Aitor Estebanek uztailaren 18 honetan gogoratu duenez, “EAJ-PNVk bere betiko tokian jarraitzen du: askatasunaren, demokraziaren eta giza eskubideen ondoan”

Algortan mitina eta jaia uztartuz egin den ekitaldian, Iñigo Urkulluk bere poza adierazi du Frantziako Tourraren irteera nagusiarekin “Euskadik munduari eskaini zion irudi ederragatik” eta EBBren presidente Andoni Ortuzarrek euskal hiritargoari eskatu dio Madrilgo politika bihurtu den lokaztiaren aurrean “diferentzia markatzea” EAJ-PNVren aldeko botoa emanez

Aitor Estebanek uztailaren 18 honetan gogoratu duenez, “EAJ-PNVk bere betiko tokian jarraitzen du: askatasunaren, demokraziaren eta giza eskubideen ondoan” 18Uztailak
2023
2023 UztailaK 18 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Euskal Taldearen bozeramaile eta U23ko hauteskundeetan Kongresurako Bizkaiko zerrendaburu Aitor Estebanek “zoritxarreko egun” deitu du gaurko urteurrena, uztailak 18 dituela, Francisco Francoren altxamendu militarraren urteurrena betetzen baita, eta orain dela 87 urte EAJ-PNVko emakume eta gizonek “askatasunarekin, demokraziarekin, giza eskubideekin eta justizia sozialarekin” hitzeman zuten konpromisoa berretsi du. “Inork ez dezala gure jarrera zalantzan jarri. Gaur, atzo bezala eta bihar bezala, Euskadiren aldekoa baita”, ziurtatu du Estebanek. ‘Euskadiren Ahotsa Gira’ izenekoaren barruan egin den ekitaldian Andoni Ortuzarrek gaur aldarrikatu du jeltzaleek parte hartze esanguratsu eta erabakigarria izan zutela 2018an EAJ-PNVk Mariano Rajoyri pentsioak KPIaren arabera igotzeko atera zion akordioan, eta Bilduri exijitu dio Madrilgo politikagintzan nagusi den “giro gaizto eta toxikoa” Euskadira ekartzeko ahaleginari utz diezaiola. Iñigo Urkullu Lehendakariak bere poza adierazi du Frantziako Tourraren irteera nagusia Euskadirentzat izan den mugarri arrakastatsu eta historikoagatik eta “munduari eskaini diogun irudi ederragatik. Euskal herritarrak gara, eta hala adierazi genuen naturaltasun osoz”. Ekitaldia ireki du Senaturako Bizkaiko zerrendaburu Nerea Ahedok, zeinak senatari eta diputatu jeltzaleek aberriarekin duten konpromiso irmoa aldarrikatu baitu “Madrilera iritsi bezain laster Euskadi ahazten duten“ alderdietako ordezkarien jarrerarekin alderatuz.

1936ko uztailaren 18ko altxamenduaren aurrean EAJ-PNVk "Euzkadi" egunkarian argitaratutako adierazpena irakurri du Estebanek bere hitzaldian. "EAJk gaur jarraitzen du beti egon den tokian. Bere printzipio demokratiko irmo eta argiekin. Euskadiren zerbitzura eta defentsan", adierazi du bozeramaile jeltzaleak. Horrela, eta "autogobernuarentzat eta, ziurrenik, askatasun eta eskubideentzat garai zailak" datozela ohartarazi ondoren, Estebanek esan du "Euskadik talde indartsu bat behar duela, Madrilen lehen defentsa-lerroa planteatuko duena gurea dena defendatzeko". Autogobernuaren defentsa horretan EAJ "bakarrik" egon da Madrilen, hautagai jeltzaleak adierazi duenez. Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiaren eta Oskar Matute EH Bilduko diputatuaren adierazpenak gogora ekarriz argudiatu du hori, euskal autogobernutik eta Gernikako Estatutuaren eskumenetatik paso egiteaz "harro" agertu baitziren.

Nerea Ahedo senatari eta Senaturako Bizkaiko zerrendaburuak aditzera eman duenez, Euskadiren ahotsa Madrilera eramango duen boto bakarra EAJ-PNVren aldekoa izango da. “Madrilera iritsi bezain laster Euskadi ahazten duten” beste alderdiak ordezkatzen dituzten koloreen birpasa egin ondoren , senatariak alderdi jeltzalearen konpromisoa aldarrikatu du. "Igandean EAJren berdea bozkatu behar da: itxaropenaren, orekaren, aurrerapenaren eta zoriontasunaren kolorearen alde eginez. 100 urtetik gorako lanak eta konpromisoak abalatzen gaituzte. Mende luze bat euskal ahotsa Madrilera eramaten. Entzun ez ezik, aditu ere egiten digute. Horrek baino ez gaitu mugiarazten", adierazi du EAJ-PNVren aldeko botoa eskatu aurretik.

Iñigo Urkullu lehendakariak balioetsi du Frantziako Tourraren irteera nagusia Euskadin egin zenean “munduari eskaini genion irudi ederra”, Tourrak euskal geografiaren zati handi bat zeharkatu baitzuen uztailaren 1,2 eta 3an. “Euskal herritarrak gara. Hala erakutsi genion munduari naturaltasun osoz. Kalera atereaz. Garen moduan agertuz. Anitzak pentsamenduan, izakeran eta sentimenduan, baina denok gure Ikurrinari harrotasunez helduz. Madrilera eramango ditugu horiek ahots guztiak, aniztasun hori guztia”, ziurtatu du Urkulluk.

Ekitaldiari amaiera emateko hitzak esan ditu gaur Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek. Buru abertzaleak gaurkotasunezko gai bati heldu dio, pentsioen gaiari, kontu bat argi baino argiago uzteko. “2018an, PPk pentsioak KPIaren arabera eguneratu bazituen, hala egin baitzuen, EAJren presioagatik egin zuen. Aitor Estebanek eta biok akordio hura itxi genuen Moncloan 2018ko apirilean . Gogoan dut oraindik Montororen aurpegia, azkenagin guztiak anestesiarik gabe atera izan balitzaizkio bezala, Rajoyk gure eskakizuna onartu zuenean”, ziurtatu du Ortuzarrek. Jeltzaleen buruak publikoki aitortu nahi izan dio Aitor Estebani bezperan Euskal Telebistan egin zen eztabaidan izan zuen parte hartzea, non EH Bilduko ordezkariari deitoratu zion bere alderdiak eta bereziki bere lider Arnaldo Otegik Kanpaina osoa daramatela herritargoari gezurrak esaten EAJ, PP eta Vox-en artean existitzen ez den itunaren inguruan. Ortuzarrek EH Bilduri txarretsi dio Euskadiri ekarri duela Madrilgo “giro gaiztotu eta toxikoa”, Ezker Abertzalea pozarren baitago Espainiako hiriburuan moketa zapaldu ahal izateaz. “Horregatik guztiagatik”, amaitu du Ortuzarrek “diferentzia markatu behar da: politikagintza basatza honetatik ateratzeko, handi egiteko eta duintasuna emateko. Euskaditik seinale positiboa bidaltzeko, jendea demokrazian sinestera animatuz, inguruan horrenbesteko populismo eta gezurrezko albistez jositako politika dugula. Euskadik diferentzia markatu behar du igandean. Gure mapak irudi berdea eman behar du, besteen gainetik nabarmenduz. Itxaropenaren berdea, natura biziaren berdea, ilusioaren berdea, Ikurrinaren berdea, Euzko Alderdi Jeltzalearen berdea. Igandean, Euskadik diferentzia markatu behar du EAJren aldeko botoa emanez”.

Interesatu Zaitez