'Batzen gaituen eguna', EAJ-PNVk datorren igandean Forondan ospatuko duen Alderdi Egunerako aukeratu duen goiburua

Euzkadi Buru Batzarraren idazkari Mireia Zaratek jeltzaleen urteroko jaiaren 47. edizioa aurkeztu du gaur Forondan

'Batzen gaituen eguna', EAJ-PNVk datorren igandean Forondan ospatuko duen Alderdi Egunerako aukeratu duen goiburua 17Irailak
2023
2023 IrailaK 17 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Mireia Zaratek, Euzkadi Buru Batzarraren idazkariak, Forondan aurkeztu du gaur goizean, Julen Antoñana EGIkidearekin batera, EAJk datorren igandean, irailak 24, Forondako zelaietan egingo duen ospakizunerako aurreikusten dena. Ondorengoa esan du burukideak gaurko prentsaurrekoan.

Egun on. Buenos días. Bonjour. Eskerrik asko, aurten ere, Alderdi Eguna aurkezteko deitu dugun prentsaurreko honetara etortzeagatik. Urtero, iraileko azken igandean izan ohi dugun hitzordua da hau, 2023koa 47. edizioa izango delarik. 1979an Aralarren egin genuen lehen ospakizun hartatik hona, gaur arte, hitzordu berezia izan da. Eta hala izaten jarraituko du.

44. eta 45. Alderdi Egunak latzak izan ziren, ilunak, gogorrak. Denok dakigu zergatik izan zen. Pandemiak derrigortu gintuen etxe barruan ospatzera, intimitatean. 46. Alderdi Eguna, iazkoa, berriz elkartzekoa izan zen. Eta aurtengoa, 47.a, erabateko normaltasunarena izango da. Horregatik gaur, urtero bezala, gure alderdikide guztiak deitu nahi ditugu astebete barru, datorren igandean, gaur hartzen gaituen zelai hau alaitasunez, konpromisoz eta ilusioz bete dezagun.

‘Batzen gaituen eguna’. Horixe da aurtengo ediziorako aukeratu dugun goiburua. Alderdi Eguna delako EAJ-PNV euskal hiritargoaren ongizatea bermatzeko eta gorenera eramateko tresnarik eraginkorrena dela sinesten dugun milaka emakume eta gizon, gazte zein nagusi, batzen gaituen lokarria, aurrera egiten jarraitzeko, pausuz pausu, Euskadi gure nazioaren askatasun osorako bidean.

‘Batzen gaituen eguna’ igandeko Alderdi Eguna berriz ere izango delako familiak batuko dituen jaia, koadrilak, alderdikideak, alderdizaleak, beste nazioetako lagunak ere, aurten ere bisitan etorriko zaizkigulako. Oraingo honetan etorriko zaizkigu Katalunia eta Galizako lagunak, Kanariar irletakoak, Illes Balears-etakoak, Flandriakoak, Okzitaniakoak, Bretainiakoak, Txilekoak, Kurdistan eta Afrikakoak.

‘Batzen gaituen eguna’, azkenik, garai politiko esanguratsuak bizi ditugulako, azken hauteskundeetan ikusi izan dugun bezala. Epe laburrera, Madrilgo Gobernua eratzeko negoziaketez gain, legealdiaren amaiera izango dugu Euskadin, datorren udaberrian euskal hauteskundeak izango baititugu. Jokoan egongo dira orduan Euskadiren etorkizunerako eta euskal gizartearentzat benetan garrantzitsuak eta gure ongizaterako benetan esanguratsuak diren gauzak. Eta emaitza ona izan dadin, EAJ indartsua behar da, Euzko Alderdi Jeltzale batua, ondo kokatua Euskadiko taula politikoan, baina baita Estatuan eta Europan ere. Hauteskunde hauetan EAJ-PNV euskal gizartearen aurrean aurkeztuko da apaltasun osoz, baina bere konfiantza berriz ere eskatzeko anbizioarekin ere, herri hau lideratzen jarraitzeko eta Euskadi, egunez egun, bizitzeko eta elkarrekin bizitzeko gero eta toki hobea egiten jarraitzeko.

Alderdi Eguna politika da, jakina. Baina jaia ere bada, ospakizuna eta gozamena. Gozamena gure txikientzat, jaia aitite eta amamentzat, jai giroa gazteentzat eta horren gazte ez direnentzat ere. Urtero bezala, aktibitate ugari izango ditugu adin guztietako lagunentzat eta zaletasun guztietan pentsatuta: Txiki-Txokoa ludotekarekin eta puzgarriekin, jumping-a, 5D zinea, aerogiroa, rokodromoa, tirolina, paintball, simulagailuen kamioia, joko birtualak… Urterokoak ere ez dira faltako: Herri Kirolak, erromeria eta, bazkal ostean, Disko-Festa. Eta ekitaldi politikoa, jakina.

Aurtengo edizioan ere zenbakiak benetan ikusgarriak dira. 90 boluntariok hiru aste daramate lanean jai handi hau antolatzen. Hemendik, gure esker onik beroena, EAJ-PNVko alderdikide guztien izenean. Alderdi Egunak 400.000 metro koadroko zabalera hartuko du, 130.000 metro koadroko zabalera hartuko du jai guneak, 25.000 metro koadroko zabalera hartuko dute karpek, eta gainerakoa aparkalekuetarako eta zerbitzuetarako erabiliko dugu. 22 txosna eta 140 jantoki instalatuko dira, 20.000 bazkari emango direlarik.

Alderdi Egunari buruzko informazio guztia (egitaraua, txosnen kokapena, aktibitateak eta abar) eskuragarri dago jada gure webgunean, alderdieguna.eaj-pnv.eus gunean eta ‘Alderdi Eguna’ aplikazioan, AppStore-n eta Google Play-en eskuragarri. Aplikazioak ‘push’ mezuak eskaintzen ditu , jakinarazpen eta informazio interesgarriarekin, erabiltzaileen telefonoetara bidaliko diren komunikazioekin. Larunbatetik, Twitter, Facebook eta Instagram sare sozialen bidez, Forondan gertatuko den guztia erakutsiko dugu #AlderdiEguna eta #BatzenGaituenEguna traolekin. Eta, igandean, ekitaldi politikoa streaming bidez emango dugu webgunearen bidez, mugikorretarako optimizatuta, YouTube kanalean, gure Twitter profilean eta Facebook gunean. Amaitzean, mezu nagusiak sare sozial horien bidez eta Telegram bidez zabalduko ditugu, eta bideoak eta argazkiak eskuragarri jarriko ditugu YouTuben eta Flickr-en.

Interesatu Zaitez