Urkullu Lehendakariak autodeterminazioaren aldeko Erregelamendu Proposamena defendatu du Europar Batasunaren aurrean, eztabaida lasai baterako abiapuntu gisa

Iñigo Urkulluk bere hitzaldian adierazi duenez, Europar Batasunak lekua, protagonismoa eta adierazpen-bidea eman behar die Europa osatzen duten errealitate nazionalei, hala nahi duten erkidego politikoek herritarrei kontsulta egin ahal izan diezaieten, modu legalean, hitzartuan eta berme guztiekin

Urkullu Lehendakariak autodeterminazioaren aldeko Erregelamendu Proposamena defendatu du Europar Batasunaren aurrean, eztabaida lasai baterako abiapuntu gisa 31Urtarrilak
UrtarrilaK 31 |
Eusko Jaurlaritza

PARTEKATU

Iñigo Urkullu Lehendakariak Bruselara egin duen bidaia ofizialari amaiera eman dio, gaur eguerdian, Europako Parlamentuan “Caucus por la Autodeterminación” foroan parte hartuz. Bertan, Europar Batasunean autodeterminazio eskubidearen ariketa demokratikorako baldintzak arautzeko Erregelamendu Proposamena aurkeztu da. Lehendakariak, Kataluniako Presidenteak eta Korsikako kolektibitatearen Presidenteak parte hartu dute foroan.

Lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu du beharrezkoa dela Europar Batasunaren sorrerako balioak berreskuratzea, EBrekiko sinesgarritasuna eta konfiantza indartzeko, herritarrekiko harremana sendotzeko, proiektu partekatu bateratua eraikitzeko eta "Europar Batasunak dituen arazoei lankidetzatik aurre egiteko, azken urteetako krisien aurrean egin den moduan”. Zentzu horretan, Lehendakariak lehentasunezko hiru esparru aipatu ditu: "Europak Giza Garapen Jasangarriaren ereduan sakondu behar du,  pertsonak jarriz Europako proiektuaren erdigunean, trantsizio berde, digital eta sozial hirukoitzari aurre egiteko. Europak bere lidergo politikoa eta instituzionala berretsi behar ditu eta birzentralizaziorako joera irauli, lurralde-aniztasuna behar bezala aintzat hartzen ez duen ikuspegi bakarra lehenesten duten eta ugaritzen ari diren konponbide proposamenei aurre egiteko eta azkenik, Europar Batasunak lekua, protagonismoa eta adierazpen-bidea eman behar die Europako errealitate nazionalei".

Iñigo Urkulluk Euskadiren errealitatetik egin du planteamendu hori, estaturik gabeko herri gisa. "Oinarritik landu beharreko integrazio-prozesu bat proposatzen dugu estaturik gabeko herriei eta eskumen politiko eta legegileak dituzten eskualdeei estatus bakar eta berezia aitortzeko eta politiken diseinuan eta erabaki-hartzeetan beren parte hartzea bermatzeko.  Era berean, legezko bideak ahalbideratzea ere proposatzen dugu hala nahi duten erkidego politikoek herritarrei kontsultak egiteko aukera izan dezaten gizarte gisa eragiten dieten egiturazko gaien inguruan", adierazi du Lehendakariak.

Horren harira, gogorarazi du 2018an eta 2022an EBren aurrean defendatu eta azpimarratu zuela beharrezkoa dela mekanismoak sortu eta ezartzea erkidego politikoek beren estatus politikoari buruzko erabakimena izan dezaten eta herritarrei modu legalean, hitzartuan eta bermeekin kontsultak egiten aukera izan dezaten. "Gaur, autodeterminazioaren aldeko Erregelamendu Proposamenaren aurkezpenak ekarri gaitu hona. Proposamen honek, edozein autodeterminazio ariketa gauzatu ahal izateko arau eta betekizun multzo bat barnebiltzen ditu, prozesu horiek berme demokratikoekin aurrera eraman ahal izan daitezen, Europako balio eta printzipioei jarraiki, noski, eta Europako gainerako herritarren diskriminazio-eza bermatuz” esan du Lehendakariak. "Ekarpen positiboa eta zehatza da — jarraitu du — eztabaida lasai baterako abiapuntu egokia. Europar Batasunak askatasun eta demokrazia esparru gisa aldarrikatzen du bere burua,  zuzenbide-estatuaren defentsa eginez eta aniztasuna babestuz. Horrek esan nahi du Europak printzipio eta balio horiek defendatu behar dituela estatu kide bakoitzean eta estatu-kideek beren komunitate politikoekin dituzten harremanetan eta horrek dakar Europar Batasuna osatzen dugun herrien eta nazioen bidezko eskaerei eta nahiei elkarrizketaren bidetik erantzuna eman behar izatea. Europar Batasunaren sorrerako balioei eutsiz, Europar Batasunak irtenbiderako eta elkarrizketarako bideak ahalbideratu behar ditu, Europak ezin dio errealitateari bizkarra eman, Europar Batasunaren jarrerak eraikitzailea izan behar du, proposamenak eginez, modu bateratuan lan egin behar dugu arazo politikoei erantzun politikoak emateko; hori da hemen eta orain Europa osatzen dugun estaturik gabeko herriek egiten dugun eskaera partekatua” amaitu du Lehendakariak.

Iturria: Irekia

Interesatu Zaitez