“Vitoria-Gasteizen aukera bien artean dago: EAJ edo Bildu, proiektuak edo gatazka, lana edo pankartak, lankidetza edo istiluak”

Probintziako Plazatik, Ortuzarrek eta Urkulluk gasteiztarrak deitu dituzte igandean EAJ-PNVren alde bozkatzera, Ezker Abertzaleak Euskadiko hiriburuan ezar ez dezan “Gipuzkoa ia porrotera eraman zuen trintxera eta inposaketaren eredua”

“Vitoria-Gasteizen aukera bien artean dago: EAJ edo Bildu, proiektuak edo gatazka, lana edo pankartak, lankidetza edo istiluak” 25Maiatzak
2023
2023 MaiatzaK 25 |
Araba
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Inkestak aurkezteko modu asko daude, baina datuek argi uzten dute igandean, Vitoria-Gasteizen gauzak biren artean erabakiko dela: EAJ edo Bildu. Izan ala ez izan. Hauteskunde hauetan gakoa horixe delako: Gasteiz izatea edo ez izatea. Gasteiz izan dadila aurrera egiten duen hiria, oparotasunaren bidean dagoena, etorkizunari begiratzen diona; edo, bestela, Gasteiz tunel ilun batean sar dadila, oraindik irteerarik ote duen ez dakigula. Eredu irekia edo eredu itxia. Aurrera egiten duen eredua edo txirotasuna dakarren eredua. Jendea erdian kokatzen duen eredua edo jendea kontrolpean daukan jendea. Ilusioa edo egurra. Proiektuak edo gatazka. Zubiak edo trintxerak. Obrak edo pankartak. EAJ edo Bildu”. Horixe izan da Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek eta Iñigo Urkullu Lehendakariak Vitoria-Gasteizko hiritargoari helarazi nahi izan dioten mezu nagusia EAJ-PNVk gaur arratsaldean Probintziako Plazan egin duen ekitaldian. Mitinean batu dira ehunka alderdikide eta alderdizale, eta EBBren buruaz eta Lehendakariaz gain hizlari izan ditu Euskadiko hiriburuko alkategai andre Beatriz Artolazabal eta Arabako Ahaldun Nagusi eta berrautaketara aurkezten den ahaldun nagusirako hautagai Ramiro González.

Ortuzarrek ziurtatu du gasteiztarrek igandean aukeratu beharko dutela EAJ-PNVren esperientzia eta kudeaketa finaren artean edo Bilduk Gipuzkoan utzi zuen esperientzia ezin okerragoaren artean. “Egintzek utzi digutena izan da Gipuzkoako Aldundia gobernatu zutenean lurralde osoa arazoz beteta utzi zutela. Zaborrak, egoitzak,garraio publikoa, elkarbizitza… Ukitu zuten gauza bakoitza, apurtu egin zuten. Gizarteak ere konfiantza kendu zien eta bota egin zituen. Eta, bota egin zituen gobernatzen ere ez dakitelako. Arazoak konpondu beharrean, sortu egiten dituzte. Gipuzkoa utzi zuten hondamenditik hurbil. Horregatik, ezin dira berriz ere Bilduren eskuetan erori, ez Gipuzkoa ez beste lurralde ere. Bildurekin arazoak bueltatzen direlako, iskanbila bueltatzen da, gatazka bueltatzen da. Igandean, argi baino argiago izan behar dugu hau. Boto orria aukeratu baino lehen, memoria apur bat behar da. Apur bat besterik ez. Eta ikusi behar da batzuk nor garen eta besteak nor diren. Batzuk nondik gatozen eta besteak nondik datozen. Eta, batez ere, batzuek zer egin dugun eta besteek zer egin duten”, esan du jeltzaleen buruak.

Ildo beretik, Iñigo Urkullu Lehendakariak gaur arratsaldean Gasteizen egindako ekitaldian adierazi duenez “Gasteizen, Araban eta Euskadin bi aukera besterik ez daude”. “EAJ-ren eredu kontrastatu, errealista, sinesgarri eta integratzailea edo EH Bilduren eredua, pankartarena, liskarrarena eta kontraboterearena”, esan du Urkulluk. Eta gehitu du: “oso garrantzitsua da botoa ematea, eta gogoratu behar dugu botoa ez emateak zer ekar dezakeen: benetan nahi ez dugunak gobernatzea. Igandean asko dugu jokoan”. “Euzko Alderdi Jeltzaleak segurtasuna eta bermea eskaintzen ditu. Begira dezagun gure ingurura. Aldera dezagun gure bizi-kalitatea beste leku batzuetan dutenarekin. Guztion lanari esker lortu dugu. Gizarte honen alde hamarkadetan egin den ahaleginaren emaitza da. Gure baliabideen kudeaketa eraginkorraren emaitza da”, amaitu du Lehendakariak.

Vitoria-Gasteizko alkategai andre Beatriz Artolazabalek gasteiztarrei eskatu die igandean botoa ematera joan daitezela denak, eta EAJ-PNVren alde bozka dezatela, boto probetxugarria emanez, EH Bilduri planto egiteko. “Ez gara berdinak. Amildegi bat dago gure artean. Amildegia gure konpromiso etikoetan, giza eskubideen defentsan, hiri hau ulertzeko eran, lan egiteko eran. Ilusioa, anbizioa eta esperantza piztu behar dira aukeraz betetako etorkizuna eraikitzeko. Bozkatzeak merezi du. Parte hartu beharra dago!”,aldarrikatu du Artolazabalek. Hautagai jeltzalea alderdikideengana jo du azken esfortzua eskatzeko kanpainaren amaierarako geratzen diren ordu hauetan. “Jendearengana joan zaitezte, alderdi honengan konfiantza izateko esateko. Fidatzeko pertsona garela, esandakoa betetzen dugula, hazteko prozesu handia dugula. Enpresa gehiago, talentu gehiago, enplegu gehiago, etxebizitza gehiago. Zerbitzu publiko gehiago. Pertsonen alderdia gara, ez ezazue hori sekula ahaztu. Gurekin, inor ez da atzean geratuko”, ziurtatu du. “Ez dizuet huts egingo, ez enpresei ezta merkatariei ere. Ez diet pertsonei huts egingo, ahulenei, gazteei, emakumeei, nagusiei. Hemen gaude bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko”, amaitu du Artolazabalek.

Ahaldun Nagusirako berriz aurkezten den ahaldun nagusi Ramiro Gonzalézek, bere aldetik, EAJ-PNVk azken urteotan Arabako Foru Aldundian egin duen lanaren balioa goraipatu du, eta jarraian ziurtatu duenez “ez gara konforme geratuko. Proiektuak ditugu Arabaren garapenerako, Araba maite dugulako. Ilusioa eta anbizioa ditugu. Gure seme eta alabentzako Araba hobearen alde lan egiten dugu”, ziurtatu du. EAJ-PNVren eta EH Bildu-ren artean dauden ezberdintasunak ere nabarmendu nahi izan ditu: “Kanpaina honetan ikusi ditugu aurrerabidearen eredua eta atzerabidearen eredua. EAJren eredua: proiektu serioak, zorrotzak, gobernatzeko erantzukizuna dugunonak, ez baitugu hitz hutsik esaten. Eta, bestetik, ‘bai’ esan baina benetan ‘ez’ esaten dutenen eredua. Beti ezetz. Betikoak dira horiek. Beraz, gehiengo zabal eta argi bat behar dugu Arabak aurrera egiten jarrai dezan”, baieztatu du Ramiro Gonzálezek, Euzko Alderdi Jeltzalearen aldeko botoa eskatu aurretik.

Interesatu Zaitez