Bilboko Areatzan Kanpaina amaierarako egin ohi duen ekitaldian, EBBren presidente Andoni Ortuzarrek aldarrikatu du EAJ-PNV dela “herritarren alderdia”, eta dei berezi bat egin die emakumeei: “Zuek erabaki dezakezue historian lehen aldiz Bizkaian eta Gipuzkoan ahaldun nagusi andre bana eta Vitoria-Gasteizen alkate andrea izatea”
“Bi dei berezi. Lehena, emakumeei. Emakume Abertzale Batzaren ehun urte bete dira. Bai lan handia egin zutela emakume haiek emakumeek botoa eman ahal izan zezaten! Eta, orain, botoa eman ez ezik, erabaki ahal duzue Bizkaian eta Gipuzkoan Ahaldun Nagusi Andre bana izatea eta Gasteizen bere historiako lehen alkate andrea izatea. Bigarren mezua, gazteentzat: botoa ematera joan behar da, ahalduntzeko modurik onena da, une honetatik bertatik zuek nahi eta erreklamatzen duzuen gizarte hori eraikitzeko. Bozkatzera! Denok bozkatzera! EAJ bozkatzera!”. Mezu bikoitz horrekin amaitu du Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek EAJ-PNVk maiatzaren 28ko Udal eta Foru Hauteskundeei amaiera emateko gaur egin duen ekitaldi nagusia. Mitina egin du talde jeltzaleak Bilboko Areatzan 3.000 alderdikide eta alderdizaleren aurrean, Ortuzarrez gain hizlari izan direlarik Iñigo Urkullu Lehendakaria, Foru Aldundietako hautagai jeltzale, Elixabete Etxanobe, Ramiro González eta Eider Mendoza, eta EAEko hiriburuetako alkategai Juan Mari Aburto, Beatriz Artolazabal eta Eneko Goia.
Ortuzarrek nabarmendu duenez EAJ-PNVri kanpaina “labur egin zaigu”, batzuentzat “Udal eta Foru Hauteskundeetarako kanpaina baino, beste edozer gauza izan delako. Foru eta Udal kanpaina, EAJ kenduta, ez du inork egin. Madrilgoek, euren gauzetara: Moncloa eta Monopolyaren jokora. ‘Niretzat Moncloa eta Valencia. Errioxa eta Balear Irlak kentzen dizkizut. Eta, deskuidoan, Vox-ekin erdi bana Valencia erosi eta ezer gabe geratuko zara’. Eta kanpaina egin diote Bilduri, eta Bildu pozarren: egin dezatela berba, nahiz eta txarrerako izan. Eta nik Eneko, Bea edo Juan Mari ikusten nituen, bai eta Ramiro, Eider eta Elixabete ere, ahalegin guztiak egiten, jo eta ke, beren programa azaltzeko, bere ideia eta proposamenak ezagutzera emateko, besteak Madrilgo zaratatik babesean jarri edo Armaniz janzten ziren bitartean, argazkian ondo ateratzeko”, azaldu du buru abertzaleak. Hori bai, Ortuzarrek azken ahalegina egitea eskatu die EAJ-PNVko alderdikide eta alderdizaleei. “Oraindik asko dira zalantzan egon daitezkeenak Eta, hurbil izan ditzakegu, gure etxe ondoan, auzoan, koadrilan, lanean… baita familian ere. Konbentzitu behar ditugu, bozkatzera joan daitezela eta EAJ bozka dezatela. Hausnartzen lagundu behar zaie, ikus dezaten zeinen garrantzitsua dela botoa ematea”, aldarrikatu du.
Mitinaren unerik hunkigarriena iritsi da Ortuzarrek esan duenean EAJ-PNV “alderdi jatorra” dela “herritar jatorrek osatua, jatorra eta askotarikoa. Moldeak apurtzen dituen jendea. Gure alderdiari ezarri nahi dizkioten estereotipo faltsu eta interesatuen aurrean, errealitatea argi baino argiagoa da. Euskal gizartearen isla gara, benetakoa, kaleko jendearen alderdia. Egia borobila da hori!! Eta, gainera, horrela izateaz harro gaude”, esan du, pantailan adin , sexu, arraza, jatorri, sexu orientazio edo genero identitate askotariko EAJ-PNVko alderdikideen aurpegiak proiektatzen ziren bitartean. Gaurko txalo zaparradarik beroena, ordea, Javi Gallegok jaso du, Erriberagoitiako alkate eta alkategaiak. Bere denbora librean ‘La Polaka’ dena kanpaina honetan izan baita Bilduko militante batek koalizioaren kontu ofizial batean argitaratu zuen erasoaren biktima. “Herriaren alderdia gara gu. Herritarrek osatua. Era guztietako emakume eta gizonek osatua, era guztietako sinesmen, jatorri eta izaerarekin. Euskadirekiko maitasunak bateratzen dituen pertsonak, Ikurrinak ordezkatzen dituenak”, amaitu du Ortuzarrek eta ikurrina erraldoi bat zabaldu da ehun bat hautagai jeltzale hartu dituen mailerian.
Iñigo Urkullu Lehendakariak esan duenez, “azken urteotan gure gizartea eta politika denigratzen dituzten jarrera onartezinak ikusten ari gara: erositako botoak, autogobernuaren kontrako etengabeko erasoak, deskalifikazioak, gezurrak, espektakuluaren politika…”. “Populismoak, tamalez, geratzeko iritsi dira eta borrokatu beharko ditugu. Populismoen aurrean, benetako politika azpimarratzen dut. Herritarren ongizatea defendatzen duen politika aldarrikatzen dut, gaur eta beti. Hori da Eusko Alderdi Jeltzaleak eskaintzen duena”, aldarrikatu du.
LURRALDEEN AHOTSA
Elixabete Etxanobek, Bizkaiko ahaldun nagusi gisa Unai Rementeriak utziko duen lekukoa hartzeko aurkezten den hautagaiak, bertaratuen aurrean hitza hartzean ziurtatu duenez Bizkaia bide onetik doan arren, “lurralde osoa hobetzen jarraitzeko proiektuak dakartzagu”. EAJ-PNV delako “erantzukizunetik eta zorroztasunetik, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko benetako proiektuekin Bizkaia osoa lideratzeko konpromisoa hitzematen duen alderdi bakarra”. Ildo beretik, talde jeltzalearen aldeko botoa eskatu du “EAJ-PNVren alde bozkatzea delako zerbitzu publikoen kudeaketa arduratsua bermatzea, bai eta erakundeek gai garrantzitsuenetan lan egiten jarrai dezatela ere”, amaitu du.
Bestalde, Arabako diputatu nagusi eta berrautaketarako hautagai Ramiro Gonzálezek EAJ-PNVri botoa emateko deia egin du, “Arabak aurrera egiten jarrai dezan, atzera ez egiteko eta lortutakoa arriskuan ez jartzeko. Enplegu gehiago eta hobea nahi dugu, zerbitzu publiko hobeak eta guztiontzako aukerak. Eta hori lortzeko proiektu argi bat daukagu: EAJ-PNVren proiektua”.
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusigaia eta Andoni Ortuzar bat etorri dira euren mezu nagusiarekin; izan ere, botoa ematera deitu ditu gipuzkoarrak, bereziki gazteak, emakumeak eta zalantzan daudenak. Gainera, EH Bildu gobernuan ikusi nahi ez dutenei ere mezua zuzendu die: “Bilduk Gipuzkoan ez gobernatzeko dagoen berme bakarra gara, botoa ez emateak erakundeen ateetan jarriko lituzke”. “EAJ-PNVk ez dizue hutsik egingo. Iraganean asmatu genuen, eta gure belaunaldiak ere hala egingo du”, aldeztu du.
EAE-KO HIRIBURUETATIK
Juan Mari Aburtok, Bilboko alkate eta berrautaketara aurkezten den hautagaiak, ekitaldian hitza hartu duenean herritar guztiak deitu nahi izan ditu igandeko hauteskundeetan parte hartzera. “Botoa ematera joan behar da! Urteko egun guztiak Bilbo hobetzera dedikatuko garenon alde bozkatu behar da; bilbotarren bizi kalitatea hobetzeko lanetan dena emango dugunon alde; auzoak eta hobekuntza-lanak etorkizuneko inbertsioetarako xede eta helburu izango ditugunon alde”, animatu du. “Bilbo gobernatuko dugu guzti-guztiontzat; ekintzekin, konponbideekin, ilusioarekin, konpromisoarekin eta lanarekin”, bermatu du.
Donostiako alkate eta berrautaketara aurkezten den hautagai Eneko Goiak bere aldetik ziurtatu duenez “Donostiak etorkizun esperantzagarria dauka” eta etorkizun hori “EAJk lideratuko du”. Goiaren esanetan, datorren igandean donostiarrek “bidegurutz baten aurrean izango dira: etorkizun hori beldurrik gabe eraikitzea edo blokeoaren iraganera bueltatzea, hiri honek hain ondo ezagutzen duenera”, laburbildu du.
Vitoria-Gasteizko alkategai Beatriz Artolazabalek hitza hartzean bere esker ona adierazi nahi izan die azken aste hauetan guztietan beren onena eman duten pertsonei, igandean Vitoria-Gasteiz eta Araba berdez jantzi daitezen. Lantalde hau izan gabe “ezer ezin liteke izan”. Baina Artolazabalek beste ahalegin bat egitea eskatu die. “Mobilizazioa eskatzen dizuet. Mobilizazioa. Boto guztiak behar ditugu, boto bakoitza. Hautagai jeltzaleak Vitoria-Gasteiz oparoa ikusten du, aukera askorekin, aurrerabidearekin, zerbitzu publiko sendoekin. Baina “hau dena arriskutan egon daiteke EH Bildu iristen bada”, ohartarazi du. Horregatik ziurtatu duenez, igandean ezin da “etsipenik edo nagirik izan. Igandean denok bozkatzera, denak ez garelako berdinak. Vitoria-Gasteizek lehen mailako taldea merezi du. Bihar bertan Alavesek lortuko du eta igandean Euzko Alderdi Jeltzaleak”.