomikoa eta nazioarteko erakundeetan Euskadik ordezkaritza izatearen aldeko apostua berretsi du Alaitz Zabalak, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeko EAJ-PNVren bozeramaileak, Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak gaur azaldutako agintaldiko helburuekin bat etorriz. Zabalak, besteak beste, etxebizitza izateko aukerak bermatzea, "batez ere gazteentzat", izendatu du ere legealdiko erronka nagusien artean.

Zabalak gogoratu duenez, autogobernua gehitzen joan den heinean, "Euskadiko biztanleriaren ongizatea ere gehituz joan da, herri honetako pertsonen bizi kalitatea hobetuz joan gara". Horregatik, esan duenez, "gure taldeak beti defendatu duen bezala, autogobernu gehiago aldarrikatzen dugu, ondo kudeatutako autogobernu gehiagok Euskadiko biztanle ororen bizi kalitate hobea esan nahi duelako".

Era berean, nazioarteko erakundeetan, "eta batez ere erabaki garrantzitsuak eta gure egunerokoan eragiten duten erabakiak hartzen diren erakundeetan", ordezkaritza izateko ahalegina egin behar dela esan du, "bai Europan eta baita Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundean ere". Hirugarren mugarri bezala, Zabalak hazkunde ekonomikoa aipatu du. "Hazkunde ekonomiko jasangarria. Eragile publiko-pribatuaren arteko elkarlanetik burutu beharreko hazkundea", azpimarratu du.

Sailburuak azaldutako Ongizatean Hazi gobernu programaren asmo eta erronkak goraipatu ditu Zabalak, eta garatutako gaien artean azpimarratu du, bereziki, etxebizitza izateko aukerak bermatzeko Sailak egingo duen inbertsioa eta ahalegina. "Etxebizitzarena gai delikatua da, garrantzitsua. Gizarteak asko eskatzen du, batez ere gure gazteek. Gai horri mekanismoak eskaini behar dizkiogu Euskadin bizi-proiektu duin bati ekin ahal izateko", azpimarratu du bozeramaile jeltzaleak, EAJ-PNVk agintaldirako hartutako bi konpromiso gogoratuz: alde batetik, pertsona ahulentzako errentamendu-kontratuen fidantzak estaltzen lagun dezaketen abalen lerro bat sustatzea; eta, bestetik, gazteei zuzendutako abal-lerro bat bultzatzea, etxebizitza bat erosiz gero, eskatutako maileguaren finantzaketa osatu ahal izan dezaten.

Interesatu Zaitez