EAJ-PNVk ekintzak eta proiektu zehatzak iragarri ditu “Bilbo eta Bizkaia elebidunak” lortzeko

Juan Mari Aburtok nabarmendu duenez “euskarak berezi egiten gaitu mundu zabalean” eta Ana Otaduik iragarri du arlo zabaletan eragina izango duten jarduera planak eta ekintzak abian jarriko direla, lurraldean euskararen normalizaziorako lehenetsi beharreko esparruetan

EAJ-PNVk ekintzak eta proiektu zehatzak iragarri ditu “Bilbo eta Bizkaia elebidunak” lortzeko 16Maiatzak
2023
2023 MaiatzaK 16 |
Bilbo
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

"Euskara munduan bakarrak egiten gaituen aberaste kultural eta sozialerako tresna da”, esan du Juan Mari Aburto Bilboko alkatetzarako hautagai jeltzaleak: “Euskara gure nortasunaren ezaugarri nagusietakoa da. Jatorriekin lotu eta kokapen berezi-berezia ematen digu gero eta globalizatuago dagoen mundu honetan”, gaineratu du. Gaur goizean Bilboko Plaza Barrian eta Euskaltzaindiaren egoitzaren aurrean, EAJ-PNVren Bilboko eta Bizkaiko ordezkariak elkarrekin agertu dira “Bilbo eta Bizkaia elebidunaren alde”. Berrautaketara aurkezten den alkategaia Ana Otaduirekin izan da gaur, Batzar Nagusietarako Bilboko barrutiko zerrendaburu eta EAJ-PNVk Bizkaiko Parlamenturako aurkezten duen presidentegaiarekin. Otaduik aurreratu duenez, lurralde mailan “eragin zabala izango duten jarduera plan eta ekintzak sustatuko ditugu euskararen normalizaziorako lehenetsi beharreko arloetan”.

Alkatetzarako hautagai jeltzaleak aurrerapausoak ematen jarraitzearen aldeko konpromisoa berretsi du, “Bilbo tradizional eta abangoardista honek, tokiko zein nazioarteko Bilbo honek, Europa osoan aitortutako bitxirik preziagarrienetakoa babestu, sustatu eta zabal dezan: euskara”. Datozen lau urteetarako, EAJ-PNVren Bilboko hautagaitzak bi erronka nagusi zehaztu ditu: hirian euskararen erabilera soziala indartzea eta euskararen erabilera sustatzea Udalaren barruko komunikazio-hizkuntza bezala, hizkuntza bera bultzatzeko, eta Administrazioarekin euskaraz jardun nahi duten herritarrei kalitatezko zerbitzuak emateko.

Euskararen erabilera indartu eta zabaltzeko, Aburtok ziurtatu du "modu koordinatua lan egingo” duela Udalaren lidergotik hiriko eragile sozial, kultural eta ekonomikoekin. Jendaurreko ekitaldi honetan, Alkate eta berraukeratua izateko hautagaiak beren-beregi nabarmendu ditu hurrengo ekitaldian garatuko dituzten ekimenak: Bilboko Euskararen Aholku Batzordea indartzea, euskara sustatzen duten tokiko eragileekiko etengabeko koordinazioa eta babesa, Bilboko Euskaltegietan matrikulazioa sustatzeko kanpainak, euskararen aldeko gizarte, erakunde zein parte-hartze bidezko ekimenetan modu aktiboan parte hartzea, euskarazko kultur adierazpideak (antzerkia, musika, literatura,…) sustatzea, euskara saltokietan, ostalaritzan, kirolean, aisialdian eta hiriko bestelako esparru eta dinamika sozialetan sustatzeko kanpainak eta programak bultzatzea, eta udal zerbitzuek erabiltzen dituzten app, web eta tresna teknologikoetan euskararen erabilera indartzea.

BIZKAIAN EUSKARA SUSTATZEA ETA INDARTZEA

Ana Otaduik aurreratu duenez “euskararen normalizaziorako lehenetsi beharreko esparruetan sustatuko ditugu jarduera planak eta ekintzak. Nazioarte mailan erreferente jotzen diren gazte euskaldunen sarea sortu eta dinamizatuko dugu”. Zentzu honetan aditzera eman duenez “euskararen erabilera horren indartsu ez dagoen eskualdeetan, enpresek eta entitateek era guztietako programetan parte hartzea sustatuko dugu, bakoitzak bere eragin esparruan euskararen erabilera susta dezan”.

Batzar Nagusietarako presidentegaiak ildo beretik gaineratu duenez “EAJ-PNV ahalegina egiten ari da euskara eta euskararen munduak etorkinengana hurreratzeko, beren enpatia eta garapen pertsonal eta soziala ahalbidetuz”. Halaber “euskarazko kulturaren sorkuntza sustatu eta prestigiatuko dugu, sorkuntza hori delako gure lurraldearen nortasunaren adierazle bikaina”. Azken finean “Bilbo eta Bizkaia euskaldunak nahi ditugu eta, denon artean, gure hizkuntza, euskara, sustatzea eta indartzea lortuko dugu”.

Interesatu Zaitez