Ortuzar: “EBBk ondorengotza proposatu du eta hori da Imanol Pradales izan dadila Ardanza-Ibarretxe-Urkullu katearen kate-begi berria”

Euzkadi Buru Batzarraren buruak ziurtatu duenez iragan larunbatean hartu zuen erabakiarekin Aberri Exekutiba jeltzaleak “onena bilatzen du Euskadirentzat”, “hurrengo bizpahiru legealditan pentsatuta”; hamabi urteko tartea izango da, 2035ra arte, non Herri honek Garapen Jasangarrirako Helburuen betepenari eta trantsizio klimatiko,digital eta sozialari heldu beharko dion

Ortuzar: “EBBk ondorengotza proposatu du eta hori da Imanol Pradales izan dadila Ardanza-Ibarretxe-Urkullu katearen kate-begi berria” 29Azaroak
2023
2023 AzaroaK 29 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Imanol Pradalesen proposamena da Alderdiak behar duenaren azterketa sakona eginik atera den emaitza, Euskadik behar duenarena ere, eta batez ere Alderdiak Euskadiri eskaini ahal dionarena, eta ez bizitza politikoaren tarte laburrean pentsatuta, baizik eta begirada altxatuta eta hurrengo bizpahiru legealdiak gogoan izanik. Pandemiatik atera gara behar eta aldarrikapen berriekin, eta agenda sozio-politiko intentsuarekin ere. Hor ditugu Garapen Jasagarrirako Helburuak, bai eta abian jarri behar diren hiru trantsizio digitalak ere: klimatikoa, digitala eta soziala. Prozesu horiek ez dira lau urteko kontua izango, baizik eta askoz ere tarte luzeagoa beharko baitute, eta prozesuak eramango gaitu 2030era edo 2035era. Hamabi urtetan beteko ahal ditugu!. Eta, hausnarketa horren emaitza gisa, egoki jotzen genuen lekukoa belaunaldi berri batek hartzea, adinari begiratuta hamabi urteko tarte horretan lan egin zezakeena eta une honetan erantzukizun gorena hartuta euskal erakundeen kudeaketaren lehen lerroan jar dadin. Zentzuzkoa da eta duela hamabi urte egin genuenaren antzekoa da”. Hitz horiekin azaldu du Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek EBBk iragan larunbatean hartu zuen erabakia, Imanol Pradales Gil Lehendakarigai proposatuz talde jeltzalean dagoeneko ireki den barne hauteskunde prozesurako. Barne hauteskunde prozesu hau urtarrilaren 27an amaituko da. Radio Euskadiri eskaini zaion elkarrizketan, Ortuzarrek argi utzi du erabaki horrek ez dakarrela bera buru duen Alderdiak Iñigo Urkullu egungo lehendakaria alde batera utzi duenik, proposatzen duena ondorengotza baita, Pradales izan dadin hurrengo Lehendakarigaia. “Ez dugu erabaki nor izango ez den, baizik nor izango den; ondorengotza,alegia”, ziurtatu du.

Ortuzarrek gogoratu du EAJ-PNVren goiburu nagusia dela ´Katea ez da eten´ leloa. Eta logika horretan sartu du EBBk 2024ko hauteskundeetarako egin duen proposamena. “Kate-begi berri bat erantsi diogu Ardanza-Ibarretxe-Urkullu osatu izan duten kateari, eta hurrengoa ere izango da kate horretan, lekukoa hartuko duena, kate-begi berria. Alderdia, Herria ere, kate horri lotuta eramango dugu, bide onetik eramateko”, azaldu du. Buru abertzalearen esanetan Imanol Pradalesen proposamena da EAJ-PNVk eta Euskadik gaur egun behar dutena eta etorkizunera begira beharko dutena jakiteko egin zen planteamenduaren emaitza. “Belaunaldi zehatz batekoa izan behar zen, nirea baino belaunaldi gazteagokoa; eskarmentu politikoa izan behar zuen, bai eta esperientzia kudeaketan ere; ondo mugituko dena gero eta esparru nazioartekotu eta globalizatuan; eleanitza; eta erakundeetako politikagintza ezagutzen duena, alderdien arteko politika, baina baita gure barruko politika ere, Alderdiarena”, azaldu du, eta amaitzeko esan du Pradalesen profilak bat egiten duela bete-betean planteamendu horrekin.

Ortuzarrek ziurtatu du EAJ-PNV ez zela izan Urkullu Lehendakaria EBBk proposatuko zuen hautagaia izango ez zela filtratu zuena, baina, hala ere, barkamenak eskatu nahi izan dizkie alderdikide jeltzaleei gai hau bide ez ofizialetatik ezagutu behar izan dutelako. Puntu honetan EBBren buruak gogora ekarri duenez “EAJ bere barne funtzionamenduan erabat demokratikoa da, prozesu bermatzaileen bidez gidatzen da, prozesu luzeen bidez, beste alderdiek egiten ez duten gauza bat egitera derrigortzen gaituztenak, jende aurrean biluztu egiten baikara gure planifikazio guztietan”, ziurtatu du, eta horrek batzuetan eragozten du prozesua egin ahal izatea Aberri Exekutibak nahiko lukeen diskrezioarekin: “Gure ahultasuna da demokratikoak garela”, esan zuen igandean Sukarrietan.

Ortuzarrek gaurko elkarrizketan ezeztatu du EAJ-PNVk azken hauteskundeetan sufritu duen desgastea Eusko Jaurlaritzaren jardunari egotzi ahal zaionik. “Egotekotan, markaren desgastea da, globala da”, esan du argi eta garbi. “Ez da errua elkarri egozteko ordua, auzo lana egitekoa baizik. Prozesu intentsua egin dugu, zehatza, udal eta foru hauteskundeetan gertatu zaigunari buruzko analisia eginez, eta orain dagokigu mezua bidali digun jende horren aurreikuspenei erantzutea, esan baitigute beste gauzak egin behar ditugula, aldatu eta pilak kargatu. Bada, pilak kargatzen hasi gara dagoeneko”, esan du.

Euzkadi Buru Batzarrak Pradalesen proposamenarekin eragin duen berrikuntza prozesu horrek Aberri Exekutiba berritu behar denean eragina izango ote duen eta berarengana iritsiko ote den galdetuta, Ortuzarrek argi baino argiago hitz egin du: “EAJ-PNVko alderdikide naiz hamahiru urte nituenetik, eta orain ez diot izan naizena izateari utziko. Alderdian ohitura batzuk daude, eta zu zara gertatuko dena jakingo duzun azkena. Herri kargudunak aukeratzeko barne prozesuetan ez bezala, non aberri edo herrialde exekutibek hautagaitzak aurkezten baitituzte, barne esparruan ez: alderdikideak dira zuzenean proposamenak egiten dituztenak. Datorrenean, ikusiko dugu. Nik uste dut denbora politiko batzuk daudela eta ondo dagoela horiek errespetatzea. Jendeak erabakiko du eta, jakina, atea neronek irekiko du erabakia horixe bada, Alderdiarentzat onena dela pentsatuta egingo dutelako, eta nik onena nahi dut EAJrentzat, uste osoa dudalako alderdia dela tresnarik onena Euskadiri gauzak ondo joan dakizkion”.

Interesatu Zaitez