EAJ-PNVk inbestidurarako bere botoak behar dituela gogorarazi dio Sanchezi, eta bere programan euskal eta kataluniar alderdien eskaerak aintzat hartzeko eskatu dio

Itxaso Atutxa BBBren presidentea gaur goizean izan da Portugaleten Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Uri Erakundeekin egin den topaketan. Bertan elkartu dira eskualde horretako ehun alderdikide baino gehiago

EAJ-PNVk inbestidurarako bere botoak behar dituela gogorarazi dio Sanchezi, eta bere programan euskal eta kataluniar alderdien eskaerak aintzat hartzeko eskatu dio 28Urriak
2023
2023 UrriaK 28 |
BBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Pedro Sánchezi gogoratu nahi diogu gure botoak behar dituela eta, beraz, bere egitasmoan jaso edo erantzun behar dituela euskal eta kataluniar alderdien eskakizunak, bai eta ehunka milaka biztanleena ere, eta hori guztiz ulergarria eta logikoa da Moncloan jarraitzeko asmoa badu”. Hauxe izan da Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidenteak EAJ-PNVren izenean Portugaleteko batzokiko atean zabaldu nahi izan duen mezua. Autxa Portugaleten izan da gaur Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Uri Erakundeekin egin den topaketan, bertan elkartu diren ehun alderdikide baino gehiagorekin.

Bizkaiko jeltzaleen buruak adierazpen hauek egin ditu aste honetan bertan PSOE eta Sumar-en artean Pedro Sánchezen inbestidura bermatzera begira adostu den akordioaren terminoak ezagutzera eman ondoren. Atutxak azaldu du EAJ-PNVren kezka dela euskal eta nafar eskuduntzak inbaditzera iristea. “Kezkatzen gaituena da bankuei eta argindar enpresei ezarri nahi zaizkien “zerga” horiek Ekonomia Itunaren eta Ekonomia Hitzarmenaren sistemak ez errespetatzeak; eta kezkatu egiten gaitu baita akordio horren atzetik agenda propioak inposatzeko ahalegina egoteak ere, inbestidura honek aurrera egin dezan beharrezko garen beste alderdi batzuen agendekin talka egin baitezake horrek”.

Ildo beretik esan duenez “Podemosen bost botoak lortutzat ematen baditugu, Sánchez hautagaiak 153 babes ditu gaur egun”. Beraz, 23 boto geratuko litzaizkioke Kongresuan gehiengoa lortzeko behar diren 176 botoetara iristeko eta presidente bihurtu ahal izateko; boto horiek, gogoratu du Atutxak, “Euskadiko eta Kataluniako alderdi abertzale eta soberanistetatik baino ezin izango dira atera”.

BBBren buruak amaitu du esanez “alderdiren batek bere babesa `musutruk´ emango duela iragarri duen arren”, EAJ-PNVk jarraituko du eskatzen Estatu ereduaren erreformari heltzea: “Euskadi eta Katalunia nazio baikara”; era berean erreklamatuko du aurreko legealditik betetzeke dauden konpromisoak betetzeko “tartean Gernikako Estatutua”; eta “beti egin ohi dugun moduan, zerrenda horretan sartuko ditugu euskal hiritargoaren bizimodua hobetuko duten inbertsioak, azpiegiturak, neurriak eta eskubideak”.

Interesatu Zaitez