EBBren presidente Andoni Ortuzarrek eta Sozialisten idazkari nagusi Pedro Sánchezek Madrilen izenpetu duten inbestidura akordioak aurrerapauso nabarmenak jasotzen ditu autogobernu alorrean, euskal kooperatibistek Segurantza Sozialaren esparruan duten egoera babesten du eta 100 milioi euroko partida jasotzen du euskarak unibertso digitalera eman behar duen jauzia eman dezan
EAJ-PNVk PSOErekin “akordio zabal eta ona lortu du Euskadirentzat” Pedro Sánchez hautagaiaren inbestidurarako egin diren negoziaketen barruan. Hitzarmen honek, Diputatuen Kongresuan EBBren presidente Andoni Ortuzar eta PSOEren idazkari nagusi eta jarduneko presidenteak izenpetuak, diputatu jeltzaleen baiezkoa bermatzen du inbestidurarako eta legegintzaldiaren egonkortasunerako, betiere aurrerapausoak ematen badira eta akordioak zintzotasunez betetzen badira.
“Akordio hau ona da Euskadirentzat, egungo autogobernuan aurrera egiteko pausu argia ematen delako, eta etorkizuneko autogobernua betetzeko pausu sendoak ematen direlako. Hori dena aurreikusten da urte biko epe barruan, prozesu bietarako”, azaldu du Ortuzarrek akordioa izenpetutakoan.
Egungo autogobernuari dagokionez, bermatu egiten da pendiente dauden eskuduntzak negoziatzea eta transferitzea. Eta, etorkizunari dagokionez, parte biek adostu dute negoziatzea “Euskadiren naziotasunaren aitortzaz, euskal eskuduntzak babestu beharraz eta aldebikotasunean eta eta forutasunean oinarritutako berme sistemaz”. EBBren buruak azaldu bezala. “Lortuko diren akordioek erantzun beharko diete Eusko Legebiltzarraren gehiengoak eskatzen duenari, bera baita Euskadiko herritargoaren ordezkari legitimoa”. Nafarroako autogobernuari dagokionez, akordioak jasotzen du Nafarroako Foru Komunitateak sei hilabeteko epe barruan jasoko dituela B+G+I sektorearen eta Beken eskuduntzak.
Agiriak ere jasotzen ditu EAJren aldarrikapen historikoak, hauen artean EAEko hitzarmen autonomikoen nagusitasuna bermatzea. Ekonomia Ituna ere indartu eta zabaldu da zergak adosteko hitzarmenarekin eta Itunaren eta Nafarroako Hitzarmenaren Batzorde Mistoan zorraren mugak ituntzeko akordioarekin.
Ortuzarrek ildo beretik adierazi duenez “era berean, adostu dugu Itunaren Batzorde Mistoak ahalmena izango duela Lan Eskaintza Publikoetan birjarpen-tasak finkatzeko, bai eta langile publikoen ordainsariaren igoeraren gehieneko globalak finkatzeko ere. Eta gauza bera Nafarroarentzat”
Itun honen bidez EAJ-PNVk ahalbidetzen du Euskadin kolektibo askori eragiten dieten arazoak konpontzea”. Hala, lortu den akordioa dela medio, irtenbidea emango zaie Estatuan egin diren azken lege aldarazpenengatik kooperatibistei eta beren gizarte aurreikuspeneko sistema propioari eragin zaien egoerari; Usansolo Bizkaiko udalerri gisa eratu ahal izatea ahalbidetuko da eta Hondarribiko erabilera publikoko lurretan geratzen den gatazka konpontzea ere.
Ortuzar oso pozik agertu da akordio berean jasotzen delako datozen lau urteotan 100 milioi euroko ekarpena egitea euskarak unibertso digital berrira eman duen pausua eman dezan.
Azkenik, EBBren buruak ziurtatu du Ertzaintzaren eskuduntzak indartuko direla, bai eta bere presentzia eta parte hartzea ere nazioarteko segurtasun arloetan.
Akordioa, betepenerako prozedura bermatzaileak jasotzen dituena eta zerga eta ekonomia alorrean ere autogobernurako aurrerapausoak sakontasun osoz garatzen dituena eta Europari begirako atal berezia jasotzen duena negoziatua izan da “erantzukizuna eta zorroztasun demokratikoa” abiapuntu hartuta.
Xehetasun guztiak Aitor Estebanek azalduko ditu gaur arratsaldean Sabin Etxean, hedabideen aurrean egingo den agerraldian.