Beatriz Artolazabal Gasteizko alkategaiak Euskadiko hiriburua berriro jasangarritasunaren alde egindako apustuagatik ezaguna izateko proposamenak aurkeztu ditu
“Igande honetan, Arabak eta Gasteizek asko dute jokoan: aurrera egiten jarraitzea edo euren etorkizuna arriskuan jartzea”. Esaldi horrekin, Ramiro Gonzalez diputatu nagusi eta berrautaketarako hautagaiak mobilizatzera dei egin die herritarrei, hautestontzietara joatera eta EAJ-PNVren boto-paperez betetzera, “datozen urteetan aurrerapen ekonomikoa bermatzeko”. Hala, Beatriz Artolazabal alkategaiarekin batera egindako ekitaldi batean, Eusko Alderdi Jeltzalearen proposamen "berde eta jasangarriak" aurreratu dituzte.
Ramiro Gonzalezek gogorarazi du azken urteotan Arabak eta Gasteizek aurrera egin dutela, ekonomia indartu egin dela, etorkizunerako inbertsio garrantzitsuak ziurtatu direla, eta horiei esker, datozen hamarkadetarako kalitatezko enplegua ere bermatu dela. “Inkesten arabera, Eusko Alderdi Jeltzalea izango da berriro indar bozkatuena Gasteizen, baina gehienek diote bi aukera baino ez daudela, EAJ edo EH Bildu. Lortutakoa ez dela zapuztuko bermatu behar da, inork ez duela arriskuan jarriko”, ziurtatu du, eta “datorren igandean bi aukera baino ez daudela gaineratu du: edo apustua sendotu Araba abangoardiako lurraldea izaten jarraitzeko, inbertsioa eta enplegua erakartzen dituena, edo Bilduk ekarriko duen paralisi eta atzera egin ekonomikoa”.
Mugikortasun jasangarriari dagokionez, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusi izateko hautagaiak adierazi du ibilbide berdeen sarea “400 kilometro berrirekin zabaltzen jarraitzeko konpromisoa” duela, “Araban 1.700 kilometroraino iritsi arte. Hori lehentasuna da biodibertsitatea eta gure baliabide naturalak kontserbatzeko”.
Bestalde, Beatriz Artolazabal alkategaiak Gasteizko udalerriko ibilbide berde nagusietako baten balioa azpimarratu du: Eraztun Berdearena. Artolazabalek konpromisoa hartu du “herritar guztiek partekatzen duten konpromiso hori, Gasteizko ikur hau, gure Eraztun Berdea, indartzen jarraitzeko, harro gaudelako honetaz. Hegoaldetik itxiko dugu, Larragorri parkearen proiektuarekin. Horren osagarri, N1 errepidearekiko paraleloan, Jundizerako bidean, luzapen bat egingo dugu, Mendebaldean kutsatutako lurzorura berreskuratutako lurretan. Lorategi Botanikoa balioan jarriko dugu eta Iruña Okako Santa Katalinarekin lotuko dugu bide berde baten bidez”.
Eraztun Urdina: kirola, kultura, aisia eta gastronomia Zadorraren ondoan
Beatriz Artolazabalek gogora ekarri du EAJren hauteskunde-programan jasotzen den Eraztun Berdearen proiektu osagarria. Eraztun Urdina, bigarren aldaketa positibo bat. “Gasteizek Zadorrari harrotasunez begiratzea nahi dugu, Europako hiri aurreratuetan gertatzen den bezala, beren hiri-bizitzaren eta aisialdiko bizitzaren zati bat berreskuratu baitute ibaien ertzen inguruan. Eraztun Urdinaren proiektuarekin gure ibai nagusia aisialdirako, kirolerako, kulturarako eta gastronomiarako gune gisa aprobetxatu nahi dugu”, esan du.
Adierazi duenez, Eraztun Urdinak Gamarratik Astegietarainoko tartea hartuko du, ur-kiroletarako espazioarekin, aire zabaleko erakusketa artistikoekin, paseorako ibilaldi batekin, zaldian ibiltzeko ibilbideekin, tirolinekin, lasai egoteko eta meditazioa egiteko eremu batekin, ibai-hondartza batekin eta kirol jarduera desberdinetarako beste leku batzuekin. Halaber, Km0 produktuen food truck-ak kokatzea eta tokiko artisten kontzertuak eta emanaldiak eskaintzeko aukera aurreikusten da.