Eurodiputatu jeltzaleak Euzkadi Buru Batzarreko presidenteari jakinarazi dio datorren uztailean amaitutzat emango duela bere zikloa Bruselan, 2009an hasi zena
Izaskun Bilbao Barandica, Europako Parlamentuko EAJ-PNVko diputatu andrea, ez da izango talde jeltzaleak 2024ko hauteskundeetara eramango duen zerrendako burua. Talde jeltzalea bere hautagaitza aukeratzeko barne prozesua hastekotan dagoela, parlamentari bermeotarrak jakinarazi du bere erabaki hau EBBren presidenteari jakinarazi ziola udal hauteskundeekin hasi zen hauteskunde zikloa hasi aurretik. Izaskun Bilbao Barandicak gaur azaldu du datorren uztailean bere hirugarren legealdia bukatutakoan, hamabost urtetan Europako parlamentuko diputatu izan delarik, amaitutzat emango duela Europako erakundeetan eginiko ibilbidea. Ordura arte “ohore eta poz handia izango da Bruselan eta Estrasburgon legealdi honen azken egunera arte gizarte hau ordezkatzea”, esan du.
Bere erabakia eman du ezagutzera gaur goizean Sabin Etxean eman duen prentsaurrekoan. Diputatu abertzaleak gaurko agerraldian nabarmendu nahi izan du gizarte “bizi eta dinamikoa, herritargo europazale, sortzaile eta tinkoa” ordezkatzeko ohorea izan duela. Nabarmendu duenez gizarte hau dago, zalantzarik gabe, Europako gizarterik aurreratuenen artean, askotariko parametro ekonomiko,sozial eta kulturaletan”. Harrotasun honek “bermatzen du azken egunera arte Europako Parlamentuan nire ekarpena egiten jarraituko dudala, hiritargoak jarrai dezan Europako araugintzan parte hartzen eta inplikatzen.Nire harrotasunik handiena da Europako prozesu araugilera eraman ditugula milaka ideia,ekimen eta proposamen, sare sozial, ekonomiko, produktibo eta instituzionalean zuzentarau, araudi eta ekarpen izatera iritsi direnak, Europan era guztietako eztabaida eta maila goreneko taldeetan”.
Izaskun Bilbaok agerraldi honetan eskertu nahi izan ditu aldi honetan guztian era guztietako erakunde,organismo eta enpresetatik jaso dituen babesa, laguntza eta lankidetza “Izan ere, urte hauetan gurekin harremanetan jarri dira eta Europako arauak hobetzen lagundu duten proposamen baliagarriak, pragmatikoak eta originalak prestatzen lagundu digute. Azpimarratu nahi dut, gainera, solaskidetza hori ez dela mugatu gure koalizioko alderdiek ordezkatzen zituzten lurraldeetako gizarteetara”.
Bere esker ona adierazteko unean, bere familia ekarri nahi izan du gogora “aita eta ama bereziki, txiki-txikitatik irakatsi didatelako nondik natorren beti gogoan izaten, bai eta nora bueltatuko naizen ere, nire familia arrantzalearengana”. Bere lantaldeko kideak ere ekarri nahi izan ditu gogora “ordulariari edo egutegiari begiratu gabe, teorian egin zitekeena baino gehiago egiten lagundu didatelako”. Talde abertzalearen zuzendaritzari ere eskertu dio lan honetan eman dion babesa, bai eta EAJ-PNVko alderdikideei ere “etengabe beren adeitasun zintzo eta ordainezina adierazi didatelako”. Amaitzeko, hedabidetako profesionalei ere eskertu die “zarata politikotik at” mantendu izanagatik, eta aipamen berezia egin die albiste agentziei, aldi honetan guztian egin duen lanari buruz argitaratu dituen informazio ia guztiak zabaldu dituztelako.
Bilbao Barandicak gaurko agerraldia amaitzeko esan du "Euzko Alderdi Jeltzalea duela ehun urte baino gehiagotan Europa eraikitzeko prozesuan izan den katearen zati bat” izan dela sentitu duela. 1917an Lausanan Europako Nazionalitateen Kongresuan parte hartu zuenetik EAJ-PNVk harrezkero egindako lana gogoratu du, Eusko Jaurlaritzak erbestean zuen kanpoko dimentsioa gogoratuz eta Izaskun Bilbao Barandica bera baino lehen, Europako Ganberan EAJ-PNV ordezkatu zuten hiru pertsonak aipatuz, hala nola Jon Gangoiti, Josu Jon Imaz eta Josu Ortuondo.
Izaskun Bilbao Barandica 2009an izan zen lehen aldiz Europako hauteskundeetara talde jeltzaleak bidali zuen zerrendako buru, 2005ean Eusko Legebiltzarreko lehen emakume presidente bihurtu ondoren. Hautagaitza jeltzaleko buru izan zen berriz 2014an eta 2019an, deialdi bakoitzean aurreko hauteskundeetako emaitzak hobetuz. 2019an Euskadin jaso zituen 379.393 boto. Bigarren aukera izan zen Euskadin. EH Bilduk talde jeltzaleak baino 120.000 boto gutxiago jaso zituen, 246.488 babes jasoz.