EAJ-PNVren lehendakarigaiak iragarri duenez, "Zigor Kodearen erreformaren emaitzak ebaluatuko ditugu ebasketen eta delitu txikien intzidentzia anitzeko kasuetan, eta aurreikusitako zigorrak gogortzea bultzatuko dugu, daudenekin nahiko ez badira"
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Euskadi Herri segurua da eta EAJ-PNVk hitzematen du euskal gizarteak lasai bizitzeko duen eskubidea babestuko duela. EAJ-PNVren Lehendakarigai Imanol Pradalesek gaur bertan, asteartea, Bilbon azaldu ditu segurtasun alorrean egiten dituen proposamenak, bai eta berak defendatzen duen polizia eredua ere: “hurbila, profesionala, baldintza eta baliabide onenekin, gure ondasunik preziatuena bermatzen eta zaintzen jarrai dezan: gure segurtasuna”, azaldu du.
Pradalesek esan du prebentzioa dela esparru honen gako nagusia, eta iragarri duenez "EAJ-PNVk babestu duen Zigor Kodearen erreformaren emaitzak ebaluatuko ditugu ebasketen eta delitu txikien intzidentzia anitzeko kasuetan. Eta horrekin nahikoa ez bada, ezarritako zigorrak gogortzea bultzatuko dugu. Ez dugu zalantzarik izango. Segurtasunarekin ez da jolasten".
Hautagaiak segurtasun alorrerako aurkeztu dituen neurrien artean aurreikusten da Euskadin Segurtasun Plan berri bat sortzea, polizia-koordinaziorako sistema bat ezartzea, informazio-trukea denbora errealean optimizatzeko; ikerketa-unitateak indartzea, delinkuentzia antolatuaren aurka modu eraginkorragoan borrokatzeko; lege-aldaketak sustatzea, polizia-agenteen lege-babesa bermatzeko, erronka kriminologiko berrien aurrean; bai eta batzordeak aktibatzea ere, ekipamendua eta materialak hobetzeko, Ertzaintzako langileen ordezkarien parte hartzea aurreikusiz.