EAJ-PNV izan da araudi berriaren arabera Kongresuan hitza hartzean euskara hutsean egin duen lehen taldea

Hizkuntza ofizialak erabiltzeko araudiaren erreformari buruzko eztabaidan, Joseba Agirretxea Euskal Taldeko diputatuak “poztasunez” hartu du hitza bere ama hizkuntzan: “Gure hizkuntzari leku bat gehiago eman diogu”

EAJ-PNV izan da araudi berriaren arabera Kongresuan hitza hartzean euskara hutsean egin duen lehen taldea 19Irailak
2023
2023 IrailaK 19 |
Kongresua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Joseba Agirretxea Euskal Taldeko diputatua euskara hutsean mintzatu da gaur hizkuntza ofizialak erabiltzeko araudiaren erreformari buruzko eztabaidan hitza hartzean. EAJko kidea izan da, hain zuzen,  Behe Ganberako tribunatik araudiaren arabera interbentzio bat bere osotasunean gaztelera ez den hizkuntza ofizial batean egin duena. Kongresuko Mahaiak hartu duen erabakiak ahalbidetu du “egun garrantzitsu honetakoa”, eta gaur eztabaidatu den araudiaren erreforma ostegunean onartzen denean, Estatuko hizkuntza ofizial guztietan hitz egin ahal izango da Parlamentuan. Hala ere, azken egunotan Aitor Esteban Euskal Taldeko bozeramaileak berak gogorarazi duenez, 2011. urtean euskara hutsean mintzatu zen bera, oraindik Behe Ganberako tribunatik baimenduta ez zegoen arren.

Agirretxeak adierazi duenez, “erreforma honen bitartez Kongresuko araudiak bermatu behar du hitz egiten den oro ulertua izan dadila eta diputatu guztiek izan dezatela esaten dena ulertzeko eskubidea. Horregatik jarri behar dira baldintza tekniko eta giza baliabideak horretarako, berme guztiekin”. “Izaera eleanitza dugunok ohituta gaude, ez dugu arazorik, baina elebakartasun espainolean bizi direnek egin dezatela esfortzu bat”, eskatu du Agirretxeak. Euskal Taldeko diputatuak esan du “ezin” duela ulertu, “ikuspegi politiko maltzur eta traketsetik ez bada”, erreforma honen kontra daudenen jarrera. “Espainiako Estatuaren aldetik harriak besterik ez ditugu izan bide malkar honetan”, deitoratu du.

“Gu abertzaleak gara. Gure aberria gure Herria da eta gure Herria euskararen Herri osoa. Mugaz gaindi. Horregatik defendatuko dugu indar osoz Euskadin, Madrilen edo Bruselan. Euskarak, katalanak edo galegoak bezala, munduko plazan egoteko eskubidea izan behar du”, esan du Agirretxeak.

“Gaurkoa ez zatekeen errealitate izango gure aurrekoek, egoera neketsu eta zailetan, urte latz eta zorigaiztokoetan, euskararen, euskal kultura eta identitatearen eta balio demokratiko eta askatasunaren alde eman zuten guztia eman izan ez balute”, aitortu du hunkituta Agirretxeak.

Interesatu Zaitez