Ortuzarrek ziurtatu du Aburto, Artolazabal eta Goia direla “M-29ko goizean beren hiriak martxan jartzeko gaitasuna duten hautagai bakarrak”

Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak EAJ-PNVk Bilbo, Gasteiz eta Donostiako alkategai jeltzaleak aurkezteko hitzak esan ditu gaur goizean Nueva Economía Forumek eskaini duen gosarian

Ortuzarrek ziurtatu du Aburto, Artolazabal eta Goia direla “M-29ko goizean beren hiriak martxan jartzeko gaitasuna  duten hautagai bakarrak” 18Maiatzak
2023
2023 MaiatzaK 18 |
EBB

PARTEKATU

“EAJn, hiritargoari erakunde zehatz batzuetarako proposatuko dizkion pertsonengan pentsatzen dugunean, ez gara mugatzen hauteskunde egunean pentsatzera, baizik eta, batez ere, ondorengo egunean. Beste batzuek aukera izan dezakete marketin hutseko hautagaitzak aurkezteko. Guk ez, jakin dakigulako hauteskundeak igaro eta hurrengo egunean erakundeak martxan jartzeko ardura izango dugulako. Horregatik pentsatu behar dugu hautagai onak aukeratu behar ditugula, baina, batez ere, kudeatzaile onak, lehen minututik alkate onak izango direnak. Eta gaur esan dezaket Juan Mari Aburto, Beatriz Artolazabal eta Eneko Goia direla maiatzaren 29ko goizean bertan Bilbo, Gasteiz eta Donostia martxan jartzeko gaitasuna izango duten hautagai bakarrak”.

Esaldi honekin aurkeztu ditu Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, EAJ-PNVk EAEko hiru hiriburuetako alkatetzetarako aurkezten dituen hiru alkategaiak. Aburto, Artolazabal eta Goia gaur goizean izan dira Nueva Economía Fórum-Tribuna Euskadik Bilboko Ercilla Hotelean eskaini duen gosarian, bertan izan direla 300etik gora lagun. Ortuzarren esanetan, pertsona hauek ez dira Ercillara hurbildu “hautagairi entzutera, baizik eta gure hiriburuetako hurrengo alkate biei eta alkate andreari”.

“Esperientziadun hiru pertsona aurkezten ditugu. Hautagai hauek ez dira inprobisazio-ariketatik atera, ezta marketin estrategiatik ere, eta ez dira txistera batetik atera diren untxiak ere”, nabarmendu du Ortuzarrek. “EAJ eredua gorpuzten duten hautagaiak dira, hiru balore partekatzen dituztenak. Lehena, beren hiriarekin duten konpromisoa baina Herri ideia komun batekin; bigarrena, hirurek ibilbide profesional eta gaitasun kontrastatua egiaztatu dituzte, inork ere ez du bere CVa ezerezetik puztu; eta, hirugarrena, Bea, Juan Mari eta Eneko indarrez beteta daude, gogotsu eta ilusioz beteta daude beren hiriak eboluzio bidean jartzeko”, amaitu du.

Juan Mari Aburtok, EAJ-PNVren Bilboko alkategaiak bere hiru lehentasun nabarmendu ditu alkate gisa: “pertsonak, pertsona guztiak; auzoak,auzo guztiak, eta jarduera ekonomikoa eta enplegua, ekintzailetzarako, inbertsiorako, negoziorako eta enplegu duin eta kalitaterako aukerak bultzatuz”. “Urte hauetako oinarri sendotik abiatuta, Udalean, alderdi guztiekin, guztiekin, akordioak lehenetsi dira. Nik Bilboko alkatea izan nahi dut beste lau urtez. Hiri honen buru izan nahi dut, baina ez Gobernua-Oposizioa binomiotik, Gobernua-Lankidetza binomiotik baizik”, azpimarratu du Aburtok.

Beatriz Artolazabalek, Vitoria-Gasteizko alkatetzarako EAJ-PNVk aurkezten duen hautagaiak, ziurtatu du berarekin aurkezten den lantaldearen helburua dela “aldaketa lideratzea”, eta horretarako “asmo handiei eutsiko diegu alderdi ekonomikoan eta arlo pertsonalean, pertsonak kontuan hartuz, beren ongizatea eta bizi-kalitatea. Hori da Euskadiko hiribururako daukadan proiektu nagusia: bizitzeko, lan egiteko, gozatzeko eta inbestitzeko Gasteiz hiria finkatzea. Alderdi soziala sendotuko duen Gasteiz hiria, bere ekonomiari bultzada berria emango diona”. Alkategai jeltzaleak hiru erronka nagusi identifikatu ditu esparru ekonomiko eta industrialean, Gasteizko Udalean beteko duen lehen legealdira begira. “Lurzoru industrial eskuragarria handitzea eta egungo lurzoru industriala berroneratzea Betoñon eta Gamarran; industria finkatzea eta sektore berrien aldeko apustua egitea; eta zerbitzu onak eskainiko dituen hiria izatea, talentua erakarriko dutenak”, zehaztu du.

Eneko Goiak, EAJ-PNVk Donostiako alkatetzarako aurkezten duen alkategaiak aditzera eman duenez, “errezeta errazetik urrun, egunotan entzuten ari garen formula miragarrietatik urrun, gure eredua da azken zortzi urteotan aplikatu izan dugun berbera”. “Hiri oparoa bagara, enplegua eta aukerak eta kualifikazio handiko enpresei lotutako lanpostu kualifikatuak sortzeko gaitasuna badugu, gazteek Donostian lan egin ahal izango dute, Donostian bizi eta Donostian gozatu ahal izango dute”. Goiaren aburuz horixe bera egongo da jokoan maiatzaren 28an, egun horretan donostiarrek “berebiziko aukeraketa egin beharko baitute hiriaren etorkizunerako” .“Aurrera egiten jarraitzea eta elkarrekin gure Donostia maitea aurrerabidearen bidetik eramaten jarraitzea edo iraganera itzultzea, lau urteko paralisi eta blokeora eraman gintuzten iraganeko errezetetara itzultzea”. “Konbentzituta nago”, amaitu du alkate eta hautagai jeltzaleak, “donostiarrek egingo dutela hiri honek betidanik eta bere historia osoan egin izan duena: aurrera egiten jarraitzea, beti aurrera, eta ez atzera”.

Interesatu Zaitez