Abellaneda eta Muñatones batailoiak gogoratu ditu EAJ-PNVk Gueñesen egin den Gudari Egunean

Bizkai Buru Batzarraren burukide eta eusko legebiltzarkide Maitane Ipiñazarrek Euskadiko Memoria Demokratikoaren Legearen onarpena txalotu du eta demokraziaren pedagogia egiteko beharra aldarrikatu du etorkizunerako bidean aurrera egiteko, baina gertatutakoa ahaztu gabe

Abellaneda eta Muñatones batailoiak gogoratu ditu EAJ-PNVk Gueñesen egin den Gudari Egunean 01Urriak
2023
2023 UrriaK 01 |
BBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

EAJ-PNVk gaur goizean ospatu du Gueñesko Gudari Egunaren 47. edizioa, Abellaneda eta Muñatones batailoietako kideak gogora ekartzeko eta gorazarre egiteko egin den ekitaldi xume eta aldi berean hunkigarrian. Biak dira Gueñesko EAJ-PNVren baitan Enkarterriko herritarrekin sortu ziren taldeak. Hasiera batean, Euzko Gudarostearen bi batailoi ziren, baina bateratu egin behar izan ziren Guda Zibileko baja ugariengatik. Omenaldia izan da hasierako lore-eskaintza Arenatzarte parkeko monolitoan eta ondoren gudarien omenez egin den meza. “Gaur gure esker ona adierazi nahi diegu bi batailoi hauetako gudariei. Askatasunaren eta gure herriaren alde borrokatu ziren. Zaurituak izan ziren, erailak izan ziren, gerra jasan zuten. Gazteak ziren, konprometituak, dena eman zuten. Beraientzat da gure aintzatespen osoa”, gogoratu du Maitane Ipiñazar Bizkai Buru Batzarraren burukide eta eusko legebiltzarkideak. Urtero Gueñesko Uri Erakundeak egin ohi duen ekitaldian izan dira Juan Andrés Iragorri Gueñesko alkatea, Zigor Pascual Gueñesko Uri Buru Batzordeko presidentea, Martin Perez eta Maitane Ipiñazar Bizkai Buru Batzarreko burukideak, Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua, Irune Zuluaga legebiltzarkidea, Enkarterriko alkate, zinegotzi eta jelkide talde handi bat.

Omenaldi berean, non duela 85 urte gertatutakoa gogoratu den, Ipiñazarrek azpimarratu nahi izan du onartu berri den Euskadiko Memoria Demokratikoaren Legearen garrantzia. Araua Gasteizko ganberan onartu da oso adostasun zabalarekin, eta burukidearen hitzetan “funtsezkoa da Guda Zibileko biktimentzat, beren familientzat eta ondorengoentzat, baina baita euskal gizarte osoarentzat ere”. Burukide eta legebiltzarkideak era berean gogoratu du lege berriak Memoriaren oinarriak finkatzen dituela egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermea bezalako baloreetan oinarri harturik. Baina, ildo beretik, Eusko Jaurlaritzak sustatu duen testuak demokraziaren pedagogian jarri du indar berezia. “Argi uzten du gertatutakoa ez dugula sekula ahaztu behar, aurrera egiten jarrai dezagun. Memoria eraikitzeko, gertatutakoa ikertu behar dugu, ezagutu, belaunaldi berriei ezagutzera eman eta hausnarketarako espazioak eskaini. Hemen gaur egin dugun bezala, Abellaneda eta Muñatones batailoietako gudariak eta beren familiak gogoratuz eta omenduz”, laburbildu du Ipiñazarrek.

Interesatu Zaitez