EAJk hauteskundeei buruzko kalkuluak alde batera uzteko eta hitz egiteko deia egin die euskal alderdi politikoei, herritarren eskaerei erantzuteko akordioak lortu behar diren unean

Itxaso Atutxak Sondikako Uri Erakunde jeltzaleak urtero egin ohi duen ongintzazko ekitaldi solidarioan parte hartu du; urtengo diru-bilketa herriko Elikagaien Bankuarentzat izango da.

EAJk hauteskundeei buruzko kalkuluak alde batera uzteko eta hitz egiteko deia egin die euskal alderdi politikoei, herritarren eskaerei erantzuteko akordioak lortu behar diren unean 17Abenduak
2023
2023 AbenduaK 17 |
BBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Gaur, berriz ere, gure eskua luzatzen dugu elkarren artean hitz egiteko, adosteko, pertsonen bizimodua hobetzeko, Euskadi eta bere lurralde guztiak aurrera eramateko. Astia badago. Garaiz gaude. Hauteskundeetako kalkuluak alde batera uztea eskatzen diegu, hiritargoak une honetan behar eta eskatzen duenarekin lerrokatzeko: aurrekontuak, legeak eta ekimenak, Euskadi izan dadin bizitzeko tokirik onena. Hauteskundeak deitu ere ez dira egin, helduko da hauteskundeen garaia. Bien bitartean, ekin diezaiogun garrantzitsuenari, Euskadiri”. Dei hori egin die gaur goizean Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidenteak Euskadiko alderdi politikoei Sondikako Uri Erakundeak herriko batzokian Gabon aldian urtero egin ohi duen ongintzazko ekitaldia. Aurtengo diru bilketa herriko Elikagaien Bankuarentzat izango da.

Atuxak Sondikako alderdikideei gaurko ekitaldia antolatu izana eskertu ondoren gogoratu duenez “gizartean, urteko azken egunak dira gaurko hau bezalako ekitaldiak egitekoak, adiskideekin elkartzekoak, lagunarteko, familiako edo enpresako bazkari eta afariak egitekoak; arlo politikoan, berriz, Aurrekontu garaia da. Eta EAJ horretara dago: Aurrekontuak ateratzera eta pertsonen bizimodua hobetzeko Legeak onartzera”, bermatu du. Horretarako, BBBren buruak Lehendakariaren eredua ekarri du gogora, Iñigo Urkullurena, une honetan bere Jaurlaritzaren jardunean ari baita buru belarri “historiako Aurrekonturik sozialenak eta bost lege berri onartuko dira, Euskadin bizi garen pertsonen bizimodua hobetzeko”. Gogora ekarri duenez, ahalegin berbera eta konpromiso berbera erakutsi dute egunotan Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Elixabete Etxanobe, Ramiro González eta Eider Mendoza buru dutela eta “bakoitza bere lurraldea hobetzeko Aurrekontuak ateratzeko lanari ekinez”.

Baina, zoritxarrez “ikusi ahal izan dugu euskal alderdi politiko guztiak ez direla jarrera berbera erakusten ari. Batzuek botoi gorria sakatu dute dagoeneko eta hauteskunde garaian daudela ematen du”, baloratu du. “Nahiko lukete hauteskundeak bihar bertan izatea. Hori ez da izango, baina bost axola beraiei: euren interesetara daude, aurkari politikoa desgastatzera eta beren hautagaia aldarrikatzera jartzera, Euskadiko hiritargoa beste gauzetara dagoela pentsatu gabe, ezberdinen arteko elkarrizketa eta akordioak eskatzen baitizkie beren bizimodua eta ongizatea hobetzeko”. Zentzu beretik nabarmendu duenez “garaiz gaude oraindik” eta berretsi nahi izan du EAJ-PNVren jarrera “hitz egiteko, adosteko, pertsonen bizimodua hobetzeko; Euskadi eta bere Lurralde guztiak aurrera eramateko”.

Interesatu Zaitez