Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak Bizkaiaren eraldaketa bultzatuko du 265 milioi euroko inbertsio batekin

2024ko aurrekontuek nabarmentzeko moduko partidak jasotzen dituzte obra estrategiko handiei ekiteko, hala nola itsasadarraren azpiko tunelari eta Markinako saihesbideari. Gainera, bizikleta bidezko mugikortasunari bultzada handia emango zaio, proiektu garrantzitsuen bidez, hala nola itsasadarreko bulebarra eta All Iron deritzon bizikleta-zubi mugigarria.

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak Bizkaiaren eraldaketa bultzatuko du 265 milioi euroko inbertsio batekin 07Azaroak
2023
2023 AzaroaK 07 |
Bizkaia BBNN

PARTEKATU

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatu Imanol Pradalesek inbertsio publikoko asmo handiko plan bat iragarri du, 2024ko aurrekontua aurkezteko ekitaldian. Azaldu duen bezala, sailaren 2024rako jarduketa-multzoaren diseinuak asmo handiko inbertsio-plan bat ekarri du, 265,9 milioi eurokoa (2023ko datuekin alderatuta, % 14,2 gehiago), helburu hauek dituena: azpiegitura eraldatzaile berrien garapena bizkortzea, jarduera ekonomikoa sortzea eta 1.785 lanpostu sortzea eta/edo mantentzea. Hark ziurtatu duenez, azpiegitura publikoetan egindako inbertsioak lurraldearen hazkunderako eta egonkortasunerako eragile izan daitezkeela erakusten du argi eta garbi.

Imanol Pradalesek sailaren ekitaldi berrirako kontuak zehatz-mehatz azaldu ditu Batzar Nagusietako Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Batzordearen aurrean. Sailaren aurrekontuak 243.111.000 euro dira, eta lau jarduera-ildo estrategikotan zentratzen dira: Bizkaia azpiegituren bidez eraldatzea, bide-azpiegituren berrikuntza, iraunkortasuna eta trantsizio energetikoa bide-sarean, eta etorkizunean Bizkaia orekatu bat garatzeko prestatzea.

132 milioi azpiegitura estrategiko berrietarako

Bide-azpiegitura berrietako proiektu handiak Interbiak-en bidez egiten diren inbertsioen barruan sartzen dira, eta, guztira, 132,4 milioi euro dira. Inbertsio horien artean daude itsasadarraren bulebarra eta All Iron zubia, bizikleta-oinezkoentzako zubia (28 milioi euro), La Avanzada estaltzea Leioan (19,4 milioi euro), itsasadarraren azpiko tunela (25 milioi euro) eta 11 milioi euro Markinako saihesbidea eraikitzeko.

Aldi berean, bizikleta-mugikortasunari bultzada handia emango zaio, 6,2 milioi euroko inbertsioaren bidez. Inbertsio horren barruan hainbat bidegorri eraikiko dira: Bilbo-Basauri-Etxebarrikoa, 2,7 milioiko kostuarekin; Santurtzi-La Arenakoaren hirugarren fasea, 1,5 milioiko kostuarekin; Etxebarria-Markinakoa, 0,5 milioiko inbertsioarekin; eta, gainera, bizikleta-pista berriak eraikitzen hasi dira.

59,9 milioi euro kontserbazio-lanetan

Foru-sareko 1.300 kilometroen kontserbazioa eta mantentzea eguneko 24 orduetan bermatzen da, urteko 365 egunetan, 59,9 milioi euroko inbertsio batekin.

Gainera, 2024. urtean 7,6 milioiko inbertsioa egingo da Bidesarea Planean zenbait jarduketa egiteko, eta beste 3 milioiko inbertsio bat, proiektuak idazteko, hala nola Sollube, Urtia, Mallumendi, Barazarreko hirugarren erreia eta itsasadarraren azpiko tunela.

Bestalde, lurraldeko foru-sarea hobetzeko eta kontserbatzeko jarduera-sorta bat jasotzen du aurrekontuak, guztira 15 milioi euroko inbertsioarekin. Jarduera horien artean, honako hauek daude: motor-gidariak babestea eta bide-zoruak berritzea, bai eta tuneletan esku hartzea ere; hori guztia 1,9 milioiko kostuarekin.

Berrikuntza eta bide ez diren azpiegiturak

Kontuetan bide-azpiegituren berrikuntzari buruzko atal espezifiko bat sartu da, berriz ere; berrikuntza honako proiektu hauen bidez garatuko da: kontrol-zentro elkarreragingarriak ezartzea, sarea digitalizatu eta sentsorizatzea, «ibilgailu-azpiegitura» komunikazioa, eta material berriak erabiltzea, besteak beste. Halaber, 7 milioi euroko inbertsioa egingo da, bide-argietan energia-eraginkortasuna sustatzeko.

ITURRIA: BFA

Interesatu Zaitez