“Egun garrantzitsua da biktimentzat, baina baita euskal gizarte osoarentzat ere; etorkizunaren aldeko apustua egiten duen gizartea, eta iraganean gertatutakoa ez duela ahaztu behar dakiena”, Joseba Diezen arabera
Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea. Horiek dira Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege berria lantzeko oinarriak. Lege hori gaur onartu da Eusko Legebiltzarrean, adostasun zabalarekin. Joseba Diez EAJ-PNVko legebiltzarkideak nabarmendu duenez, “Legebiltzarreko lau talde handienen arteko akordioak euskal gizarteak memoria historikoarekin eta biktima demokratikoekin duen konpromisoa eta sintonia ona erakusten du”. “Egun garrantzitsua da biktimentzat, baina baita euskal gizarte osoarentzat ere. Etorkizunaren aldeko apustua egiten duen gizartea, eta iraganean gertatutakoa ez duela ahaztu behar dakiena”, Diezek adierazi duenez.
Gasteizko Ganberak gaur ontzat eman duen araudiak biktimen erreparazio osoa sustatuko du, eta Gerra Zibilean eta diktaduran arrazoi politiko, sindikal, ideologiko edo sinesmenengatik, sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik eta bestelako arrazoi diskriminatzaile eta bidegabeengatik jazarpena edo indarkeria jasan zutenen memoria pertsonal eta kolektiboa, familiakoa eta soziala berreskuratzea. Era berean, balio eta printzipio demokratikoak sustatuko ditu, Gerra Zibila eta diktadura frankista barne hartzen dituen aldian gertatutakoak eta inguruabarrak ezagutzea erraztuz.
Azken batean, Legeak biktimek egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea izateko dituzten eskubideak finkatzen ditu, bai eta herritarren memoria bateraturako eskubideak ere. Era berean, argi eta garbi zehazten dira araudiaren hartzaile diren pertsonak eta kolektiboak.
Joseba Diezek azken hilabeteetan elkarrekin egindako lana ere azpimarratu du. Joseba Diezek azaldu duenez, “gaur egun Lege bat daukagu, eta hori hobetzea lortu dugu, legea onartzeko bokazioarekin lan egin dugun lau taldeen ekarpenei esker”. “Baina elkarlan horrek berekin dakar, halaber, Eusko Jaurlaritzak, beste euskal erakunde batzuek, biktimen kolektiboek eta gizarte zibilak berak egindako lan handia”.
“Garrantzitsua da gogoratzea Euskadiko memoria-politikak ez direla gaur hasten, eta Eusko Jaurlaritza aitzindaria izan dela beti memoria-politiketan”, legebiltzarkide jeltzaleak gogorarazi duenez. Lakuako Gobernuak “urteak daramatza biktimei arreta eta erreparazioa ematen. Lege honek esparru juridikoa osatu eta lehendik funtzionatzen ari ziren memoria-politikak finkatzen ditu. Izan ere, politika horiek, azken urteotan, urrats garrantzitsuak sustatu dituzte, hala nola Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko 12/2016 Legea eta Gogora, Memoriaren Euskal Institutua sortzeko Legea”.