Hautagai jeltzaleak enpresa berriak erakartzearen alde egin du, hirian enplegua eta aberastasuna sortzeko
Donostiako alkate eta berrautaketarako EAJ-PNVren hautagai Eneko Goia Lasok Eskusaitzetako industrialdea osatzea lehenetsi du hurrengo legealdirako, baita Donostiaren enplegua eta aberastasuna sortzeko gaitasunari ekarpena egingo dioten enpresa berriak ezartzea ere. Horretarako, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiarekin elkarlanean, behar diren neurriak sustatuko ditu Eskusaitzetako industrialdea osatzeko eta industria sektorean enplegua eta aberastasuna sortuko duten inbertsio berriak erakartzeko.
Goiak Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburu Arantza Tapiarekin Zubietan dagoen Eskusaitzeta industrialdera bisita egin du. Eta bertan, honakoa esan du: “Industrialde hau Gipuzkoak duen zerbitzu eta lur industrialaren erreserba handiena da. Eta hiriak bere ekonomia-, industria- eta zerbitzu-jarduerak sendotzeko eta indartzeko duen apustu nagusiena da. Horretarako, honez gero Udalak 25 milioi euroko inbertsioa egin du bere urbanizazioan”.
Goiak adierazi du, Eskusaitzeta forma hartzen ari dela eta, dagoeneko, lehendabiziko enpresak hasi direla bertan lanean. Otis igogailuen enpresa, Supresu doitasun handiko mekanizatuen enpresa edo Gipuzkoako Farmazi Banatzailearen enpresa – Europako modernoenetako bat – hasi dira industrialde honetan lanean. Eta horiekin batera, Eskusaitzetak Naturklima Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioaren egoitza hartzen du, eta laster egun eraikitzen ari den Mubil Elektromugikortasun Poloaren egoitza hartuko du, hain zuzen ere, Gipuzkoako mugikortasun elektrikoaren arloko puntako hainbat enpresa erakarriko duen Mubil. Gainera, eremu honetan ere lurraldeko hondakinak balorizatzeko eta hondakinak tratatzeko gunea dago.
Horiek horrela, hautagai jeltzaleak segidakoa gaineratu du: “Eskusaitzetako industrialdea errealitate bat da. Dena den, lanean jarraitu behar dugu Donostian enpresa berriak euren jarduera ezartzeko. Horretarako, Udala, Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzako Sprilur erakundearekin elkarlanean, lan handia egiten ari da libre gelditzen diren lur-sailak komertzializatzeko”. Ildo beretik, nabarmendu du, enpresa askok Eskusaitzetan euren jarduera burutu nahi dutela kokapena, loturak eta industria-inguruan eta aukerak sortzeko ematen duen gaitasuna direla-eta, industria eta kalitatezko zerbitzuen inguruan.
Hortaz, gogorarazi du, Biotech Foods enpresa bere lehen fabrika eraikitzen ari dela Eskusaitzetan, hain zuzen ere, jarduera berritzailea, hazteko etorkizun oparoa eta lanpostuak sortuko dituen enpresa.
Horren harian, Goiak honakoa babestu du: “Donostiak hainbat ildotan hazkunde iraunkor baten alde egin behar du, izan ere, lurraldearen hiriburua den heinean zerbitzuak dira bere zutabeetako bat, baita formazioa edo kualifikatutako ikerketa ere. Donostia ere industria da eta nazioartean erreferente diren enpresak daude, hain zuzen ere, hirian hazteko edo berritzeko baldintza onenak izan behar dituzten enpresak”.
EAJ-PNVren alkategaiak esan du, hurrengo legealdian amaituko dela Eskusaitzetaren garapena, eta azken lur-sailen komertzializazioa egingo dela.
Horrenbestez, segidakoa azpimarratu du: “2027rako Eskusaitzetak bete-betan jardun behar du, Donostialdearen eta inguruko eskualdeen jarduera, fakturazio eta lanpostu gehien eskaintzen dituen industrialde nagusiena izan dadin”.