Mutrikuko EAJ-PNVk komentuko eraikinean gazteentzako alokairuko zuzkidura-etxebizitzak sortzea proposatu du

Jeltzaleentzat ezinbestekoa da herriko gazteeei emantzaipaziorako aukerak eskaintzea

 Mutrikuko EAJ-PNVk komentuko eraikinean gazteentzako alokairuko zuzkidura-etxebizitzak sortzea proposatu du 25Maiatzak
2023
2023 MaiatzaK 25 |
MUTRIKU

PARTEKATU

Mutrikuko EAJ-PNVk udalerriko tokiko ekintzarako lehentasun estrategikoen artean etxebizitza sartzen du. EAJ-PNVrentzat ezinbestekoa da mutrikuar guztien etxebizitza eskubide subjektiboa bermatzea. Etxebizitza duina, eskuragarria, egokia eta beharrezko erraztasunez hornitua izateko aukera ematen duen eskubidea.

Mutrikuko alkatetzarako hautagai jeltzale Ion Gambrak azaldu duenez, “Mutrikun etxebizitza bat eskuratzea arazo larri bihurtu da azkenaldian; ez dago etxebizitza bat erosteko eta are gutxiago alokatzeko modurik. Hori arazo handia da udalerri gisa, gure gazteek ez baitute aukerarik emantzipatzeko eta herrian bizitza-proiektu bat gauzatzeko”.

Gambraren arabera, “arrazoi ezberdinak daude, baina azkenaldian Mutrikun oso etxebizitza gutxi eraiki dira eta eraiki direnak modalitate librekoak izan dira. Etxebizitza babestu bakar bat ere ez da eraiki azken urteotan, nahiz eta legeak hala ezartzen duen. Legeak dio eraikitzen diren etxebizitza-sustapen guztietan ehuneko jakin bat gorde behar dela etxebizitza babestuetarako, baina Mutrikun hirigintza-arauak berritu ez direnez, aurreko legearen arabera onartutako proiektuak prorrogatuz joan dira. Horregatik, arauak berrikusten hasi behar dugu lehenbailehen, baina horrek urte batzuk beharko ditu emaitzak ikusi arte”.

“Gazteentzako zuzkidura-etxebizitzak planteatzen ditugu epe ertainean. 18-35 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude, alokairuko etxebizitza txikiak dira, prezio baxukoak, eta pertsona batek alokatu ditzake, gehienez ere 5 urterako. Etxebizitza hauek komentuko eraikinean sortu nahi ditugu” nabarmendu du hautagai jeltzaleak. Komentuaren zati batean onartuta dago liburutegia eta interpretazio zentroa eraikitzea, eta horrekin ados gaude Udaleko alderdi guztiak eta proiektua martxan dago, baina komentu erdia libre dago eta hor desberdintasunak daude: EH Bilduk hotel edo aterpetxe bat proposatu du. Guk ez dugu egoki ikusten espazio horretan hotel bat sortzea; guk berretsi egiten dugu gazteentzako zuzkidura-etxebizitzen aldeko apustua”.

“Uste dugu merezi duela herri gisa gazteen aldeko apustu ausarta egiteak, Mutrikun bertan euren bizi-proiektua aurrera eraman dezaten eta gure herriaren etorkizun oparoa eraiki” berretsi du Gambrak.

Interesatu Zaitez