Aurrekontu-proiektuak guztizkoaren %76 bideratzen du gizarte-politiketara eta 653 milioi euroko gehikuntza izan du 2023ko aurrekontuarekin alderatuta. Osasun Saila da aurrekontu handieneko saila, 4.896,6 milioi euro, ekitaldi honetan baino 246 milioi euro gehiago
Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren Proiektua, 15.025,4 M €-koa, hau da, 774,7 M €-ko igoera izan dA aurrekontu orokorrean —iaz baino % 5,4 gehiago—.Legealdi honetako azken aurrekontu-proiektua da, ziurgabetasun globalek markatutakoa, hala nola pandemiak, gerra-gatazkek eta inflazio handiak. Horiek, zalantzarik, gabe gastu publikoa baldintzatu dute. Aurrekontu hauek 4 herri-zutabetan oinarritzen dira: PERTSONAK, PLANETA, OPAROTASUNA eta AUTOGOBERNUA. Apustu sendoa dira Euskadiko bizi-kalitatea bermatzeko eta hobetzeko—Osakidetzan hazkunde handia izan da—, eta haren garapen ekonomikoa eta enpleguaren sorrera sustatzeko.
Aurrekontu-proiektu honek guztizkoaren % 76 (10.934,4 M €) gizarte-politiketara bideratzen du; hau da, 653 M € inguruko igoera dago aurreko urtearekin alderatuta. Osasuna da aurrekontu handieneko saila —4.896,6 M €—, eta zenbateko horren % 79 Osakidetzari dagokio. Jarraian, Hezkuntza eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak dira hazkunderik handiena izan dutenak, hezkuntzako langileen eta etxebizitzako igoera handiagatik, hurrenez hurren.
Eusko Jaurlaritzak apustu irmoa egiten du inbertsio publikoaren alde, 2.000 M €-tik gorakoa baita (2023an baino % 13,5 gehiago), eta I+G+B-ren alde, % 6,5eko hazkundearekin (700M M €-tik gora). I+G+B-ra bideratutako aurrekontua % 31 hazi da 2021etik.
2024ko aurrekontuak genero berdintasunarekiko konpromiso irmoa ere jasotzen du. Izan ere, % 19,2 hartzen du, 2023an baino 2,2 puntu gehiago. Guztizko soldata-kostua Euskadiko sektore publikoan 5.900M€-koa da (Administrazio Orokorrean 2.757M€).
“Ziurgabetasun globalaren testuinguru honetan, aurrekontua gure zerbitzu publikoak mantentzeko eta hobetzeko euskarri eta bermatzaile bihurtzen da, pertsonekin, garapen ekonomikoarekin, enpleguarekin eta gure planetaren zaintzarekin konprometitutako etorkizuna eraikitzea helburu hartuta”.
Urriaren 27an, aurrekontu-proiektua Eusko Legebiltzarrean erregistratuko da, eta sailburuak azaroaren 6tik 8ra bitartean agertuko dira. Agerraldi horien ostean, hilaren 9an, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PP eta Cs gonbidatuko ditut lehen kontraste-txandara, aliantza posibleak aztertzeko. Plana onartzeko aurreikusitako data abenduaren 22a da. “Badakit ez dela erraza urte batean babesak lortzea, baina konfiantza dut guztiok jakingo dugula egoerak eskatzen duen mailan egoten, eta Euskadi politikak izan beharko lukeen horren isla bihur daitekeela”, adierazi du Azpiazuk.
1. Ahultasun-egoera ekonomia garatuetan
Hirugarren hiruhilekoko datuak eguneratuta, eta enplegu-aurreikuspenak barne, 2024rako aurrekontuak ekonomia garatuen ahultasun-egoera batean kokatzen dira, inflazioa geldiarazteko interes-tasen igoera azkarraren eta nazioarteko merkataritzak bizi duen atzerakadaren ondoriozko eskaririk ezaren ondorioengatik.
Ekonomia aurreratuetan, inflazioak jarraitzen du hazkunde handiagoa lortzeko eragozpen nagusi gisa izaten. Banku zentralen gehiengo zabal baten baterako ekintzak eta Txinako ekonomiaren egoerarekiko ziurgabetasunak —beste inguruabar batzuetan deflazio-esportatzaile handitzat har liteke—, eta munduko merkataritzaren bolumenean duten posizio garrantzitsuak haiek ahultzea ekarri dute berekin.
Txosten berrienean, Europako Batzordeak Europar Batasuneko estatu kideen 2023ko hazkundea % 1,0tik % 0,8ra murriztu du, eta euro-eremuarena % 1,1etik % 0,8ra. Era berean, EBZk bi hamarren murriztu du 2023rako aurreikusitako hazkundea, eta bost hamarren 2024rako aurreikusitakoa —% 0,7 eta % 1,0, hurrenez hurren—.
Europako gainerako ekonomien joerarekin kontrastean, Espainiako ekonomiaren aurreikuspenak positiboak dira 2023an, % 2,4ko eta % 2ko hazkunde-aurreikuspenarekin 2024an.
Euskal ekonomia ez da Europako ekonomiek bizi duten desazelerazio-prozesutik kanpo geratu, nahiz eta hirugarren hiruhilekoko hazkundeak nabarmen gainditzen dituen inguruko ekonomien emaitzak. Horregatik, urte honetarako hazkunde-aurreikuspena % 1,7koa da orain, eta 2024rako aurreikuspena % 2,1ean mantenduko da.
Egia da zenbait aldaketa gertatzen ari direla bere osaeran, kanpoko eskaria ahultzeko espektatibaren ondorioz, nahiz eta efektu hori kontsumoaren eta inbertsioaren bultzadak konpentsatzea espero den.
Lan-merkatuaren bilakaerak aldeko bidean jarraitzen du. Hala, aurreikusten da lanaldi osoko 13.000 lanpostu garbi sortuko direla aurten, eta beste 16.000 gehiago datorren urtean; hau da, urte arteko hazkunde-tasak % 1,2 izango dira 2023an eta % 1,6 2024an. Horri esker, 2023ko langabezia-tasa % 7,5era jaitsiko da, eta 2024an jaisten jarraituko du, % 7ra arte.
2. Ekonomia- eta finantza-esparrua
Diru-sarrerei dagokienez, foru-aldundien ekarpenak 12.687 M €-koak dira; hau da, 786 M €-ko igoera izan DA (+% 6,6). SEM Europako Funtsetan aurreikusitako zenbatekoa 341 M €-koa da —2023an baino 81 M € gehiago—, eta aurrekontu-legean partida gehiago iritsi ahala jasoko da haiek sartzea. Bestalde, energiaren eta kreditu-erakundeen aldi baterako kargek 119 M €-ko ekarpena egingo dute.
Aurrekontuetan jasotako defizitaren helburua % 0,3 da, eta 2023rako aurreikusitakoaren erdia murriztu da. 2024ko aurrekontuetan 206 M €-ko zorpetze garbia sartu da, eta 631 M €-ko amortizazioak. Beraz, zorpetze gordina —gordina + amortizazioak— 837 M €-tan planteatzen da. Bestalde, 2024an zor publikoa BPGd-aren % 12,3koa izango da (10.862 M €), Estatuko batez bestekoaren erdia.
3. I+G-ko inbertsioa
Eusko Jaurlaritzak % 6,5 handituko du I+G+b-ko aurrekontua, 701,2 M €-ra arte, eta horrek legegintzaldian metatutako % 31ko igoera dakar.
4. Sailen araberako banaketa:
Osasuna – 4.896,6 M € (+246,1 M €): Sailaren igoeratik 206,7 M € Osakidetzara bideratzen dira, eta haren zuzkidura 3.889,4 M € da. Gainera, osasun-sistema modernizatzeko 137 M €-ko inbertsio berriak egingo dira. Farmazia-gastuen aurrekontua 570 M € ingurukoa da (+20,5 M €).
Hezkuntza – 3.672,9 M € (+190,2 M €): Ikastetxe publikoetako langileen partida % 5,4 hazi da, eta azpiegituretako inbertsioak 146,3 M €-raino igo dira, % 31,3ko gehikuntzarekin (+34,8 M €). Hezkuntza-itunak % 3 hazi dira, 785,9 M €-raino. HAURRESKOLAK Partzuergoa 74,4 M €-ra iritsi da, % 17ko igoerarekin, haien doakotasunagatik erronka demografikoaren estrategiaren esparruan. EHUk 375,3 M € ditu —% 6,2ko gehikuntza—.
Lana eta Enplegua – 1.177,4 M € (+68,1 M €): sail honen partida nagusiak Prestazioak dira, 641 M €-rekin (+76 M €), eta hor sartzen dira DSBEa, 382 M €-rekin (+70 M €), BGDSa, 180 M €-rekin, eta etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria, 79 M €-rekin (hilean 300 €-ko zenbatekoa aurreikusten du). Lanbideri dagokion partida 1.161,7 M €-koa da (+69,8 M €).
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioa – 966,4 M € (+ 190,2 M €): Europako SEM funtsen inpaktua argia da, eta garatu behar dituen programetarako 180,8 M €-ko zenbatekoa dago. Sail honek 210,8 M € inbertituko ditu etxebizitzan, eta azpimarratzekoa da Gaztelaguni 17,6 M €-ko laguntzak emango dizkiola gazteentzako alokairurako, eta Biziguneri 35,8 M €-koak. ALOKABIDErako ekarpena 33,9 M €-koa da alokairurako sustapenak erosteko (+13,7 M €). ETSrentzako dirulaguntza 30 M € igo da (+% 26), eta 115 M €-koa izatetik 145 M €-koa izatera igaro da.
Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena – 873,7 M € (+23,9 M €): nabarmentzekoa da Nekazaritza eta Landaren eta Itsasertzaren Garapena programen igoera, 119,9 M €-ra iristen baitira (+25,9 M €); Berrikuntza eta Lehiakortasun Estrategia programak 14,1 M €-ra igo dira, eta Nazioartekotzea programa 31,6 M €-ra. SPRIk 143 M €-ko aurrekontua izango du (+14 M €), EEEk 160,5 M €-koa eta IHOBEk 12 M €-koa.
Segurtasuna – 790,2 M € (+43,8 M €): sail honetan, Ertzaintzari zuzendutako partida 737,9 M €-koa da, 29 M € inguruko gehikuntzarekin, eta horietatik 23 M € langileen ordainsarietarako dira. Horrekin batera, inbertsioak 46,7 M €-koak dira, eta Cyberzaintza agentziarako partida 2 M €-koa. Aurten, gainera, 9,6 M € sartu dira hauteskunde-prozesuetarako.
Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak – 682 M € (+37,1 M €): Emakundek 8,18 M €-ko aurrekontua izango du, Garapen Lankidetzarako Agentziak 55,78 M €; Gogorak 6,76 M €-rainokoa, 3,65 M €-rainokoa bere erakusketa-gune berrirako; Migrazioak eta Asiloa programak 17,5 M €-rainokoa; nabarmentzen da familia-sarerik gabeko gazteentzako “Trapezistak” programa, edo harreraren euskal eredua 5 M €-rekin indartu izatea—; Gizarte Zerbitzuek 90 M € xurgatzen dituzte, eta Familiei eta Haurrei eskainitako zenbatekoa 162 M €-rainokoa da; 0-3 urteko seme-alaba bakoitzeko hilean 200 €-ko laguntzak eta familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak barne. 41,5 M € GLLetarako eta 74 M € espetxetarako. Justizia Sailaren aurrekontua 316,2 M €-koa da —25,4 M €-ko igoera—, eta horietatik 11 M € justiziako funtzionarioen soldata-homologazioari dagozkio.
Kultura eta Hizkuntza Politika — 369,4 M € (+16,2 M €): Kiroletan izandako igoerak (% +22) eta kultura sustatzeko ikus-entzunezkoen sektoreari emandako babesa (% 46) nabarmentzen dira. EITBk 192,4 M € izango ditu (+11,4 M €) eta HABEk 61,6 M € (+12,6 M €).
Gobernantza Publikoa eta Autogobernua – 166,6 M € (-5,4 M €): digitalizazioaren arloan Europako SEM funtsak 9,2 M € baino gehiago minoratu direlako murriztu da sail hau. Ejiek 221,5 M €-ko aurrekontua izango du eta 49 pertsona sartuko ditu bere taldean, eta HAEEk 20,7m Euro-ko aurrekontua du.
Ekonomia eta Ogasuna – 139,1 M € (+ 1,1 M €): EUSTATi egindako ekarpena 1,4 M € handitu da (+% 9) —15,2 M €-tik 16,6 M €-ra igaro da—, eta FEIri 55 M €-ko ekarpena egitea aurreikusi da, haren funts soziala handitzeko.
Lehendakaritza – 107,3 M € (+58,2 M €): iaz Gazteria Zuzendaritza bere gain hartu ondoren, ekitaldi honetan nabarmentzekoa da gazteen emantzipaziorako dirulaguntzen EMANTZIPA programa abian jarri izana, 53 M €-rekin hornituta. Kanpo Ekintzak 12,1 M € ditu; 2030 Agendak 5 M € eta azpiegitura zientifiko teknologikoak bultzatzeko Lehendakaritzak kudeatutako Berrikuntza Funtsak 10,3 M €-tik 13,3 M €-ra igo du zuzkidura.
Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa – 53,4 M € (-10,6 M €). Sailaren aurrekontuak % 1,5 egin du gora aurrekontu arruntean (+0,7 M €), eta murrizketa horren arrazoia da 2023k 10,6 M €-ko aparteko ekarpena jasotzen zuela, dagoeneko inbertitu dena, SEM funtsen 9,8 M €-tik datorrena —nahiz eta aurrekontuen legeak gehiago sartzeko aukera jasotzen duen gaituz gero—. Lehentasunezko Jarduketa Eremuak programan dagoeneko amaitutako inbertsioak 1,7 M €-koak dira. Basquetourrek 10 M € ditu, eta Kontsumobidek 6,6 M €.
Iturria: Irekia