Ortuzar: “Ez da gauza bera bozkatzea edo ez bozkatzea; ez da gauza bera eredu bat edo bestea”

EBBren presidenteak Gernikan ohartarazi du “besaulkian itsatsita geratuta, herriak aire eta pertsona berriak behar dituela ikusi ezinik” dabiltzanen kontra, eta adierazi du aldaketek “txarrera eta atzerantz” eraman gaitzaketela, Gipuzkoan 2011n EH Bildurekin gertatu zen bezala

Ortuzar: “Ez da gauza bera bozkatzea edo ez bozkatzea; ez da gauza bera eredu bat edo bestea” 14Maiatzak
2023
2023 MaiatzaK 14 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Aitor Esteban moduko abertzale batek Madrilen egiten duen lanari esker, eta Kongresuko eta Senatuko Euskal Talde osoak egin duen lanari esker, Urdaibaiko Guggenheim Museoa egiteko hitzarmena errealitate bat da. Horretarako balio du EAJko kide izateak: sare-lana egiteko, elkarren eskutik aurrea egiteko. Gero esan dezatela berdina dela batzuen edo besteen alde bozkatzea, edo bozkatzea edo ez bozkatzea gauza bera dela… Ez, ez da gauza bera. Ez da gauza bera bozkatzea edo ez bozkatzea. Ez da gauza bera alderdi bat edo bestea. Ez da gauza bera eredu bat edo bestea. Ez gaitezen nahastu. Pentsa genezake gure ongizatea zerutik datorrela, betiko izango dela, ezer ez dela txarrerako aldatuko… baina txarrerako aldaketak egon badaude. Bizi-kalitatean eta erakundeak kudeatzeko eran. Atzo bertan esan genuen Laudion, eta Gipuzkoako adibidea ere hor dago. Zer gertatu zen Bilduk gobernatu zuenean? Aldaketa iritsi zela, bai, baina aldaketa txarrera, atzerantz, karramarroa bezala”. Horixe izan da Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek Gernikako Merkatu Plazan gaur batu diren EAJ-PNVko alderdikide eta alderdizale ugariei luzatu nahi izan dien mezu nagusiena. Ekitaldi berean hitza hartu dute Foru Hiribilduko alkategai jeltzale Xabier Irazabalek eta Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagai Elixabete Etxanobek. Hautagai andreak nabarmendu duenez, Guggenheim Urdaibai “bai ala bai, egingo dugu” eta EAJ-PNVk proiektu hori finantzatzeko Estatuari 40 milioi euroko ekarpena egiteko duen gaitasunari balioa eman dio. “Konpromiso hori ona da Gernikarako, Urdaibairako, Bizkairako eta Euskadirako”, laburbildu du.

Ortuzarrek ziurtatu du EAJ-PNVren aburuz jardun politikoaren helburu nagusiena dela “jendeari zerbitzu ona ematea: entzutea eta beren nahiak errealitate egiteko modua zein izan daitekeen ikustea. Eta horretarako aukeratzen ditugu une bakoitzean lan hori ondoen egin dezaketenak. Politikan, eta herri karguetan bereziki, iristen jakin behar da, egoten jakin behar da eta joateko ordua iristen denean ere kargua uzten jakin behar da. Oso ondo jakin du hori Unai Rementeriak, hasieran esan baitzuen bere konpromisoa zortzi urterako izango zela… eta oraingo honetan erreleboa tokatzen zaigu. Elixabete dator orain, eta beste etapa bati heltzea tokatuko zaio… eta ondoren beste bat etorriko da. Karguak herritarren zerbitzura, eta ez jendea karguei eusteko. Badago horrela pentsatzen ez duenik. Batzuk ur beroarekin ere ez dira joaten. Besaulkian itsatsita geratzen dira eta ez dira gai beren denbora igaro dela ikusteko; beren herriak, beren erakundeak aire eta pertsona berriak behar dituztela”, ziurtatu du EBBren buruak Urdaibaiko Guggenheim Museoa egiteko, jeltzaleek prestatu duten proiektuaren onurez Espainiako Gobernua konbentzitzeko Rementeriak, Estebanek eta Ortuzarrek berak egin zuten sare-lana azaldu baino lehen.

Elixabete Etxanobe, Bizkaiko ahaldun nagusigaia, irmo mintzatu da: “Guggenheim Urdaibai, bai ala bai, egingo da”. “Artea eta natura integratuko ditugu inguruneari balioa emango dion eta jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sortzea ahalbidetuko duen museo batekin”, azaldu du. Ildo horretan, nabarmendu du EAJ-PNVk Estatuaren konpromisoa landu duela “Guggenheim Urdaibai finantzatzeko 40 milioi euro jartzeko; hitzarmena ixtear gaude diru hori Euskadira etor dadin. Gernikarako, Urdaibairako, Bizkairako eta Euskadirako ona den proiektua garatzeko. Guggenheim Gernikan kultura da, ingurumenaren babesa da eta enplegua da”, laburbildu du.

Gaur arratsaldeko mitin jendetsuan Xabier Irazabal alkategai gernikarrak ere hitz egin du, eta EAJ-PNVk Gernikako hautesleen konfiantza berreskuratuko duela aurreratu du. “Konfiantza hori ekintzekin, lanarekin eta seriotasunarekin itzuliko diogu, jendeak EAJ-PNVri botoa ematea merezi duela esan dezan. Gernikak ezin du paralisian eta pertsonalismoan ainguratuta jarraitu; Gernika-Lumok erakundeen arteko lankidetzatik proiektu berriak posible egingo dituen etapa berri bat hastea merezi du”, adierazi du.

Interesatu Zaitez