Bermeon ‘Euskadiren ahotsa gira‘ delakoaren beste saio batean, Andoni Ortuzarrek, EBBren presidenteak, ziurtatu duenez “Euskadi Erreferente da Europan” azken hamarkadetan EAJ-PNVk garatu dituen politika aurrerakoiei esker
“Madrilera goaz autoritarismoari eta Vox-en olatu mehatxatzaileari aurre egitera, beti egin izan dugun moduan. Populismoari maskara kentzera. Gure autogobernua defendatzera. Gure autonomia murriztu nahi duten legeei `ez´ esatera. Eta argi baino argiago esango dut: gu izan gara euskal autogobernua lege proiektuekin egin nahi ziren eraso etengabeetatik defendatu dugun bakarrak. Bakarrak. Batzuek Estatutuari ‘Estatuto vascongado’ deitzen ziotenean ematen ziotena baino garrantzi txikiagoa ematen jarraitzen dute Horregatik egon behar dugu han”. Hitz hauekin laburbildu du Aitor Estebanek, Euskal Taldearen bozeramaile eta Bizkaiko zerrendaburu jeltzaleak, EAJ-PNVk Madrilen izango duen helburu nagusia. Bermeon egin du, ‘Euskadiren Ahotsa Gira’ delakoaren emanaldi berrian, non amaierako mitina Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren buruak egin duen. Ortuzarrek ziurtatu duenez EAJ-PNVk ez du parte hartuko aurkari politiko batzuek proposatzen duten joko faltsuan, non talde jeltzalea eskuineko blokean sartzen baitute. “Eta guk argi eta garbi erakutsi ahal dugu gu garela politika aurrerakoienak praktikan jarri dituen alderdia; benetako politika progresistak, eta ez bakarrik Euskadin, Estatu osoan baizik. Gainera, ezkerreko eta eskuineko kontu honetan, ababorreko edo istriborreko asunto honetan, gu ez gara ez istriborrekoak ezta ababorrekoak ere, baizik eta iparraldekoak, eta gure iparra, gure helmuga, Euskadi da”. Ortuzarrekin eta Estebanekin batera, Bermeoko Lameran egin den ekitaldian hitza hartu du Kongresurako Bizkaiko hautagai jeltzale Idoia Sagastizabalek, eta honek bere diskurtsoan nabarmendu duenez “lana, konpromisoa, norabide argia eta ahots propioa” dira “Kongresuan eta Senatuan EAJ-PNVren ordezkariak definitzen dituzten ezaugarriak”.
Estebanek hasi nahi izan du EAJri bizia eman dioten alderdikideen belaunaldiak omentzeko hitzekin. “Herri honen askatasunerako ezinbesteko tresna gara, Herri hau norabide onean eraman duen lemazaina, gure haize-oihalei indarra eman dieten milaka euskal hiritarren putzadarekin bultzatuta”. Bitartean, hautagai jeltzaleak hitzeman du “Madrilen argi baino argiago utziko dugu nazio bat garela” aldarrikatzea, Sekretu Ofizialen legearen edo Mozal Legea deritzonaren erreformarekin tematzea , “Europako Funtsak euskal enpresetara iristea exijitzea, trantsizio energetikorako prozesuaren kudeaketa eraginkorra defendatzea eta inflazioa beheratzeko irtenbideak proposatzea”. Halaber, Estebanek ildo beretik ziurtatu du EAJ-PNVk defendatuko dituela euskara eta euskal hezkuntza eredua, bai eta Euskadiko Ekonomia Ituna ere. Hautagai jeltzaleak esan duenez “ EAJ da euskal agenda zehatz bat duen bakarra, Euskadi helburu duena eta Euskadirentzat egina, bloke ideologiko handietan diluitzen ez dena”.
Hain zuzen ere, Euskal Taldearen bozeramaileak berretsi duenez “Euskal Taldearen babesa ezin da musutruk eman, Euskadik industrian, energian, giza eskubideetan edo autogobernuan dituen lehentasunei erantzun ezean”. “Gu ez gara inoren makulu; ez gaude batzuen edo besteen alde egiteko. Argi daukagu ez dugula atzerako urratsik onartuko berdintasun legeetan edo eskubideak babesteko legeetan; argi daukagu `ez´ esango diegula birzentralizatzeko asmoa iragartzen dutenei. Euskal botoak onuragarri izan behar du Euskadirentzat”, esan du.
Ortuzarrek bere aldetik salatu du U23ko Kanpaina honetan nagusi izaten ari den polarizazioa “`Sánchez edo Feijóo´ren artekoa da batzuek beren bloke estrategia iruzurtia oinarritzeko erabiltzen ari diren dikotomia faltsua”, “Eta batzuk ausartu dira, gainera, PPrekin eta Vox-ekin nahasteko bideo bat egitera. Barkaezina. Lotsagarria. Politikan denak ez du balio. Baina argi dago enbarazu egiten diegula. Min ematen die Madrilen egiten dugun lanak. Hortik dator beren umekeria hori, gu beti istriborrera baztertuz, beti eskuinean kokatzeko asmo horrekin. Eta guk argi eta garbi erakutsi ahal dugu gu garela politika aurrerakoienak praktikan jarri dituen alderdia, benetako politika progresistak, eta ez bakarrik Euskadin, Estatu osoan baizik. Erreferente gara Europan. Baina hori ezin dute onartu, ezerezean geratzen zaielako ezkerren eta eskuinen artean darabilten jokoa, bloke txarra eta bloke ona ezberdinduz”. “Euskaldunak gara. Euskaldun abertzaleak gara. Eta, demokratak. Gai horietan bietan inork ez digu leziorik eman”, gaineratu du jeltzaleen buruak, eta gogora ekarri du EAJ-PNV izan zela iragan ostiralean Ikurrinaren urteurrena ospatu zuen alderdi bakarra. “Horrek erakusten du batzuen abertzaletasuna nolakoa den”, ziurtatu du.
Kantauri itsasotik metro batzuetara, Ortuzarrek bere konfiantza erakutsiz esan duenez U23an EAJ-PNVk “olatu ona hartzen jakingo du eta Herri gisa aurrera egiteko aprobetxatuko dugu, Madrilen izango dugun posizio onari eser”. Baina Estatuan egiten ari diren inkestek asmatzen badute eta “itsaso zakar edo itsaso kizkurra aurkitzen badugu edo enbata badator” buru abertzaleak euskal hiritargoari eskatu dio EAJ-PNVren aldeko botoa, talde jeltzaleak izan dezan “traineru eta eskifaia indartsua, eskarmentuduna, itsaskiari aurre egiten jakingo duena. Eta Euskal Taldearen patroiak, Aitor Estebanek, ondo baino hobeto daki istriborra eta ababorra ezberdintzen. Urteak baitaramatza askotariko uretan, bai eta Manzanares ibaia modukoetan ere”
Idoia Sagastizabalek, Kongresurako Bizkaiko hautagaiak, Bermeoko Lamerara gerturatu diren alderdikide eta alderdizaleen aurrean adierazi du gaur egun ezagutzen eta gozatzen dugun Bizkaia eta Euskadi lortzeko EAJ-PNVk egindako berebiziko lana. “Harrotasunez esan dezagun. Gu gara gaur egun ditugun Bizkaia eta Euskadi izatea lortu duen Alderdiaren oraina eta etorkizuna. Herri honek gure eguneko minutu guzti-guztiak merezi dauz”, esan du. Beraz, “ilusinoari branka jarri eta atzerakadari ziaboga egingo deutsagu. Ontzia badaukagu, Euzko Alderdi Jeltzalea; norabidea, Euskal Agenda; gidatzen gaituen iparrorratza, Euskadi eta euskal herritarrak; tripulazinoa, Euskal Taldeko emakume eta gizonak, eta kapitainik onena, Aitor Esteban Bravo”, aldarrikatu du.