Ramiro Gonzalezek eta Beatriz Artolazabalek Arabako eta Gasteizko eraldaketa industrialaren lider izateko konpromisoa hartu dute

Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadiren industria-politika sendoa eta lankidetza-lana goraipatu ditu. “Enpresek Euskadin eskaintzen dugun lan egiteko modua behar dute, gure erakundeen bitartez garatzen den industria-politika serio eta argi batekin”, adierazi du

Ramiro Gonzalezek eta Beatriz Artolazabalek Arabako eta Gasteizko eraldaketa industrialaren lider izateko konpromisoa hartu dute 24Maiatzak
2023
2023 MaiatzaK 24 |
Araba
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Ramiro Gonzalezek eta Beatriz Artolazabalek, Iñigo Urkullu Lehendakariarekin batera, Eusko Alderdi Jeltzaleak Arabako eta Gasteizko industria garatzen jarraitzeko, lehiakortasuna hobetzeko eta enpresa eta jarduera berriak erakartzeko duten proposamena aurkeztu dute gaur. “Kalitatezko enplegu gehiago, aberastasun gehiago eta, beraz, zerbitzu publiko gehiago eta hobeak lortzeko”, azpimarratu du diputatu nagusi eta berrautaketarako hautagaiak.

EAJrentzat, industriaren etorkizunaren gakoetako bat automobilgintzaren sektorea eraldatzea da, Lurraldeko oinarri industriala baita eta Mercedes ikur garrantzitsuena duena. “Gure lurraldea aukeratzen duten enpresei bermeak, segurtasuna eta ziurtasunak eskaintzen jarraituko dugu. Kudeaketan serioak eta fidagarriak izanik bakarrik lortu da Memorandum bat sinatzea Mercedes Benzekin, 1.200 milioi euroko inbertsioari buruzko erabakia hartzeko gakoa, eredu produktibo berri bat instalatzeko eta egungo V eta Vito lineak berritzeko”, azpimarratu du hautagai jeltzaleak. “Urrats erraldoia da automobilaren industriaren eraldaketan, eta Araba industria elektrifikatzeko eta deskarbonizatzeko prozesuaren abangoardian jartzen du”, esan du.

Gauza bera gertatzen da funtsezkoa den beste proiektu batekin, Automobilgintzako Fabrikazio Aurreratuko Zentroarekin, garraioaren elektrifikazioa, balio-katearen prozesu guztien digitalizazioa eta produkzio-jardueraren deskarbonizazioa landu nahi dituena. “Horri gehitu behar zaio gai izan garela enpresa berriak erakartzeko eta sektore berrietara zabaltzeko: Data Center, industria aeroespaziala, biozientziak... Arabako ekonomia anitza eta berritzailea izatea lortu dugu, epe ertainean enplegua eta lurraldearen etorkizuna bermatzen duten sektoreekin. Beraz, ibilbide argia dugu, eta EAJk bakarrik du gure industriak aurrera egiteko gai den ibilbidea, esperientzia eta proiektua”, azaldu du Ramiro Gonzalezek.

Zentzu horretan, Beatriz Artolazabal alkategaiak esan duenez “Eusko Alderdi Jeltzalea bakarrik da etorkizuneko bermea. Kudeaketa onaren bermea da. Azken hamarkadetan herrialde gisa garatu gaituen industria-politika sendo baten bermea da”. Eta ohartarazi du ezin dugula hori guztia arriskuan utzi, “Gasteizek, Arabak eta Euskadik etorkizun handia baitute aurretik”.

Artolazabalek azpimarratu du inbertsioak maximo historikoetan daudela Euskadiko hiriburuan, 3.000 milioi eurorekin, eta horrek agerian uzten duela inbertsiorako hiri eta lurralde erakargarria garela. “Mercedeseko fabrikazio aurreratuko zentroa, 1.200 milioi. Basquevolt, ia 1000. Michelin, Sidenor eta DHL konpainiaren zabalkuntzak Forondako aireportuan. Inbertsio horiek oso garrantzitsuak dira, eta ziurtatu egin behar ditugu, bai enpresa horien zuzeneko enpleguengatik, bai inguruan dabilen industria osagarriagatik. Inbertsio horiek funtzionatzen duen erakundeen arteko lankidetza baten adibide dira. Udala, Aldundia eta Eusko Eusko Jaurlaritza”. Hautagai jeltzaleak ziurtatu du bere taldeak jakingo duela enpresen beharrei erantzuten, lurzoru industriala erraztuz eta industrialdeak berrituz. “Hazten jarraitzeko aukera dugu. Zorua daukagu, eta horrek abantaila ematen digu”.

Lehendakariak gaur goizean egindako ekitaldian nabarmendu du “urteetako politika eraginkorren ondorioz, eredu jakin bat garatzearen ondorioz, Gasteizen, Araban eta Euskadin langabezia tasa nabarmen jaistea lortu dugu”. Eta gogorarazi du: “historian lehen aldiz, milioi bat pertsona baino gehiago” daudela lanean Euskadin. Hala ere “ez gara konformatzen. Hobetzen jarraituko dugu”, esan du.

“Euskadik puntako enpresak behar ditu, inbertitzen, hazten eta bere jarduera handitzen jarraitzen dutenak. Enpresa horiek Euskadin eskaintzen dugun lan egiteko modua behar dute, gure erakundeen bidez garatzen den industria-politika serio eta argi batekin batera”, bukatu du Urkulluk.

Interesatu Zaitez