Euskal Taldeak Palestinako Estatuaren onarpen “sinbolikoa” babestearekin batera erreklamatu du Gazan su-etena berehala gauzatzea eta bahituak askatzea

Gaur goizean egin den osoko bilkuran, Aitor Esteban Euskal Taldearen bozeramaileak adierazi du laster Europan egingo diren hauteskundeetan erabakiko dela "Europa demokratiko, oparo eta solidarioa dugun edo inolako eraginik gabeko eta bere balioak galtzen dituen egitate bihurtuko ote den"

Euskal Taldeak Palestinako Estatuaren onarpen “sinbolikoa” babestearekin batera erreklamatu du Gazan su-etena berehala gauzatzea eta bahituak askatzea 22Maiatzak
MaiatzaK 22 |
Kongresua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

"Israelgo Gobernuaren jarrera eragiten ari da Palestinako Estatuaren onarpena hala moduz eta ondo antolatu gabe egitea. Guk defendatzen duguna da bi estaturen arteko konponbidean oinarritutako bake iraunkorra. Sanchezek iragarri berri duena, Palestina Estatu gisa onartzea, sinbolikoa da, Israeli nola edo hala ohartarazpena luzatzeko. Zoritxarrez, gaur egun ezin da esan Estatu horrek lurralderik duenik, eta bere agintariek gaur egun ez daukate benetako boteretik, Palestinan askotariko ideologiak dituzten herritarrak haren kontra jarri zirelako eta berritu gabe geratu zelako. Erreklamatzen duguna da berehala su-etena deklaratzea, bahituak baldintzarik gabe askatuak izan daitezela eta, laguntza humanitario handiari baldintzarik gabeko sarbidea ematea". Hori da Aitor Esteban Euskal Taldeko bozeramaileak Kongresuko tribunatik zabaldu duen mezua, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri duenez geroztik  maiatzaren 28an Espainiak Palestinako Estatuari aitortza emango diola.

Gainera, Estebanek "onartezintzat" jo du Gazako egoera, eta nazioarteko komunitateak esanekoari  Israel "entzungor" egiten ari zaiola deitoratu du: "Herrialde demokratiko bat da herritarren eskubideak ez ezik,  herritar ez direnenak ere errespetatzen dituena". "Bere burua demokratatzat duen norbait ezin da mimetikoki terrorismoaren edo bidegabekeriaren kopia bihurtu", esan du Estebanek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaz.

Ukrainari dagokionez, bozeramaile jeltzaleak gogoratu du herrialde horrek bi urte daramatzala Errusiaren inbasioari "aurre egiten". "Europaren eta mendebaldeko munduaren hitza irmoa izan da inbasio horren kontra. Ekimen zehatzak, eman beharreko laguntzari dagokionez, ez horrenbeste". Zentzu horretan gaineratu duenez, "Ukraina ezin da luzaro egon laguntza gutxika gutxika noiz helduko zain. Europak bere diskurtsoa benetan sinesten badu eta errusiar totalitarismoa errotik gelditu behar dela sinetsita badago, ekintzekin erakutsi behar du,  eta ez hitzekin".

Halaber, Estebanek deitoratu egin du Gobernuko presidenteak, 5 eguneko hausnarketaren ondoren, "proposamenik eta neurririk ekarri ez izana", eta  esan du egun haiek "ez ziotela  balio izan gogoeta egiteko, ezta kezkatzen zuen hura zuzentzeko proposatu litezkeen neurriei buruz erabakitzeko ere". Euskal Taldeko bozeramaileak esan duenez, presidenteak "arrazoi handia du kexu egoteko, baina argi dago denok jasan izan ditugula intoxikazioa eta era guztietako eraso pertsonalak". Horrela, Estebanek Artur Más, Xavier Trias, Juan Mari Atutxa eta abar jarri ditu adibide gisa. "Badirudi orain eskuin muturrekoari aurre egin behar zaiola, baina ultraeskuinari osasun-hesia jartzea proposatu genuenean, ez zuen inork gurekin bat egin", esan du.

Ekainaren 9ko Europako Hauteskundeei buruz ere hitz egin du Estebanek: "Hauteskundeetan erabakiko da etorkizunera begira Europa demokratiko, oparo eta solidario bat izango ote dugun, edo inolako eraginik gabe eta balioak galduta dabilen egitate bihurtuko ote den. Bata ala bestea gertatuko da Europako erakundeen agintea  eskuratuko duenaren arabera, eta ultraeskuina geldiaraztea, batez ere, zentroko, zentro-eskuineko eta zentro-ezkerreko alderdien alde egiten duten herritarren esku dago, hurrengo hauteskundeetan parte hartzen duten neurrian". Era berean, Europako Kontseiluaren azken bileran jorratu zen Europako Lehiakortasun Itunari dagokionez, Europa atzean geratzeko arriskuaren aurrean "lehen aldiz" "alarma" agertzen duena, Estebanek azpimarratu duenez, "gizarteak jakin behar du ongizateari eutsi diezaiogun Europak batuta jarraitu beharko duela, bai eta printzipio demokratikoen eta justizia sozialaren printzipioen arabera lan egiten ere".

Azkenik, Euskal Taldeko bozeramaileak Sanchezi adierazi dionez "EAJ mugatzen da PSOErekin hitzeman zuen inbestidura-ituna betetzera", eta "gure arteko elkarrizketaren bidetik jarraitzera” gonbidatu du. "Espero dut alderdi guztiek epe luzera begiratzen jakitea, tentsioak lasaitzeko eta legealdia amaitu arte  elkarren artean lan egitea eta adostea, gobernuari babesa adieraziz zein oposiziotik, egungo zaratatik harago”, amaitu du.

 

 

Interesatu Zaitez