Andoni Ortuzarrek Laudiotik mezu argia zabaldu nahi izan die Aiarari eta Araba osoari: “EAJ gogotsu dabil, indartsu, ilusioz beteta, ideiekin eta jenderik prestatuenarekin, aurrera egiten jarraitzeko, daukaguna bermatzeko eta hobetzeko”
“Laudio, Aiara eta Arabako herritargoak jakin dezala hemen daukala EAJ, gogotsu, indartsu, ilusioz beteta, ideiekin eta jenderik prestatuenarekin aurrera egiten jarraitzeko, daukaguna bermatzeko eta hobetzeko. Herri indartsua, batua eta aurrerakoia izaten jarraitzeko. Guk guztiok bide horretatik jarraitu nahi dugulako: daukaguna hobetu, eraiki den horretan aurrera egin, herritar guztiontzako ongizatea bermatu. Beste batzuk daude aldaketa aldarrikatzen dutenak. Baina aldaketa, zertara? Txarrera? Atzerantz eramango gintuzkeen aldaketa? Atzera egitera eramango gintuzkeena? Atzera egiteko aldaketaren aurrean, berriz ere gatazkara itzultzearen, krispaziora eta inposaketa itzultzearen aurrean, guk aurrera”. Hauxe izan da Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak gaur Laudioko Alberto Acero Plazatik zabaldu nahi izan duen mezu nagusia EAJ-PNVk egin duen ekitaldi politikoan. Bertan ondoan izan ditu eta ekitaldian parte hartu dute Ander Añibarro Laudioko alkate eta alkategaiak, Ahaldun Nagusi eta berraukeraketara aurkezten den hautagai Ramiro Gonzálezek eta Arabako Batzar Nagusietarako hautagai jeltzale Irma Basterrak .
Ortuzarrek bere diskurtsoaren zati handi bat dedikatu du maiatzaren 28an bozkatzera joateak daukan garrantzia azpimarratzera. “Lehengo egunean irratian entzun nituen pertsona batzuek etxean geratzea arrazoitzeko azaltzen zituzten argudioak. ‘Dena eginda dago jada, berdin dio bozkatzea zein ez… Denak dira berdinak…’. Bada, ez da egia dena eginda dagoela eta denak ez gara berdinak”, ziurtatu du jeltzaleen buruak. “Laudioko adibidea daukagu hemen. Hemen igaro gara Bilduren gobernua izatetik EAJren gobernua izatera. Egunetik gauera igarotzea bezalakoa izan da. Desgobernua nagusi izan den zortzi urteen buruan, geldirik zegoen eta ezer egiten ez zuen udaletik, auzoak bertan behera utzita zituen udal batetik, industriaren eta enplegu-sorkuntzaren kontra zegoen udalaren ondoren; Ander eta bere lantaldea iritsi ziren, eta gauzak asko aldatu dira, eta hobera. Bildurekin zegoen jarrera ilun eta itxiaren aurrean, gaur irribarrea da nagusi eta ateak zabalik daude Udaletxean, proiektuak izateaz gain. Beraz, ez da gauza bera bat edo bestea bozkatzea”, ziurtatu du. Eta horixe dago jokoan maiatzaren 28an. “Ondo gobernatutako Udal eta Aldundiak… edo berriro ere gatazkara eta agintekeriara itzultzea. Asko dago jokoan. Jokoan ditugu denon artean eraikitzea lortu ditugun aurrerabidea eta ongizatea: kalitatezko zerbitzu publikoak, bidezko zerga batzuk ondo banatuko direnak, inor atzean ez uzteko laguntza sozialak, garraio publikoa, gure kulturaren eta euskararen sustapena… Hori dena daukagu mahai gainean”, amaitu du Ortuzarrek.
Bestalde, Ramiro González Diputatu Nagusiak Aiarako Planaren balioa azpimarratu du, zeinaren barruan 41 milioi euroko inbertsioa egiteko konpromisoa jasotzen baita. “Plan honekin, etorkizun ekonomikoa bultzatuko dugu, dagoeneko lehen urratsak ematen ari den Aiara Industrial Laben edo eskualdea beira-sektorean lurralde estrategiko gisa kokatuko duen Laudio Glass Hub ekimenaren bidez”, zehaztu du. Gonzálezen esanetan, plan honekin“bat egiten dugu Aiara maite dugunok, eta Euzko Alderdi Jeltzalearen oniritzia jaso du”. Nekazaritza-enpresen haztegi bat sortzea, Txakolinaren Ibilbidea garatzea, ondarea berreskuratzea, prestakuntza-maila berriak, gizarte-baliabide berriak edo auzo kalteberak berroneratzea egitasmoan hitzematen diren jarduera batzuk besterik ez dira. “Aiarak asko du jokoan hilaren 28an. Bere etorkizuna dago jokoan eta, horregatik, une erabakigarrian gaude, eta kanpaina honetan mobilizazioa funtsezkoa izango da. Bailara honetarako proiektuak aurrera ateratzeko gaitasunaren arabera etorriko dira hurrengo hamarkadak. Aukeratu beharra dago: Aiarako industriaren sendotasuna, garapena, inbertsioa eta enplegu-sorkuntza… edo pintadak eta pankartak”, azpimarratu du Ramiro Gonzálezek.
Laudioko alkate eta alkategai Ander Añibarrok anfitrioiarena egin du gaurko ekitaldian. “Esan eta egin”, esan du bere diskurtsoan, eta jarraian ziurtatu du udal gobernu talde jeltzaleak bete egin duela legealdi hasieran hitzeman zen programaren %90a. Añibarrok zehaztu ditu hurrengo lau urteotan garatu nahi dituen 100 ekimenetako batzuk “ilusioz beteta egingo dugu taldeak eta nik neuk, Laudio eraman dezagun merezi duen mailara”.
Batzar Nagusietako presidenterako hautagai Irma Basterrak bere aldetik ziurtatu duenez, “dakidan moduan lan egingo dut gure herrialdea izan dadin eskubideak eta askatasunak errespetatuko diren tokia, sentsibilitate politiko eta sozial guztietan elkarrizketa eta elkarren arteko ulermena sustatuz, baina era berean, eskualde honen ordezkari naizen aldetik, Aiarako herritarren interesak defendatuko ditut”. “Euzko Alderdi Jeltzalea bozkatzea da”, amaitu du, “Udaletan, Kuadrillan, Aldundian eta Batzar Nagusietan ahotsa izatea, denoi eragiten diguten erabakiak hartzen diren lekuetan . EAJ-PNV bozkatzea da konpromisoa, baloreak, esperientzia, zorroztasuna, kudeaketa eta berrikuntza bozkatzea, baina baita ilusioaren eta konfiantzaren alde egitea ere”.