Gazte erakunde jeltzaleko ordezkariek beren gaitzespena adierazi dute euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen dituzten ebazpen judizialen aurrean, eta aurreratu dute datorren larunbaterako deitu den eta Bilbon egingo den manifestaldian parte hartuko dutela.
Euzko Gaztedi-EGIk bat egin du gaur goizean azken asteotan euskararen normalizazioaren eta erabileraren alde egin diren aldarrikapenekin, eta azken aldian ezagutu diren epai judizialen edukiarekin erabat ados ez dagoela adierazi du. Gazte jeltzaleek gaurko agerraldian nabarmendu dutenez, aipatu epai horiek euskaldunen hizkuntza-eskubideak murrizten dituzte, eraso egiten diete euskal Autogobernuari eta Eusko Legebiltzarraren legegintza-gaitasunari, eta euskal gizartearen gehiengoak adierazi duen adostasunaren kontra daude. Hori dela eta, euskararen biziberritzearen alde deituko diren mobilizazio guztietan parte hartzeko deia egin diete egikideei eta, oro har, euskal gazteri osoari.
Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean egin den ekitaldian, Olatz Arrese eta Julen Antoñana egikideek hartu dute hitza hirurogei bat gazte jeltzaleren babesarekin. Hitzaldiaren hasieran elkartasuna adierazi nahi izan diete ekitaldi publiko batean euskaraz mintzatzeagatik irainduak edo gutxietsiak izan diren euskal ordezkariei. Aste honetan bertan halako gertakari tamalgarri baten protagonista izan da, hain zuzen, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Familia Enpresaren kongresuan lehen hitzak euskaraz esatean.
Ondoren, komunikatu bat irakurri dute, eta ondorengoa da bere eduki osoa:
Azken urteotan gorakada izan duten euskararen biziberritzearen eta normalizazioaren aurkako epaien aurrean Euzko Gaztedi-EGI-k ondorengoa adierazi nahi du:
Euzko Gaztedi-EGIk, orain arte egin duen bezala, euskararen defentsan tinko jarraituko du. Horrela, gazte erakunde abertzale eta euskalduna izanik, eta bere printzipioei eta baloreei jarraituz, publikoki adierazi nahi du bat egiten duela Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako Bilbon deitu duen manifestazioarekin eta bertan izango dela euskaldunon hizkuntza eskubideak aldarrikatzen. Era berean, egikide zein euskal gazteria animatu nahi du euskararen normalizazio eta erabilera aldarrikatzeko beste lurralde edo udalerri batzuetan deitutako aldarrikapen-ekintza guztietan parte hartzera.