EAJ-PNV: “Arrasate prest dago asmo handiko kirol eta kultura arloko ekitaldiak hartzeko”

Maria Ubarretxena hautagaia: “Kulturola eta Juan Arzamendi Musika Etxea berreraiki ondoren, hurrengo urratsa kultura Arrasateko garapen eta proiekzio aktibo nagusietako bat bihurtzea izango da. Eta gure udalerriko kultur eragileekin lankidetzan lortuko dugu”.

EAJ-PNV: “Arrasate prest dago asmo handiko kirol eta kultura arloko ekitaldiak hartzeko” 24Maiatzak
2023
2023 MaiatzaK 24 |
Berria

PARTEKATU

Arrasatek soziokulturalak edo kirol arlokoak diren 50 erakunde baino gehiago ditu, hainbat diziplina eskaintzen dituen ekosistema zabala, garapen sozial, kultural eta ekonomikoa bultzatzen dutena eta herri gisa nortasuna sortzen duena. Horrekin guztiarekin, Arrasaeko EAJk 2023 -2027 legegintzaldian arlo soziokulturalean egingo dituen proposamenak jakinarazi ditu.

“Kulturola eta Juan Arzamendi Musika Etxea berreraiki ondoren, hurrengo urratsa kultura Arrasateko garapen eta proiekzio aktibo nagusietako bat bihurtzea izango da. Eta gure herriko kultur eragileekin elkarlanean lortuko dugu”, nabarmendu du Maria Ubarretxena hautagaiak.

Era berean, alderdi jeltzaleak iragarri du ez dela amaitu udalerriko kultur guneen berrikuntzarekin: “Orain Monterrongo parkearen txanda da. Parkeko eszenatokia eta harmailak erabat berrituz ekingo diogu lanari. Gure herriaren erdigune historikoan dugun espazio naturala eta aire zabalekoa paregabea da eta etekina atera nahi diogu. Espazioaren egokitzapen garrantzitsua egingo dugu, ekitaldi soziokulturaletarako erabilera zabaldu ahal izateko”.

“Arrasate bizirik nahi dugu, kulturarekin, ikuskizunak eta ekitaldiak erakartzeko gaitasunarekin; arrasatearren eskaerei erantzungo dieten hitzordu garrantzitsuak. Harro gaude daukagunaz eta egiteko gai garenaz, eta harro gaude aktiboki parte hartzen duten herritarrez. Amaia Antzokia, Kulturate, Kulturola eta JAMEko eraikin berriak eta Uarkapek eskaintzen duen espazioa ditugu, aurten Arrasate Musikalen 25. urteurrenaren baitan kontzertu aipagarriak hartu dituena. Arrasate ekitaldien erakusleihoan jarri behar dugu orain”, azaldu du Ubarretxenak. Horretarako, alkategai jeltzaleak proposatu du ekitaldien kudeaketa indartu eta udalerrira hitzordu interesgarriak ekartzeko lan egitea.

“Estrategia argi bat izateaz gain, lidergo instituzional bat izan behar da ditugun ahalmen guztiei etekina ateratzeko”, gaineratu du. Aste batzuk barru, Frantziako Tourra gure kaleetan zehar izango dugula gogoratu du Ubarretxenak, eta “zer egiteko gai garen erakusteko aukera paregabea” dela nabarmendu du: “Gure udalerria, zer garen, gure kultura eta gure ondarea zabaltzeko aukera aparta”.

Alkategaiak kultura eta kirol ekitaldiek ematen duten proiekzioa azpimarratu du, bai komunikabideetan eta baita ekonomian ere. “Beti dute onura bat herriarentzat, ekonomikoki interesgarria dena. Ekitaldi handiek eta baita horren handiak ez direnak ere. Adin guztietarako ekitaldiez ari naiz. Entretenitu, ekonomia bultzatu eta kaleetan dinamismoa sortzen dutenak”.

“Gogor lan egingo dugu, plangintza on batekin eta anbizioz. Hori da gure hitza”, gaineratu du Ubarretxenak, “entzutetik eta lankidetzatik. Tokiko eragile guztiekin”. “Kultura-erakunde gehienak Kulturolan kokatu direnez, funtsezkoa da hainbat diziplinen arteko aliantza-sare bat sortzea, eta, batez ere, kultura-sorkuntza sustatzea eta babestea. Baliabide publikoak izango ditugu erronka berri horiei aurre egiteko”, amaitu du Ubarretxenak.

Interesatu Zaitez