Euskal gizarte-esparruetako 80 ordezkarik baino gehiagok parte hartu dute topaldian; Miriam Juan-Torres Berkeleyko Unibertsitateko (Kalifornia) Demokrazia arloko Ikerketa-zuzendariak eta Luis Miller CSICeko zientzialariak eman dituzte hitzaldiak
"Polarizazioa, demokraziaren haustura?" izenburuaren ildoan, Miriam Juan-Torres Berkeleyko Unibertsitateko (Kalifornia) Democracy & Belonging Forum Institute-ko Ikerketa zuzendariak eta Luis Miller CSICeko Politika eta Ondasun Publikoen Institutuko zientzialari titularrak parte hartu dute EAJ-PNV alderdiaren eta Sabino Arana Fundazioaren ekimenez egingo diren hamar topaldietako lehenengoan, "Euskadi Think Next" deritzon ekimenaren esparruan. Gogoetagune horretan, Euskadiren oraingo eta etorkizuneko erronkak jorratuko dira, euskal gizartearekin batera.
Xabier Barandiaran EAJ-PNV alderdiaren Berrikuntza Politikoaren arduradunak eta "Euskadi Think Next" ekimenaren zuzendariak koordinatutako lehen jardunaldi honetan, politikaren polarizazioaren gaia eta horrek demokraziari ekar diezazkiokeen arriskuak aztertu dira. Irekiera-ekitaldian, Sabino Arana Fundazioaren presidenteak, Mireia Zaratek, ongietorria eman die topaldian parte hartu duten euskal gizartearen askotariko esparruetako 80 ordezkariri baino gehiagori.
Luis Miller CSICeko zientzialariak emandako hitzaldian adierazi duenez, "Espainiako herritarrak duela hamarkada batzuk baino zatituago daude gaur egun politikaren ikuspegitik", herrialde garatu gehienetan gertatu den eredu berari jarraituz. Izan ere, Millerren iritziz, azken urteotan, "Espainiak aurrea hartu die usadioz zatituago egon diren herrialdeei, zatitze politikoz denaz bezainbatean".
Ideia horretan sakondurik, Millerrek adierazi du «espainiarren zatidura ideologikoaren gorakada lehendik datorren arren, orain dela hamarkada bat, Espainiako herritarren arteko zatiketa oso txikia zela gizarte-, politika- eta ekonomia-gai zehatzei zegokienez».
Nolanahi ere den, CSICeko zientzialariak azaldu duenez, "gaur egun, Espainiako herritarrak gero eta bloke ideologiko trinkoagoetan banatuta dago, eta gertaera hori gatazka-iturri garbia da, hasteko eta bat, elite politikoen artean eta, gero, egoera horri irtenbiderik eman ezean, herritarren artean. Epe laburrean, ondoriorik nabarmenenak hauexek dira: zeharkako akordiorik eza, higadura, blokeo instituzionala eta ernegazioa dira".
Euskadiri gagozkiola, Millerrek nabarmendu duenez, "politikaren polarizazioa mendebaldeko gainerako demokrazietan nagusi diren ereduei jarraitzen zaie, baina bertako ikerketek erakusten dute polarizazio-maila Estatuko beste lurralde batzuetan baino apur bat txikiagoa dela".
Millerren ostean, Miriam Juan-Torresek polarizazioaren esanguraz jardun du, termino hori hainbat egoera deskribatzeko sarritan erabiltzen den une honetan. Adituaren esanetan, "Polarizazioa honela uler daiteke: estatu bat (gizarte zatitu bat), estrategia bat (oinarriak mobilizatzeko eraginkorra) edo identitateak ideia eta lehentasun-multzo baten inguruan lerrokatzeko prozesu bat. Oro har, polarizazioa tematikotzat edo ideologikotzat (kontrako jarrera muturrekoak gai zehatzen inguruan) har dezakegu edo, bestela, afektibotzat; bi-bietan, talde kontrajarriak sortzen dira eta halako ‘gu haien aurka’ moduko bat sortzen da, non norberaren taldekoak preziatzen diren eta beste taldeko kidetzat hautematen direnak mespretxatzen dutenak", adierazi du.
Berkeleyko Unibertsitateko Democracy & Belonging Forum Institute-ko Ikerketa zuzendariaren arabera, "polarizazio afektiboa dugu arriskutsuena, bestea era estereotipatu eta itxuragabean ikusten baita, eta kasurik txarrenetan, gizatasuna ere galtzen da".
Miriam Juan-Torresek adibide batzuk eman ditu beste herrialde batzuekin erkaturik; hala, konparaziozko azterketa jakingarria eskaini du, hainbat alderdi gogorarazita, hala nola errealitatea bitan banatutako gizarteak baino askozaz konplexuagoa dela, herritar asko oso polarizatuta ez daudela edo oso alderdikoiak direla, eta Espainian oso indartsua dela blokeak edo poloak zehazten dituen ezker-eskuinaren esparrua, estatuaren alboko herrialdeetan ez bezala.
Berkeleyko Unibertsitateko ikertzaileak polarizazioaren arrazoiak ere azaldu ditu, sare sozialen eragina eta faktore psikologikoak azpimarratuta; beste alde batetik, gogorarazi digu "gizakiok taldekoiak garela, eta elkarlanean aritzeko joera ere badugula. Ildo horretan, identitateak bigunak dira eta errezeloak ere gainditu daitezke".
"Euskadi Think Next ikasteko, ideiak partekatzeko, eztabaidatzeko, sortzeko eta politika publikoak proposatzeko gogoetagune gisa eratu da, Euskadin, demokrazia, gizartea, ekonomia eta kultura indartzen lagundu nahi duten pertsona eta erakundeekin elkarlanean, ziurgabetasunez eta aldaketa sakonez beteriko egungo ingurumarian".
Iturria: Sabino Arana Fundazioa