Aldundiak 66 milioi euro bideratuko ditu gizarte-kohesioan aurrera egiteko eta nortasun propioa indartzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak 2024rako aurrekontuak aurkeztu ditu, bizkaiera, Bizkaiko dialekto propioa den aldetik, sustatzeko ikuspegi argiarekin. Aldundiak lehentasuna emango dio euskara gizartean erabiltzeko eta orokortzeko jarduerak zabaltzeari, alfabetatze- eta euskalduntze-lanak barne.

Aldundiak 66 milioi euro bideratuko ditu gizarte-kohesioan aurrera egiteko eta nortasun propioa indartzeko 08Azaroak
2023
2023 AzaroaK 08 |
Bizkaia BBNN

PARTEKATU

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak bere sailaren aurrekontuak aurkeztu ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan. Bizkaiko Foru Aldundiak 66.173 milioi euroko aurrekontua esleitu dio sailari, 2024rako, saileko hiru zuzendaritzetan banatuta: Euskara, Kultura eta Kirola. Azken zuzendaritza hori legegintzaldi berri honetan sortu da.

Aurrekontuaren helburu nagusia da euskal kultura eta nortasuna bultzatzea eta indartzea, euskararen erabilera sustatzea eta kirola gizarte-kohesiorako tresna gisa sustatzea.

Leixuri Arrizabalagak azpimarratu duenez, aurrekontua bat dator analisi-aldi baten ondoren aurkitutako premiekin, eta komunikazioaren, lankidetzaren, kudeaketa eraginkorraren eta gardentasunaren garrantzia nabarmendu du euskal gizartearen kohesioa eta euskal kulturaren aberastasuna sustatzeko baliabideak gauzatzeko orduan.

Hala, Euskara, Kultura eta Kirol Sailak konpromisoa hartzen du komunitatearekin hurbileko komunikazioa izateko, erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzeko, eta baliabideen kudeaketa eraginkorra bermatzeko, euskal gizartearen kohesioa eta euskal kulturaren aberastasuna sustatzeko helburua lortze aldera.

Bizkaieraren sustapena

Euskara arloak 8.001.000 euroko aurrekontua du, eta haren helburu nagusia da Bizkaiaren berezko euskalkia bultzatzea eta haren erabilera sustatzea. Euskararen erabilera eremu guztietan sustatu nahi da, kirola, aisialdia, eremu sozioekonomikoa eta gazteen artekoa barne.      Aldundiak gazteen hizkuntza-ohiturak hobetzen ere lan egiten du; izan ere, gazte batzuek, euskaraz eskolatu arren, hizkuntza horretan eroso hitz egiteko zailtasunak dituzte.

Helburu horiek lortzeko, funtsak esleitu dira, besteak beste, kirolaren eremuan euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko eta aisialdian euskararen erabilera sustatzeko. Horretarako, 2.080.000  euro bideratuko dira. Sailak gazteen artean euskararen erabilera naturalerako ekimenak sustatzearen alde ere egingo du, 70.000 euro bideratuta, edo euskaraz eskolatu arren euskaraz eroso hitz egiteko zailtasunak dituzten gazteen hizkuntza-ohituretan eragitearen alde;finean, eremu informalean ere euskararen erabilera sustatzearen alde. Esate baterako, eremu sozioekonomikoan euskararen presentzia sustatzeko, Foru Erakundeak 362.000 euro inbertituko ditu eta, gainera, 910.000 euroko inbertsioa egingo du euskarak ingurune digitalean duen presentzia areagotzeko eta hizkuntzaren erabilera sustatzeko.  Bizkaiko Foru Aldundiaren euskalduntzeak, berriz, 471.000 euroko aurrekontua du. Gainera, Euskara Zuzendaritzaren bidez, Foru Erakundea euskararen eta bizkaieraren bizi-indarra zabaltzen saiatuko da, euskarazko sorkuntza sustatuz.

Kultura propioa aberastea

Kultura arloak, berriz, 42.043.000 euroko aurrekontua du, euskal kulturaren nortasunaren sustapenean eta kontserbazioan aurrera egiteko. Honako hauek izango ditu ardatz: kultura-sorkuntza eta -dinamismoa babestea eta sustatzea, talentua eta kulturartekotasuna sustatzea, euskal kultura-ondarea zaintzea Bizkaian, eta kultura-azpiegituren eraginkortasuna hobetzea. Foru diputatuak azpimarratu du buru duen sailak Udalekuak programara bideratutako aurrekontua handituko duela 2024ko ekitaldirako. Programa horretan 829.000 euro inbertituko dira, eta plaza-kopurua gehitu egingo da, guztira,1.500 plaza. Hala, Foru Erakundeak aisialdiko gizarte-hezkuntza sendotuko du.

Proiektu espezifikoei ere zuzendu zaizkie funtsak; besteak beste: kultura-lankidetzak indartzeko (1.904.000 €), Bizkaiko kultura-proiektuetarako dirulaguntzak (350.000 €) 6.000 biztanletik beherako udalerrientzat eta 1.554.000 € Bizkaiko kultura-proiektuetarako eta jaialdietarako. Sailak, oro bat, 721.000 euro bideratuko ditu udal antzokien programetara, eta 810.000  euro ikus-entzunezkoak sustatzeko. Halaber, dantza-sarea 262.000 eurorekin indartzea sustatuko da, eta 295.000 euro erabiliko dira Bizkaiko arte eszenikoen proiektuei laguntzeko. Industria-ondarea sustatzeko ere erabiliko dira funtsak, beste proiektu batzuen artean.

Bizitza aktiboa sustatzea

Kirol arloak 12.527.000 euroko aurrekontua du, eta bizi-kalitatea, aukera-berdintasuna eta kirolaren bidez balioak transmititzea ditu ardatz.              Foru Erakundeak funtsak esleituko dizkie hainbat ekimeni, hala nola, tokiko kirolak antolatzen laguntzeari, dibertsitate funtzionala sustatzeari eta eskola-kirolari.

Proiektuen artean, honako hauek daude: tokiko kirolak antolatzen laguntzea, kirol-federazioak babestea, kirol-ekitaldiak egitea, Bizkaiko kirol-talentua babestea eta kirol-jarduerarako espazio naturalak gaitzea eta dinamizatzea. Gainera, 2.900.000 euro bideratuko dira kirol-instalazioak hobetzeko, eta 71.000 euro , dibertsitate funtzionala sustatzeko. Baliabideak zuzenduko zaizkie prestakuntza-programei, udalei aholkularitza emateko programei eta kirolarekin eta genero- eta aukera-berdintasunarekin lotutako beste proiektu batzuei.

Administrazio-kudeaketa erraztuz

Organo laguntzaile eta koordinatzailea, hots, saileko Zerbitzu Orokorrak administrazio-izapideak herritarrengana hurbiltzeaz arduratzen dira. Horren barruan, honako zeregin hauek sartzen dira: kontrol juridikoa eta ekonomikoa; langileen kudeaketa eta kontratazioa, eta ohiko izapideetarako aplikazio informatikoak erabiltzea, Foru Plan Informatikoaren bitartez. Zerbitzu horietarako aurrekontuko partida 3.602.000 euro da.

Euskara, Kultura eta Kirol Sailak berdintasun-neurrietara bideratutako aurrekontuaren ehunekoa handitu du, genero-inpaktu positiboa zeharka sortzeko. Diputatuak azpimarratu duenez, sailak ematen dituen dirulaguntza lerro guztiek genero-berdintasunaren irizpidea dute, eta nabarmendu du genero-berdintasunaren arloan urratsak ematen ari direla. Era berean, Arrizabalagak aipatu du 2023ko aurrekontuei dagokienez, buru den sailaren genero ikuspegitik eragina izango duen aurrekontu-partida % 4 haziko dela 2024an.

ITURRIA: BFA

Interesatu Zaitez