Tresna honek biktimen eskura dauden euskal erakunde publikoen prestazio eta zerbitzuen eskaintza biltzen du
Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak EKIM (Emakumeen Kontrako Indarkeria Matxista) webgune berria aurkeztu dute gaur. Tresna horren helburu nagusia da euskal erakunde publiko guztien prestazio eta zerbitzuen eskaintza biltzea, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimen eskura, webgune espezializatu bakar batean.
Sailburuak azaldu duenez, "webgune espezializatu baten bidez, biktimei eta profesionalei hurbildu nahi zaie euskal erakunde publiko guztien artean (Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udalak) indarkeria matxistaren biktimen eskura jartzen duten prestazioen eta zerbitzuen eskaintza osoa". Melgosak gaineratu duenez, "biktimak erabakien erdigunean jartzeko saiakera" da, bai euren kasu konkretuak zein dituzten eskubideak. Webgune espezializatu honek indarkeria-egoerak identifikatzeko, laguntza eskatzeko eta haien eskubideak ezagutzeko informazio erabilgarria jasotzen du.
Ekimena sailak bultzatutako eta Emakundek gidatutako proiektuaren parte da. Sailburuak azaldu duenez, proiektu hori "bat dator Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Erakundeen arteko III. Akordioarekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearekin (horren arabera, EAEko botere publikoen lehentasuna izango da biktimei arreta integrala ematea) eta Jaurlaritzaren programarekin (bere konpromisoen artean jasotzen du abian jartzea indarkeria matxistaren biktimei arreta eta babesa emateko espedienteen kudeaketa integratua)".
Proiektu hau 2021ean hasi zen, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren barneko koordinazioa hobetzeko arloak identifikatzeko lehen diagnostiko-lan batekin, arreta horretan inplikatuta dauden Eusko Jaurlaritzako gainerako sailekin bigarren fase batean jarraitzeko. Web-tresna berri honek bigarren etapa honen amaiera dakar, EAEko erakundeek indarkeria matxistaren biktimen eskura jartzen dituzten prestazio- eta zerbitzu-eskaintza osoa egituratu eta zabaltzeko.
Melgosak gogora ekarri duenez, "Euskadin indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko sistema publikoa hainbat erakunderen zerbitzuek eta prestazioek osatzen dute, eta zerbitzuetara sartzeko ateak, beraz, anitzak dira, eta horrek abantaila bat dakar arreta pertsonalizatzeko, baina, aldi berean, koordinazioari arreta berezia ematea ere eskatzen du, arreta integrala izateko eta birbiktimizaziorik ez gertatzeko”.
Ohiko galderak
EKIM webgune berriak eduki eskuragarria eta erraza eskaintzen du, baliabide bakoitzaren informazio guztia argitzen duena. Era berean, kontsultak egiteko aukera ere ematen du eta laguntza eskatzekoa, egoera zehatzetatik abiatuta, edo biktimei dagozkien eskubideetatik abiatuta.
Emakundeko zuzendariak azaldu duenez, "ikuspegi orokorra eskaintzen du, zerbitzu horiek nork eskaintzen dituen alde batera utzita, laguntza bilatzen duenak ez baitu zertan jakin administrazioen arteko eskumen-banaketa". Horrela, webgune honek biktimaren beharrizanak eta eskubideak ditu ardatz, eta, hortik abiatuta, dauden zerbitzuak azaltzen ditu.
Elgarrestak azaldu duenez, baliabideei buruzko informaziora iristeko modu desberdinak eskaintzen dituen atari bat izatea bilatu da. Horrela, kontsultak hainbat egoera zehatzetatik abiatuta egin daitezke. Adibidez: "Nire inguruko norbait biktima dela susmatzen dut"; "Biktima naizela uste dut, baina ez nago ziur"; "Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren kasu bat ikusi dut"; "Indarkeria matxista jasan dut eta ez dut egoitza-baimenik"; "Babes-agindu bat lortu nahi nuke"...
Halaber, biktimei dagozkien eskubideetatik abiatuta kontsultak egin daitezke: "Zer laguntza ekonomiko jasotzeko eskubidea dut?"; "Nola egiazta dezaket indarkeria matxistaren biktima naizela?"…
Urgentziaz laguntza behar duten kasuetarako ere atal bat dago. Eta beste bat, biktimari bere kasua salatzeko orduan laguntzeko informazio guztia ematen duena.
Atariaren beste helburuetako bat da askotariko indarkeria matxistako egoerak identifikatzeko edo antzemateko informazio baliagarria eskaintzea. Horrela, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren definizioa eskaintzen da, eta indarkeria fisikoaren, psikologikoaren, ekonomikoaren, sexualaren, bikotearen eremuko indarkeriaren eta adierazpen desberdinen adibide zehatzak jasotzen dira: familia barruko indarkeria, lan-eremuko indarkeria, indarkeria bikarioa, indarkeria instituzionala, indarkeria digitala...
Gainera, maiz egiten diren galderen atal bat ere badago, indarkeria matxistaren esparruan asko erabiltzen diren kontzeptuetako asko biltzen dituena: “Zer da birbiktimizazioa?”, “Zer da sumisio kimikoagatiko indarkeria?”; “Zer da indarkeriaren espirala?”...
Azkenik, web-atari honek emakumeen aurkako indarkeria matxistarekin lotutako informazioa aurkitzea ere errazten du, hala nola, araudia, estatistika-datuak, protokoloak, gidak, elkarteak eta abar. Informazio hori beste web-gune interesgarri batzuetan jasota dago, eta haietarako sarbidea errazten du.
EKIM abian jarri ondoren, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eta Emakundek ekimen honetan aurrera egingo dute, informazioa bateratzeko eta espediente elektroniko bakarra sortzeko aukera emango duen elkarreragingarritasun-plataforma bihurtzeko asmoarekin.
Plataforma informatikoa
EKIM abian jarri ondoren, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eta Emakundek proiektuaren hirugarren eta behin betiko faseari ekingo diote, webgunea elkarreragingarritasun-plataforma bihurtzeko, informazioa bateratu eta espediente elektroniko bakarra sortzeko emakume biktima bakoitzarentzat.
Plataforma horri esker, biktima bera artatzen duten zerbitzuek kasuari buruzko informazioa datu-base bakar batean irauli ahal izango dute. Horrek, aldi berean, beren espedientearekin lotutako dokumentazio guztia emakumeen eskura jartzeko aukera emango luke, eta zerbitzuei aukera emango lieke baliagarri izan dakizkiekeen kasuekin lotutako beste datu batzuk kontsultatzeko (sarbide-baimen, baimen informatu eta abarren maila desberdinak diseinatuz).
Iturria: Irekia