“Euskadik behar gaitu, Alderdiak behar zaitu”

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak 2023ko Alderdi Egunera deituz EAJ-PNVko alderdikideei bidali dien eskutitza

“Euskadik behar gaitu, Alderdiak behar zaitu” 15Irailak
2023
2023 IrailaK 15 |
EBB

PARTEKATU

Alderdikide maiteok!

Laster da gure Alderdi Eguna, aurten irailaren 24an ospatuko baitugu Forondan. Eta eskutitz hau bidaltzen dizut gure ospakizun handira etortzera animatzeko, eta bereziki zure senide, lagunarte eta koadrilarekin. Oso garrantzitsua da aurten Forondako zelaiak jeltzale eta abertzalez gainezka egotea. Alderdi Eguna, Aralarko ospakizunetik gaur arte, bakarra izan da Europako panorama politikoan. Bere ezaugarririk nagusiena, mitinaren eduki politikoetatik harago, euskal gizartearen parte hartzea izan da, historikoki izan baita Herri honekin konpromiso historiko sendoa izan duen herritargo zati handi baten parte hartze zabala, alaia eta bizia. Pertsonak, alderdikideak eta alderdizaleak izan zarete, eta zarete, Alderdi Egunaren eragile nagusiak. Azken finean, zu zeu eta zure ingurukoak, zure senide eta lagunak zarete Alderdi Eguna berezi eta berebiziko egiten duzuenak. Horregatik da hain garrantzitsua irailaren 24an, igandea, Forondan elkartzea.

Harrotasun handia ematen digu pertsonen Alderdia izateak, gurea ez baita koadro edo eliteen Alderdia. Mugimendu-alderdia da gurea, Alderdia 128 urtetan egin baitugu, egunez egun, belaunaldiz belaunaldi, Euskadi gure aberriari askatasuna eta oparotasuna ekartzeko tresnarik onena bihurtzeko. Eta kate luze horretan, gutako bakoitza da kate-begi bat, ezinbesteko kate-begia. Zuek zarete, Alderdia osatzen duzuenok, handi egiten duzuenok, honaino ekarri gaituzuenak, baina, are garrantzitsuena, zuek zarete, denok gara, datozen belaunaldiotan gero eta kate-begi gehiago eta sendoagoak egotea bermatu behar dugunak. Zuek zarete Alderdia, eta irailaren 24a zuen egun handia izango da. Garenaz eta eraiki dugunaz harro egoteko eguna, Euskadirekin eta aberrigintzarekin daukagun konpromisoa berrestekoa.

Garai politiko garrantzitsua bizitzea egokitu zaigu eta, aldi berean, oso konplikatua ere, azken hauteskundeetan ikusi den bezala. Epe laburrean, Madrilgo Gobernua eratzeko negoziaketez gain, Euskadiko legealdiaren amaiera izango dugu, udaberrian egingo direlako Euskadiko Hauteskundeak. Euskadiren etorkizunera begira eta euskal gizartearen ongizaterako benetan garrantzitsuak diren gauzak egongo dira jokoan. Eta emaitza onak izan ditzagun, EAJ indartsua behar dugu, Euskadiko taula politikoan, Estatuan eta Europan indartsu eta sendo egongo den EAJ behar dugu. Gutako asko egin ginen alderdikide “Euzkadik behar zaitu” mezu sendo hark bultzatuta. Bada, Euskadik berriro behar zaitu. Baita Alderdiak ere. Gaur egun ondorengoa da gure mezu nagusia: Alderdiak behar zaitu, Euskadik behar gaituelako.

Burukide garenontzat, zuen presentzia, zuen adeitasuna eta jarrera ezinbestekoak dira. Egunero, eta atsedenik gabe, Euskadiren alde dena emateko adorea ematen digun indarra zarete. Horregatik, irailaren 24an besarkada abertzale erraldoia ematera eta hartzera gonbidatzen zaitut. Adin guztietako abertzaleentzako egitaraua prestatu dugu, aurreko Alderdi Egunetan bezala egun ahaztezina ospatu dezagun, eta Forondatik irten gaitezen indarberrituta eta datorrenari heltzeko indartsu.

Eta ez ahaztu: Euskadik behar zaitu, baina baita Alderdiak ere.

Irailaren 24an Forondan elkartuko gara.

Andoni Ortuzar Arruabarrena

Euzkadi Buru Batzarreren Presidentea

Interesatu Zaitez