CEUS-Europa Solidarioaren aldeko Koalizioko hautagaia gaur goizean izan da Madrilen Nueva Economía Forumek egin duen ekitaldian, eta bertan ziurtatu du “egonkortasuna eta ongizatea” bermatzeko lan egingo duela, bai eta “europar proiektuaren eraikuntzan tresna eraginkorra izateko” ere
Oihane Agirregoitiak, ekainaren 9an Europako Parlamentua aukeratzeko egingo diren Hauteskundeetan CEUS-Europa Solidarioaren aldeko Koalizioak aurkeztuko duen zerrendako buruak, gaur Madrilen defendatu du Euzko Alderdi Jeltzaleak, Coalición Canaria, Geroa Bai eta El Pi alderdiekin osatzen duen koalizioak izan dezakeen zeregina “Europa eraginkorra, hurbila eta anitza eraikitzeko, sentsibilitate soziala izango duena”. Era berean ziurtatu du ekinean arituko dela “egonkortasuna eta ongizatea” lortzeko. Gaur goizeko ekitaldian hitza hartu duenean Agirregoitiak gogora ekarri du CEUS osatzen dutela gobernuan dauden alderdiek, hala nola Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Komunitatean eta Kanarietan eta, horiekin batera, Illes Balears-en presentzia nabarmena duen alderdiak, “erabakiak hartzeko orduan boterea duenak”. “Kudeaketan trebatuta dauden alderdiak gara. Egonkortasuna ematen dutenak”, esan du. “Denon indarrak batu ditugu Europa eraginkorra eraikitzeko lanean aritzeko. Bat egin dugu gure gizarteetan tresna eraginkor izan gaitezen europar proiektuaren eraikuntzan”, adierazi du.
Nueva Economía Forumek gaur egin duen saioan CEUS koalizioaren hautagaiak ziurtatu duenez “kezkatuta ikusten dugu Europan egonkortasuna kolokan dagoela”. Agirregoitiak hainbat adibide eman ditu “ziurgabetasun” horren erakusle gisa, hala nola Putinek Ukraina eraso izana, energiaren eta hornigaien krisia, inflazioa eta Ekialde Hurbileko gatazka. “Ezkerreko eta eskuineko populismoek indarra irabazi dute ezegonkortasun honen aurrean. Populismoek auzitan jartzen dituzte demokraziaren baloreak eta muturretatik beren burua elikatzen dute polarizazioaren joko arriskutsu horretan murgilduta. Proposamen horiek doaz Europar Batasunaren izaeraren kontra”, azaldu du.
Alderdi ekonomikotik, Agirregoitiak berariaz aipatu ditu Europako Funtsak eta eskatu du erregioetako PERTEak, ekonomia biziberritzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoak, “autonomia erkidegoetara bideratuak izan daitezela, ehun produktibora tantaka iristen direlako”. Zerrendaburuak berretsi duenez “herrietatik eraiki behar den Europan sinesten dugu, eta ez soilik Estatuetatik. Autonomia erkidegoak baitira beren ehun produktiboa ondoen ezagutzen dutenak eta haiek egin lor dezakete proiektuak benetan eraldatzaileak izan daitezela”.
Europak munduan hartzen duen espazioari dagokionez, CEUSen hautagaiak azpimarratu duenez “Europak garrantzia handiko momentua bizi du orain”. Zentzu berean azpimarratu duenez Batasunak “autonomia propioarekin jardun behar du eta benetako eragile global bilakatu behar du, AEBren eta Txinaren artean gero eta gorago dagoen polarizazio ekonomiko, militar eta teknologikoaren artean”. “Europak autonomia estrategikoa behar du elikagaien alorrean, segurtasunean, lehengaietan, teknologian, energian…. Batasunaren burujabetza estrategiko bat, hiritargoa babestera bideratua, kanpoko eragileekiko dugun mendekotasuna ezabatzera, berrindustrializazio prozesuetara eta gure elikagaien segurtasuna bermatzera”, azaldu du. Gai honen inguruan Agirregoitiak azaldu duenez “mendekotasunek Batasunaren lehiakortasuna oztopatzen dute gaur egun, produkzioaren ikuspegitik aktore global gisa dugun eginkizuna babestuko duen subiranotasun estrategikoa lortzeko”.
“Eraginkortasunez lagundu dugu Europa eraikitzen. Hala egiten jarraitu nahi dugu. Ibilbide bat dugu eta proposamenak ditugu. Erronka handiak ditugu eta horiei aurre egingo diegu gure gizartearen egonkortasuna eta gure hiritargoaren ongizatea bermatzeko”, amaitu du Agirregoitiak.
Agirregoitia aurkezteko hitzak esan ditu Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek. “Oihaneren eskutik eta bera moduko beste pertsonen eskutik jarraituko dugu Europa eraikitzen”, ziurtatu du. Halaber, hauteskunde kanpainari begira, EBBren buruak deitoratu duenez “gutxi izango gara datozen asteotan Europaren inguruan hitz egingo dugunak”, eta batzuen eta besteen proposamenak eta programak alderatzeko deia egin du.