Diputatu jeltzaleek Senatuan eztabaidatu diren hiru Lege Dekretuen alde bozkatu dute eta adierazi dute "ziur" daudela hitzarmen autonomikoen nagusitasuna, gaur indargabe geratu dena, laster egongo dela berriz indarrean
Euskal Taldeak gaur Senatuan ezohiko bileran egin den Kongresuko bilkuran deitoratu du Espainiako Gobernuak XV. Legealdi honetan orain arte Gorteetara eraman duen lege dekretuetako bat baliozkotu ez izana. Egoera honen aurrean, zeina Exekutiboaren lehen bozketa nagusiaren ondorioz gertatu baita, EAJ-PNVk berehala "jarrera aldatzeko" eskatu dio Espainiako Gobernuari hura babesten duten talde parlamentarioekin negoziatzerakoan, eta "eztabaida lasaia" eta akordioak lortzeko "beharrezkoa den denbora" eskaintzeko.
Bozketaren ondorioz Lan arloko Lege dekretua indargabetuta geratu da. Dekretu honen artikuluetan jasota zegoen EAJ-PNVk PSOErekin Pedro Sánchezen inbestidurarako hitzeman zuen akordioa, autonomia erkidegoetako lan hitzarmenei estatuko hitzarmenen gainetik nagusitasuna aitortuko zitzaiela, alegia. Horren aurrean, Idoia Sagastizabal diputatu jeltzaleak Goiko Ganberan hitza hartzeko izan duen tartean nabarmendu nahi izan duenez “ziur gaude edozein kasutan legean jasoko dela”.
Onartutako dekretuetako bat da `krisiaren kontrakoa´ izenez ezagutzen dena eta Ukrainako gerrak ekonomiarako eta gizartean sortu zituen ondorioei erantzuteko hartzen hasi ziren neurriak luzatzen duena. Testu honek jasotzen ditu EAJ-PNVk Espainiako Gobernuarekin adostu zituen akordioak txanda-kontratuak luzatzeko, bankuen eta energia enpresen zergak hitzartzeko eta trantsizio ekologikorako inbertsio estrategikoetarako pizgarriak emateko.
Hitza hartzeko izan duen tartean Idoia Sagastizabalek, Ekonomia gaietarako diputatu jeltzaleak, ziurtatu du EAJ-PNVk `baietz´ kritikoa eman diola Dekretuari, egungo testuinguru ekonomikoan beharrezko gertatzen delako “ziurtasunak eta segurtasuna eskaintzea”. Gainera, Sagastizabalek azaldu duenez, energien pizgarriak inbertsio berritzaileak bultzatzeko eta lanpostuak eta jarduera ekonomikoa sortzeko izango dira, eta Diaz presidenteordeari erantzun dio trantsizio ekologikorako inbertsio estrategikoetarako kenketak `opari fiskal´ direla esan duelako: "Ez al dira opari fiskal BEZaren beherapenak errenta altuagoak dituzten familiei eta errenta baxuak dituzten familiei mesede bera egiten dietenak eta zuk ere baliatu ahal izango dituzunak?”, galdetu dio Sagastizabalek Diazi.
Lurralde Politika gaietarako diputatu jeltzale Mikel Legardak bere aldetik onetsi du onartu den beste Lege dekretuan aurreikusten dela Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legean udalerri independente izateko gutxieneko biztanleria-atalasea 4.000 biztanleraino jaistea. Horri esker, Usansolo Bizkaiko 113. udalerria da, Toki Erakundeen Erregistroan inskribatu baitute.