“Beti bere Herriaren zerbitzura egon zen jelkide bikain bat galtzen dugu”, dio penaz Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek. “Bere ideiak irmoki defendatu zituen, betiere giza eskubideak, aniztasuna eta bizikidetza demokratikoa oinarri hartuta”, azpimarratzen du Urkullu Lehendakariak
José Antonio Ardanza Lehendakaria gaur hil da 82 urte zituela. Autogobernuaren alde hartutako konpromiso nekaezinagatik eta lau agintalditan (1985-1999) euskal gizarte askoz oparoago eta etorkizunera proiektatuagoaren oinarriak jartzeko izandako lidergo-gaitasunagatik gogoratua izango da, baita ETAren aurkako borrokaren batasuna bultzatu eta horren buru izateagatik ere. Gainera, gazte-gaztetatik, EAJ-PNVko militante eredugarria izan zen, eta alderdiarentzat oso zailak izandako momentuetan ardurarik handienak bere gain hartu zituen.
Ardanza 1941eko ekainaren 10ean jaio zen Elorrion. Derioko seminarioan ikasi ondoren, Zuzenbidean lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean. EGIn modu klandestinoan militatu zuen, eta 1962 eta 1966 artean buruzagitzako kide izatera iritsi zen, oso garai gogorretan. Ostean, sektore pribatuan lan egin zuen hainbat urtez, Euskadiko Kutxaren lege-aholkulari gisa, eta Arrasateko alkate izatera igaro zen 1979an. Lau urte geroago, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izendatu zuten, eta, 1985ean, bere alderdiaren barne-zatiketa zela eta, Lehendakari izendatu zuten, Carlos Garaikoetxeak dimisioa eman ondoren.
Juan Jose Ibarretxeri erreleboa eman arte karguan egin zituen hamalau urteetan, Euskadiren susperraldi ekonomikoaren oinarriak jarri zituen. Trantsizioaren lehen urteetan langabezia indize handiek jota zegoen Euskadi, eta Ardanzak industria-ehunaren modernizazioa eta gizarte kohesioa indartu zituen hainbestetan aldarrikatutako autogobernuaren garapenaren eskutik. Horrela, Euskadik Europako herrialde aurreratuenekin parekatzea lortu zuen ongizate-estandarretan.
Era berean, Ajuria Eneko Itunaren bultzatzaile eta aktibo politiko nagusia izan zen 1988ko urtarrilean, eta euskal alderdi demokratiko guztiak batu zituen ETAren aurkako borrokan. Halaber, etengabe salatu zuen Estatu-terrorismoaren adierazpen oro, eta horren berehalako amaiera eskatu zuen, giza eskubideen defentsaren erreferente bihurtuz.
Lehen lerro politikoa utzi ondoren, Ardanzak enpresa-munduan jardun zuen Euskalteleko presidente gisa, 2011ra arte. Une horretan argitaratu zituen "Pasión por Euskadi" izeneko bere memoriak, bere herriarekiko sentitzen zuena leialki islatuz.
EAJ-PNVk doluminik beroenak eman nahi dizkie Gloria Urteaga emazteari, alaba eta semeari, ilobei eta Lehendakariaren familia osoari.
Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzar "hunkitu" egin du Ardanza Lehendakariaren heriotzaren albisteak. "Erbestea eta klandestinitatea bizi izan zituen abertzale handi bat joan zaigu, gero Euskadi autogobernura eta bakera eraman zuen mugimendu demokratikoarekin bat egin zuena. Bederatzi urtez berarekin lan egiteko zortea izan nuen. Niretzat Ardanza 'aita politiko' bat bezalakoa izan da. Bere ondarea eta Alderdi honekiko eta Euskadirekiko konpromisoa geratzen zaizkigu. Beti bere Herriaren zerbitzura egon zen jelkide bikain bat galtzen dugu ", nabarmendu du Ortuzarrek.
Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu duenez, Ardanzak "atsedenik gabe lan egin zuen Bakearen eta Bizikidetzaren alde, baita Euskadiko ekonomia eta industria suspertzearen alde". “Neurri sozial aitzindariak jarri zituzten martxan, euskal gizartearen kohesio ekonomikoa eta soziala bermatzeko helburuarekin”, gogorarazi du Urkulluk. “Lehen mailako erreferente politiko eta instituzionala izan da Euskadin. Balio humanista eta demokratiko sendoak zituen pertsona izan da, eta bere ideiak irmoki defendatu zituen, betiere giza eskubideak, euskal gizartearen aniztasuna eta bizikidetza demokratikoa oinarri hartuta”, nabarmendu du Urkulluk.
Azkenik, Juan José Ibarretxe Lehendakariak adierazi duenez, “gure herriaren zati bat joan zaigu, baina Ardanzak egindakoarekin beste zati handi bat gurekin geratuko da betiko”.