Diputatu nagusi izateko hautagaiak azpimarratu du EAJ-PNV dela proposamen ekonomiko zehatza egiten ari den alderdi politiko bakarra
Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagaia den Eider Mendozak adierazi lanaren eta esfortzuaren kultura aldarrikatu du, aberastasuna sortu eta Euskadik eta Gipuzkoak duten ongizate mailari eusteko formula gisa. “Ondo egindako lanak bakarrik, arduraz eta konpromisoz lan egiteak bakarrik eramango gaitu aurrera. Eta badakigu egiten, herri honetan badakigu egiten, EAJ-PNVn badakigu egiten”, adierazi du. Mendozak gogoratu duenez, iraganeko Eibar industrialak asmatu zuen egiten, aurreko belaunaldiek ere asmatu zuten, eta “guk ere jakingo dugu egiten”. “Lanaren eta esfortzuaren kultura DNAn daramagu, eta balio horiek zainduz eta bultzatuz bakarrik lortuko dugu gure eta gure ondorengoen etorkizuna bermatzea”, nabarmendu du.
Mendozak gaur eguerdian Eibarren egin den mitin batean hartu du parte, eta berekin izan dira Andoni Ortuzar, EBBko presidentea; Iñigo Urkullu lehendakaria; eta Josu Mendikute, Eibarko alkategaia. Diputatu nagusi izateko hautagaiak gai ekonomikoak izan ditu hizpide, eta ehun ekonomikoa zaindu eta babestearen aldeko mezua aldeztu du. “Langileak, enpresariak, autonomoak… Sozialki altxor bat dira, balioetsi eta prestigiatu behar direnak. EAJ-PNVn beti argi izan dugu hau guztia, baina tamalez herri honetako aukera politiko guztiek ez dute ikuspegi bera”, azaldu du.
Honela, kritikatu du ezker abertzalea arlo ekonomikoan proposatzen ari denak “inongo konkreziorik” ez duela. “Hamarkadaz hamarkada beste gauza batzuetan egon diren horiek, orain ekonomia nola antolatu behar den lezioak ematen hasi zaizkigu. Baina nola eraiki nahi dute industria enpresariekin kontatu gabe? Enpresen kontrako fiskalitatea bultzatuz? Berrikuntzari hegoak moztuz?”, galdetu du. “Uzta jaso nahi dute, lurra erein eta ureztatu gabe. Aberatsak garela uste dute, eta aberastasun hori zerutik erortzen zaigula. Ez dute eredu ekonomikorik, ez dute norabiderik”, kritikatu du hautagai jeltzaleak.
Aldiz, gogoratu du EAJ-PNVk Gipuzkoan aurkeztu duen programan lehenengo helburua “ekonomia sendo eta lehiakor bat eraikitzea” dela. “Helburu bat, bost lehentasunezko arlo, 15 azpi lerro, ia 100 neurri konkretu eta etorkizuneko gure ekonomiaren oinarri izango diren 11 proiektu estrategiko, jada martxan ditugunak”, azpimarratu du. “Bide orria argi daukagu: ekonomia sendo eta lehiakorra eraikitzea, funtsezkoa delako familien ekonomia babestu eta kalitatezko enpleguaren sorreran eragiteko. Sortu, eta gero banatuko dugu. Baina lehenik eta behin sortu, eta guk, erakundetatik, sortzen lagundu”, azpimarratu du. Horretarako, gaineratu du, Euskadik eta Gipuzkoak iraganean zituen lanari buruzko balioei eutsi behar zaioa, “baina etorkizuna jarriz beti iparrorratz”. “Badakigulako, jokoan dagoena, herri honen biharko ongizatea dela, gurea eta gure seme-alabena. Eta inkonformistak gara, ez gaude prest onartzeko belaunaldi berriak mundu okerrago batean biziko direla dioten horien diskurtsoa”, aldeztu du.
Andoni Ortuzar
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eman dio amaiera gaur eguerdian Eibarren egin den ekitaldiari, eta mezu argia helarazi die gipuzkoarrei. “Oraindik gogoratzen dugu zer gertatu zen 2011n: zaborrak, inposizioak, hondamendi fiskala edo kudeaketa hondamendiak...”. EH Bilduk Gipuzkoan (2011-2025) gobernatu zuen legegintzaldiaz aritu da buruzagi jeltzalea. Ortuzarren arabera, batzuek 2015era itzuli nahi dute “Gipuzkoak atzera egin dezan eta Eibar mailaz jaitsi dadin, baina ezin dugu onartu”. Zentzu horretan, buruzagi abertzaleak “Bilduk eta Podemosek osatzen duten ezkerreko euskal-espainiar ententearen” aurka egin du, “herritarrei faltsukeriak eta milongak kontatzen baitizkie helburu nagusia lortzeko: EAJ-PNV kanporatzea eta Gipuzkoa esperimentuak egiteko laborategi bihurtzea. Baina esperimentuak, gaseosarekin eta ez jendearen ongizatearekin”.
Azkenik, Ortuzarrek azken legegintzaldian Eibarren gertatutakoaz ohartarazi du; izan ere, “PSEk, gurekin gobernatzeko ahalegina egin beharrean, Bildu nahiago izan du aurrekontuak ixteko”. Burukide jeltzalearen arabera, sozialistek estrategia hori Gipuzkoako beste toki batzuetara zabaltzeko tentazioa izan dezakete: “Bakoitzak badaki non dagoen eta non egon nahi duen, baina politikan ez dago nonahikotasunaren dohainik. Ezin da aldi berean bi lekutan egon. Putz egin eta zurrupatu, dena ezin da izan”, ohartarazi du.
Lehendakaria
Lehendakariak adierazi du “errepide sareko tunelak hobetzeko Europako Funtsetatik jaso diren 343 milioi euroetatik, zero euro iritsi dira Euskadira”. Eta gaineratu du, “Eusko Jaurlaritzak dagokiguna eskatuko” duela.
Azkenik, Urkulluk gogorarazi du “EAJ-PNV ereduak oinarri sendoak” dituela: “Hezkuntza, Ikerketa, Berrikuntza eta Industria” eta “Eibar, Gipuzkoa eta Euskadi zutabe horien aplikazioaren adibide” direla. “Oinarri industrial sendo batean finkatuta daude, ekintzailetzaren, inbertsioaren eta anbizioaren emaitza dira, eta hezkuntza-, zientzia-, teknologia- eta enpresa-gaitasunetan oinarritzen dira”, bukatu du.
Josu Mendikute
Azkenik, Josu Mendikute Eibarko alkategai jeltzaleak azpimarratu du Eibarrek “erakargarritasuna berreskuratu” behar duela. “Arazo zaharrak gainditzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko errezeta berriak aplikatzea tokatzen da. Erakargarritasuna berreskuratzeak hiria puntatik puntara jostea esan nahi du, non auzo guztiek osotasun bat osatzen duten. Lurzoru industriala garatzea esan nahi du, Eibarren jaiotzen diren enpresak Eibarren haz daitezen. Eta horrela, familien erosteko ahalmena berreskuratzea, kohesio sozialerako eta merkataritza bultzatzeko tresnarik onena delako”, nabarmendu du.
Hautagai jeltzalearen iritziz, “erakargarritasuna berreskuratzeak” zuhaitzak landatzea, lorategiak zaintzea, segurtasunaren alde lan egitea, kaleak hobeto garbitzea eta hiri-altzariak ondo mantentzea esan nahi du. Etxetik gertu zerbitzuak izatea esan nahi du, hala nola merkataritza eta aparkalekuak. Protagonismoa pertsonei eta hiriari itzultzea esan nahi du, hain harro sentitzen garen hiri horri. Erakargarritasuna berreskuratzea Eibar guztiz eibartar baten sinonimoa da, etorkizuna eraikitzeko nostalgia gainditzen duena”, azpimarratu du.