Bizkai Buru Batzarraren buruak argi utzi du “bi proiektu politikoren arteko lehia” emango dela, baina ziurtatu du ezagutzen duen bakarra dela EAJ-PNVren Lehendakarigaia “hiritargoari azaltzen hasi dena”
Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira “politika egiteko eta herrigintzarako molde nagusi biren arteko lehia emango da”, adierazi du gaur goizean Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidenteak. Atutxak era berean esan du Imanol Pradales ikusten duela “Euskadiko Lehendakaritzan”, bai eta “orain arte egin dena baloratzen dakien euskal gizartea” ere, “Pradales buru izango duen lantaldeak Herri honen ongizateari eusteaz gain ongizate hori hobetzen jarrai dezan”.
Onda Vascan egin dioten elkarrizketan Atutxak adierazi du EAJ-PNVren Lehendakarigaiak eskaintzen duen proiektua baino ez duela ezagutzen, “Imanol Pradales dagoeneko azaltzen ari dena eta, gainera, Alderdiak orain arte egin duen ibilbide luze batetik datorrena”. Beste proiektuaz esan duenez “hitz ugari baino ez ditut entzun, baina oraindik ez dakit EH Bilduk hiritargoari zer eskaintzen dion”. “Lidergo-, lan- eta etorkizun- proiektu horiek biak elkarren aurrean jarrita, uste dut herritarrek ez dutela zalantzarik izango”, defendatu du.
Buru jeltzaleari ere galdetu diote azken asteotan EAEko hainbat tokitan eman diren gatazkez. Zentzu honetan adierazi duenez “jarrera batzuk daude herritarroi nahiko harrigarri egiten zaizkigunak. Ni neu, gaur arratsaldean, manifestazio batera joango naiz, baina bururatu ere ez zait egiten bertara buru-berokia, harriak edo sua eragiteko elementuak eramatea. Eta Ertzaintza edo Udaltzaingoa ikusten badut, ulertuko dut ni babesteko daudela”. “Ez dut ulertzen beti fokua Ertzaintzan jarri nahi izate hori, eta ez liskar horiek pizten dituzten pertsonengan. Ikusi nahiko nukeena da Ertzaintzaren jarreraz horren arduratuta daudenek era berean kritikatzea eta gaitzestea manifestazio horietara probokatzeko asmo argia erakusten duten elementuekin joatea”, azaldu du.
Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, BBBren buruak balioetsi du berdintasun alorrean orain arte lortutako guztia “lortutakoa ez baita gutxi izan”; “hala dela ez onartzea litzateke gaurko egoera honetara ekarri gaituzten emakume haiekin zuzentasunez ez jokatzea”, esan du. “Besteok baino aukera gutxiago izan zituzten politika egiteko edo politika aktiboak martxan jartzeko orduan”. Beraz, Atutxaren esanetan, gaurko eguna da “orain arte lortutakoa ospatzeko eta egiteko geratzen zaigun guztia aldarrikatzeko, oso ezberdina izan baitaiteke munduko toki batetik edo bestetik ikusita”, gaineratu du. Baina “bakoitzari dagokionetik, bultzatzen jarraitu behar dugu hurrengo belaunaldiei zor diegun benetako berdintasuna lortu arte; hurrengoek lan txikiagoa egin behar izan dezaten, edo bat ere ez”, esan du.