Hainbat akuarelen bidez Donostiako alkate eta berrautaketarako hautagaiak hiriarentzat proposatzen dituen proiektu estrategikoak erakutsi ditu
Donostiako alkate eta berrautaketarako EAJ-PNVren hautagai Eneko Goia Lasok hirirako dituen hainbat proiektu estrategiko partekatu ditu. Eta horretarako akuarela sorta bat prestatu du, hain zuzen ere, “eraiki nahi dugun Donostia ordezkatzen duten akuarelak”.
Etorkizuneko Donostia marrazten izenburupean, Eneko Goiak hiritarrei erakutsi nahi die proiektu argia eta sendoa duela, aurrera egiteko proiektua, eta beti jarrera konstruktibo batekin.
Aurkezpenean Goiak honakoa azpimarratu du: “Gaur Donostia berriaren proiektuak aurkeztu ditugu, hain zuzen ere, aukeren hiria, abangoardiakoa, aurrera egiten duena inor atzean utzi gabe. Ekimenak hiriko gizarte-, kultura- eta ekonomia-eragile nagusiekin landuta daude, eta horiei esker Donostia Europan parerik izango ez duen hiria izango da; bizitzeko, lan egiteko eta elkarrekin gozatzeko.
Akuarelek Donostiaren etorkizuna marrazten dute, hain zuzen ere, topoaren lanen amaierarekin sortuko den Donostia, oinezkoak protagonista izango diren gune publikoa eraldatuko duena; Urumeako ibarraren ardatza sendotuko duena; etxebizitza gehiago sortuko duena; edo zientzia eta ezagutzaren hiri bezala sendotuko duena. Horiei guztiei esker, Eneko Goiaren hitzetan, “herentzian jaso dugun Donostia mantentzeko eta hobetzeko aukera dugu, izan ere, gure konpromisoa da etorkizuneko belaunaldiei hiri hobeagoa uztea”.
Irudi bakoitzak Eneko Goiak dituen hurrengo legealdirako ardatz estrategiko bakoitzarekin lotura duen proiektu bat ordezkatzen du. Hortaz, Artzain Onaren plaza berria, Urumeako birsorkuntza, Tabakalerako parke berria edo Miramongo Teknologia Parkea handitzeko proiektuek osatzen dute Goiak irudikatzen duen etorkizuneko Donostia.
Horiek horrela, Goiak honakoa nabarmendu du: “Marrazten dugun Donostia pertsonekin atseginagoa da, berdeagoa, jasangarriagoa. Etxebizitza gehiago eskaintzen dituen hiria, baita ekipamendu gehiago ere. Eta gainera hiri segurua, inklusiboa eta solidarioa da, bizitza osorako proiektuak sustatzen dituena. Zientzia eta ezagutzaren hiria, ekintzailea, aurrera egiten duena, eta talentua eta aukerak sortzen dituena. Hiri erakargarria, sortzailea, kultura eta kirolarekin lotura zuzena duena, ilusioa pizten duena. Azken finean, Europan parerik ez duen hiria; bizitzeko, lan egiteko eta elkarrekin gozatzeko”.
Etorkizuneko proiektuak
Donostiako alkate eta berrautaketarako EAJ-PNVren hautagaiak aurkezpena egin du Araba parkean, hain zuzen ere, erdialdean beste gune berde handi bat sortzeko proposatzen duen lekuan: “Izan ere, Topoaren igarobideari esker, Easoko trenbideen eremua hiriarentzat irabaziko dugu, eta horri esker, ingurua hobetzeko aukera izango dugu, gune berde handiagoak sortuz, etxebizitza gehiago eginez, eta ekipamendu berriak sortuz, besteak beste, Kontserbatoriorako ekipamendua.
Artzai Onaren plazan ere donostiarrentzako eremu atseginagoak eta seguruagoak sortzeko aukera egongo da.ortaz, plaza handi bat sortuko da, hain zuzen ere, erdialdeko oinezkoentzako eremuarekin lotura izango duen plaza, inguruaren eta bertako auzotarren bizi-kalitatea hobetuz.
Donostiarren bizi kalitatea sendotu ahal izango da oinezkoentzako zein bizikletentzako bide berrien sorrerarekin. Horren harian, Eneko Goiak segidakoa esan du: “Bide horiek gure kultura-ondarearekin, zein ondare artistikoarekin eta naturarekin gozatzeko aukera emango digute. Chillida Bidea eta BideBerdeak izeneko ibilbide horiek, besteak beste, hiriaren eraldaketa sustatzeko balioko dute. Izan ere, alde batetik, kultura-ondarea goratzeko balioko dute, eta bestetik, balioan jartzeko hiritarrentzat gozatzeko eta atseden hartzeko parke eta eremu berdeak.
Trenbideen azpiegituren eraldaketak sortuko duen beste eremu bat Tabakaleraren aurrean sortuko den parkea da. Trenbideen gainean sortuko den topaketa eta aisialdi eremua izango da, Tabakalera Urumearekin lotuko duena. Horiek horrela, Eneko Goiak honakoa azpimarratu du: “Eremu honetan artea eta natura elkartuko dira eta hiriaren giltzarri izango da”.
Urumeari buruz, Goiak nabarmendu du ardatz garrantzitsu honen birsorkuntza. Izan ere, erdigune berri bat sortuko da, Donostiarrek duten kezka nagusienetako bati erantzuna ematen jarraitzeko etxebizitza berriak egingo dira. Eta honakoa gaineratu du: “EAJ-PNVren elkarlana eta kudeaketari esker Donostiak Loiolako Kuartelen eremua berreskuratu du eta, bertan, 1700 etxebizitza sortuko dira, hain zuzen ere, Lorategi Hirian eraikitzen ari diren 292 etxebizitzei, eta Martutenen eta Urumearen Ibarran eraikiko diren 359ri gehituko zaizkion etxebizitzak”.
Urumean sortuko diren etxebizitzez gain, Infernuan, Igaran edo Jolastokieta eremuetan ere garapen berriak egingo dira, eta horiei esker guztira 4.000 etxebizitza berri sustatuko dira. Helburua da, donostiarrek euren bizitza proiektua hirian egiten jarraitzea.
Bestalde, ordenagailu kuantikoaren iritsiera – gogoan izan munduan horrelako sei bakarrik daudela – eta Miramongo Teknologia Parkea handitzea beste bi proiektu giltzarri izango dira Donostiako ekonomiaren garapenerako. Horren harian, Goiak gogorarazi du, Donostian 6.000 pertsonak lan egiten dutela ikerketan, eta beraz, mila biztanleko 30 ikertzaile daudela.
“Europan hiri lehiakorra izaten jarraitu nahi dugu, aurrera egiten duen hiria, asmo handikoa, eta horretarako Miramongo Teknologia Parkea Illunberantz zein Galarretarantz zabaltzea, eta Eskusaitzetako industrialdean jarduera erakartzea ezinbestekoak dira langabezia tasa txikiena duen hiriburua izaten jarraitzeko” esan du.
Horrenbestez, aipatutako proiektu horiek guztiak, hain zuzen ere, etorkizuneko Donostia posible egingo duten proiektuak, gaur aurkeztutako akuareletan irudikatuta daude eta Eneko Goiak berak kontatutako hainbat bideotan ezagutzeko aukera egongo da.