Bizkai Buru Batzarrak eta Ugao-Miraballesko EAJ-PNVk zinegotzi jeltzale baten osotasun fisiko eta jabetzaren kontra eginiko eraso berri eta “onartezina” gaitzetsi dute

Larunbat honetako lehen orduan, EAJ-PNVren zinegotzia eta honen senide bat iraindu dituzte, bere etxebizitzaren fatxadaren kontra harriak jaurti aurretik; hirugarren aldia da ordezkari publiko honek halako erasoren bat jasotzen duela.

2024ko ekainean zinegotzi jeltzalearen etxebizitza 24Abuztuak
AbuztuaK 24 |
BBB

PARTEKATU

Bizkai Buru Batzarrak eta Ugao-Miraballesko EAJ-PNVk irmo gaitzetsi dute udalerriko zinegotzi jeltzale batek eta bere senide batek jasandako eraso koldar eta justifikaezina. “Gure alderdikidearen aurkako jazarpen pertsonaltzat jo dezakegun ekintza onartezina gaitzesteko betebeharra dugun hirugarren aldia da hau”, adierazi dute. “Herritarrak ordezkatzeko demokratikoki aukeratuak izan diren pertsonen aurkako edozein indarkeria- edo mehatxu-mota zorrotz arbuiatzen dugu; tristea eta gaitzesgarria da, garai hauetan, larderiazko praktika horiek existitzen jarraitzea”, deitoratu dute. Zinegotziak Ertzaintzan salatu du azken eraso hau, izapideak hasi beharko baitira gertakariak argitzera begira.

Hirugarren aldia da ordezkari publiko honek erasoren bat jasotzen duela. 2022an eta aurtengo ekainean arrautzak jaurtiki zituzten zinegotziaren etxeko fatxadaren eta leihoen kontra. Oraingo honetan, goizeko 8:30ak aldera gertatu da, udalerriko tren-geltokiaren irteeran. Hirugarren emakume batek errieta egiten ari zitzaien bi emakumeri, izaera politikoagatik. Irainekin eta mehatxuekin jarraitu du biktimen etxebizitzatik gertu, eta objektuak jaurti ditu fatxadaren kontra. Eraso guzti hauek “onartezinak, gaitzesgarriak eta garaiz eta lekuz kanpokoak dira”, baloratu dute.

“Egintza bandalikoak eta indarrezko jokaerak ezin dira sekula erantzun onargarri edo justifikagarri izan; EAJ-PNVk 129 urte daramatza politikagintzan eta errespetuan, elkarbizitzan eta elkarrizketan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko lanean, eta inori ere ez diogu beldurrarazterik onartuko, ezta EAJ-PNV osatzen dugun emakume eta gizonon jardun politikoa baldintzatzerik ere”, esan dute lurralde exekutibako ordezkariek.

Edozein pertsonaren osotasunaren eta jabetzaren kontra eginiko erasoa guztiz onartezina da eta bake soziala eta elkarri zor diogun errespetua kaltetzen ditu, EAJ-PNVrentzat funtsezko kontzeptuak direlarik. Halako jokaerek biktima zuzenean kaltetzeaz gain, konfiantza eta errespetua kaltetzen dituzte, gure gizartearen funtsezko elementuak. BBBk eta Ugao-Miraballesko EAJ-PNVk beren elkartasuna adierazi nahi diete zinegotziari, familiari eta komunitate horretan bizi diren herritarrei eta beste behin berretsi nahi dute balore demokratikoen eta pertsona guztien integritatearen defentsarekiko konpromisoa. Elkar errespetatuz eta elkarren artean bakean biziz baino ez dugu lortuko gizarte bidezkoagoa eraikitzea.

Interesatu Zaitez